Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Lizarraga

(desagertua)

 

      Ez du zailtasun handirik izenak. Lizarra ugari den lekua adierazten baitu. Ibarluze baserriaren aldamenean, garai batean “Entidad Epele”. Bi isuritako etxea, soila eta ez oso handia, garai batean bi bizitza izandakoa. Dolarea omen, astoarekin erabiltzen zen dolare haietako lehenengoa, berau zela diote.

      Hara, 1900. aldera etorri ziren Lizarragara Roxario Garaiar eta Zeledonia Rekalde Ugaldetxoko Urruzuno baserritik bi haur zituztela, baina orotara hamalau seme-alaba izan zituzten, batzuk ordea ttiki zirela hil ziren. Hona besteak: Maria, Lino, Benantxio, Nikolas, Manuela, Teresa, Serapio, Pako, Lorentxo, Periko eta Ixabel.

      Lino etxerako, Ariztegi baserritik Bidaurretara joandako Maria Otegi Ugarte hartu zuen emaztetzat eta zortzi seme-alaba izan: Joxe, Julian, Roxario, Benantxio (gazte-gazterik hila), Joana, Anjel, Manuel eta Mila. Anai-arreba gazteak ditut solaskide, eta amari entzuna, Lizarragara ezkondutakoan artean bertako seme gazteena komunioa egin gabea zela.

      Bat eta beste kanpoan lanean hasi eta ezkontzen joan ziren, eta alaba gaztea, Mila, artean ikasten ari zela atera behar izan zuten baserritik, Lastaola industrialdea eraikitzeko egitasmoaren aurrean. Lino eta Mariak Hernani alderako bidea hartu zuten, eta 1965 inguruan eraitsi zuten Lizarraga.

      Baserritik bizi izan ziren Lino eta Maria Lizarragan. Esnea oso ona izaten omen anaia zaharrenari entzuna dutenez. Suiza behiak baina holandesa arrazakoak ere bai, eta behin baino gehiagotan aritu omen ziren aita-semeak, baita Julian eta Manuel ere, bi anaiak alde banatan jarri eta behia jezten.

      “Joxe oso abere maitea zen eta ez zuen balio hauek domatzeko, hasieran sufriarazi egin behar baitzaie, eta ezin izaten zuen hori jasan; baina, iaioa benetan zuhaitz txertaketan. Sagarrondoen eta bestelakoen mentuak trukatu, txertatu eta saltzen zituen, bost pezetatan landare bakoitza”. Esan behar da aitak lan klase guztiak egiten erakusten ziela. Behiak jezten, esaterako, 9 urterekin ederki omen zekien Manuelek: “behin baino gehiagotan iluntzean Lizarragatik atera eta Bidaurretako izeba Joana alargunarengana behiak jeztera joandakoa”.

      Bigarrena, Julian, autobusetan hasi zen kobratzaile gisa Joan M. Perurenarekin. Honi erretiratzeko garaia iritsi zitzaionean, autobusa erosteko aukera eskaini zion. Baita hartu ere, eta 1947. urtean bi bidaia egiten zituen Donostiara, bata, goizeko 6:00etan eta eguerdiko 12:00etan bestea. Anaia Roxario ere honetan hasi zen. Hala, 1950ean kamioi baten chasis-a erosi eta Ford “Maria de la O” autobusa egin zuten. Handik eta harat, Anjel ere bertan hasi zen lanean, baita Manuel ere, 14 urterekin kobratzaile gisa eta ondo gogoan ditu orduko tarifak, marmitak eta xisterak. Esaterako, 70-100 marmita egunero, bakoitza 25 zentimo, saskiak 2 erreal, xisterak pezeta eta pertsonak 1,20 pezeta. Tranbia desagertutakoan, 1958an, jarri zuten autobus zerbitzua arratsaldez.

      Bien bitartean, Joxe baserrian, baina Lastaola industrialdeak lurrak murriztu eta fabrikan hasi zen lanean. Beti aire librean lanean ohitua izan nonbait eta ezin etsi 8 ordu han barruan. Hala, beste fabrika batzuk muntatutakoan, inguruko bazterrak, loreak eta gainontzekoak zaintzeko ardura eman zioten.

