Erreka-Munto
Portuko errekaren ondoan bidez goiti aldapan, edo munto, noski, garai bateko leku izena dela Erreka Munto ez dago buru hausten ibili beharrik. Mendiaren kontra ezkerretik lehen “asto bidea” baino areago ez zen bide sastar bat omen.
Iberduerok Ihartza-gainean bere zentrala eraiki zuenean eta berebat Guardia Zibilen kuartela eraikitzean txukundu omen zen bidea. Alabaina, bide bazterreko zanga batere ez, zeren kuarteleko komunetako ur zikinak hortik joaten baitziren, bazterrak narrastuz. Orain, Portu auzoko ur zikinak oro kolektorera doaz.
Elias Zabaleta (72 urte) etxeko jaunak zera dio, hamaika konponketatxo egin diola etxeari urteak joan urteak etorri. Etxe koxkorra zen nonbait, ukuilua behean, bizilekua goian.
Simon Ibarrolaburu (ez izenez “Mataburros”), gizon azkar eta lerdena, bizi omen zen aurrez Maria bere emazte eta seme-alabekin Erreka-Munto baserrian. Gaur egun Portu auzoko etxeak kokatzen diren lurzoru hori guztia berea zuen, agidanez.
Bestetik, oroitzen da mutikoa zela Simon honek orduan kobrezkoak ziren txanponak hortzekin nola hausten edo erdibitzen zituen.
Gogoan du baita ere, kuartela eraikitzerakoan, frankismoaren garaian, jakina, izan ziren gorabeherak. Ihartza hegal horien lurjabe zenak bertan etxeak eraikitzeko baimena eskatzen Udalari, eta Udalak, ordainez, kuartela eraikitzeko lurra jabeari. Kuartela eraiki bai baina etxerik ez, tarte horretan lurren jabea hil egin baitzen.
Harriturik bezala kontatzen dit Elias nire solaskideak, guardia zibilak hortik irten aurreko lauzpabost hilabete lehenago erabat berritu omen kuartela (tuberiak, sukaldeak, bainugelak...).
Kuartela hustu zelarik “okupa” jendeak hartu zuen eraikuntza. Udalak jende hau kanpora atera eta luzaro gabe erauzi zuen (95. urtean), ia kuartelaren aztarnarik ere gelditu ez delarik.