Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Egaña-Enea

 

      Buruhauste handirik gabe aurki daiteke beraren esanahia: hegi/gain bi hitz hauen konposaketaren ondorio da Egaña. Hegiak hegal edota ertza adierazi nahi du, esaterako aski ezaguna da Euskal Herrian Lapurdi Itsas-hegia (kostaldea).

      Portutik Errotaberri eta Urnietarako bidearen ertzean ezkerrera, parean eskuinetik Egaña-Txiki edo “Sutegi-Zahar” daukalarik. Iduri du Egaña-Enea lehenik eta Egaña-Txiki gero eraikiak direla, baina ez da horrela, alderantziz baizik. Izenaren mailegu kontua baino ez dago hor, agidanez.

      Etxe dotore eta tentea izango zen duda-mudarik ez dago. Aski zaharkiturik dago egun, itxuraz bederen. Berritzeko asmotan daude barrutik eta teilatua bereziki. Eta mereziko luke pixka bat txukuntzea horrelako etxe batek. Harriz egina, harlanduzko kantoiak eta leiho ertzak, ikusgarria izango zen bere garaian, esan beharrik.

      “Amona Kattalin”, hau da, Rosario nire solaskidearen, birramona, Hernialdekoa zen izatez, handik hiru alaba (Maria, Josepa eta Ixabel) berekin zituela etorria.

      Maria Irisarri Arsuaga, zaharrena, denborarekin, ezkonduta gelditu zen etxerako Egaña-Enea baserrian. Migel Mari Otegi jaiotzez Itsasondokoa senartzat hartu eta bost alaba hauek izan zituzten: Antoni, Iñaxi, Manoli, Ixabel eta Tere. Hauetarik, berriz, Manoli etxerako, Kornelio Roteta Iztuetarekin, Alkizarra hau, ezkondu eta seme-alaba hauek izan zituztelarik: Maria Antonia, Migel Mari eta Joxe Jabier.

      Gaur egun, gurasoak aspalditxo hil zirenez, bi semeak eta Iñaxi, Ixabel eta Tere hiru izebak bizi dira bertan. Izeba hauek aski merezimendu badute entzunik dudanez, zeren eta Mandazubiko Anttoni ahizparen lau haurrak (zaharrenak 7 urte, ama 35 urte zituela hil zelarik) eta berebat etxeko Manoli ahizparen hiru haurrak, guztira zazpi, berek hazi eta hezi baitituzte.

      Bospasei behi, zekorrak, zerri bat edo beste, beti izan dituzte. Baratze on bat ere bai eta soro lana (artoa eta babarruna eta patata...). Idirik ez da izan Egaña-Enean. Uztarrian ere behiak. Lur gizenak zituzten seinalea da hau (erreka ondo eta ibar lurrak). Dolare koxkor bat ere beti izan dute. Garai batean eskuak eta oinak ongi dantzatuz sagarra jotzen zutela.

      Oroitzapen berezia dauka Rosariok “Malakate” deitu astoa lotzen zuteneko txokoaz. Amona Bretxako plazara egunero astoa hartu eta tranbian. Amona lul zenean, Ixabel alabak hartu zuen erreleboa, oraino ilobarekin (furgonetan) jarraitzen duelarik. Aldi berean, beronen ahizpa Joxepa Hernanira joaten zen astoa portalez kanpoan lotu eta marmita eta txantxila harturik hartzaileei esnea banatzera. Orain, esne freskoa saltzea galarazi zutelarik, alde batetik barazkiak eta bestetik haragia dituzte ekoizpen nagusi Egaña-Enea baserrian. Barazkiak eta garaian garaiko fruta ere denetarik izaten zuten eta (sagar, udare, piku, intxaur, gaztaina, mizpira edo gerezi). Jende saiatua nolanahi ere.