      Bada Sebastian Salaberriak idatzi eta “Ernaniko sagardozaleak” atalean nire ustez hemen aipatzea merezi duen pasartea:

      “Lastaola baserriko aitona Juan Martin Ugalde egun batez Lizarra baserrira sagardotegira etorri omen zan sagardoa edan asmoz; eta bertan pasa omen zituan zortzi egun, jan da lo, etxera joan gabe.

      Etzan nunbait jan da sagardoa edaten bakarrik jardun. Lagunartean musean ere bai saio ederrak noski. Egun batez oiloa ere jokatu omen zuan eta galtzea tokatu.

      Lizarra baserriko Joxe Garaiar, gaur irurogei ta hamalau urte dauzkan arren, garai artan mutil koskorra, eta aitona Juan Martiñek bialdu omen zuan bere etxera, Lastaola baserrira, esanez:

      —Josetxo, joan adi gure etxera, eta esaiok nere emazte Balentinari oilloa galdu dedala jokoan eta emateko etxean dan ederrena. Ala, joan omen zan Josetxo Garaiar mutil koskorra eta eman omen zion gertatu zanaren berri Lastaolako amonari, eta bereala oillorik ederrena il, lumatu eta txukun asko paperean bilduta jarri omen zion, eta:

      —Tori, Josetxo. Eraman zaiozu gaixo orrek nere senarrari. Abiatu omen zan Josetxo oilloa xestoan artuta, eta amonak bereala otsegin omen zion:

      —Josetxo, atoz pixka bat mesedez! Gure gizona zortzi egun auetan arroparik aldatu gabe egongo da eta eraman zaizkiozu garbiak” (125,126. orr.).

 

SETIEN Familia

      Joxe Setien eta Joxepa Antoni Setien (Ierola baserritik etorriak edo) omen ziren aiton-amonak. Hauen alaba Felizianak beste bizitzako Nikolas Garaiar Rekalde hartu zuen senartzat eta Oiartzunen jarri ziren bizitzen, eta seme bat izan, Joxe. Honetan, Felizianaren ama, Joxepa Anttoni hil eta 7 urteko ahizpa gaztea hartu zuten beraiekin. Gerra denbora izaki, Oiartzun bonbardatzen ari zirela eta, Larrazabal baserrira joan ziren. “Haiek omen ziren ibiliak -dio nire solaskide Anttonik- emaginik ez, ahizpa 7 urtekoa, 16 hilabeteko seme bat eta bestea bidean! eta hala, Maria jaio”.

      Handik eta harat, Lizarragan bizi zen aita, joxe Setien, nahiko bakarrik gelditu zela eta, baserrira itzuli ziren senar-emazteak bi seme-alabekin eta Anttoni jaio bertan. Aita hildakoan, Lizarragak lur sobera ez bi familientzako eta Usategieta baserrira joan ziren senar-emazte gazteak eta han egin zituzten lauzpabost urte. Beste bi seme-alaba izango zituzten, Mertxe eta Luis, baina hauek kalera etorritakoan, Hernanin jaio ziren, eta horra orotara bost seme-alaba: Joxe, Maria, Anttoni, Mertxe eta Luis.

      Bitarte horretan, ordea, bada kontatzekorik; esaterako, Nikolasi gerrara deitu zioten eta hara joan behar izan zuen bere kamioi eta guzti. Ezkonberria izaki, emaztea, seme bat eta bestea bidean utzita joan ere. Hala, denbora aurrera eta gerra bukatzen ez eta, anaia gaztea, Periko, kupiturik, boluntario presentatu zen anaia etxera etortzearen alde. Esan behar da honek bi hilabeteko alaba artean ezagutzeko zeukala. Esan eta egin, bat etxera eta bestea gerrara, baina Periko beste leku batera bidali zuten eta hobe hala izan zen. Egun gutxira, bonbardaketa bortitz baten ondorioz Nikolasen konpainiako soldadu gehienak eta han utziarazitako kamioia bertan garbitu baitziren.

      Baserri txikia agidanez, Nikolas gazterik hasi zen kamioiarekin lanean, Nafarroako erriberatik lastoa eta pentsua Hernaniko Oraienentzat garraiatzen. Ondoren, autobusetan hasi eta jardun zuen lanean.