Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Marieluts Haundi

(desagertua)

 

      Ez zen nolanahiko etxea, agidanez, lehengo garaietan. Hamarrenak zerrendan ageri zaigu jada (1610) “Casa Marielus-andia” izenez eta “Marielus” Jauretxeen zerrendan (1625, Lope Isasti). Maria eta eluts (leku babesa, itzaltsua ere bai) dira izenaren osagaiak.

      Hernaniko Plaza Berritik atera eta Sorgintxulorako bidean, garai bateko tranbiaren bide ondoan, egungo Latsunbe-Karobieta auzoko etxe multzoa dagoen horretan zegoen Marieluts edo Marieluts Handi baserria, herriari so, babesgune batean eta inguruko soro zelai eta ordeka orlegiaren erdian. Etxe karratua, sarrera nagusia hegoaldera, uda partean mahatsondoak hormarik gehiena estaltzen ziola.

      Anastasio Muguruza eta Nikolasa Aranburu gurasoak eta Maria alaba bizi ziren Marieluts Handi baserrian. Gerora, ordea, Luxiano Barrenetxea Gillenea, Fraisoroko herri-haurra ekarri zuten, laguntza gisa edo. Honek papeleran eta baserrian egiten zuen lan, eta azkenaldian baserrian bakarrik.

      Hernaniko biztanleria gora, eta herriak lurrak behar zituela etxeak eraikitzeko eta, Marieluts botatzeko proiektua onartu zuen Udalak. Handik eta harat Maria Muguruza, bertako alabak ez zuen onik izan. Osasun arazo larriak jasan behar izan zituen, eta izugarri kosta zitzaion bere jaiotetxetik ateratzea. Esan behar da, etxea eraisteko egun berean, hau da, 1993ko urtarrilaren 11n atera zirela baserritik.

      Gertuko Buenos Aires auzoko kaletxe batean jarri zen bizitzen, baina esanik doa osasunak ez ziola lagundu eta handik laster zendu zen Marieluts baserriko Maria.

      Baserri txikia izaki, eta ezari-ezarian herrigunean geratu zenez, ez zuten etxetik inora joan beharrik izaten baratzeko nahiz arrautzak edo esnea saltzera. Etxera bertara etortzen ziren erosleak eta horrela moldatzen ziren.

      Bitxikeria modura, etxeko leihotik ateratzen zen zuhaitz bat omen zuen Marieluts baserriak.