Lastaola
(desagertua)
Nire solaskide Ramon etxeko semeak (63 urte) garaien batean burdinola izan ote zen errezeloa edo aditzera badu. Dokumentuetan ez da azaltzen horrelakorik. Lastoa eta ola ditu osagai segur aski izen honek. Edo lastoa gordetzeko lehorpea edota lastoz egin nahiz estalitako zerbait adieraziko luke. Dena den, “Lastola-Becoa” ageri zaigu “Nomenclator” zerrendan (1870) eta “Casa Lastola” Hamarrenak zerrendan (1610). Jendearen ahotan ere, Lastola, entzun ohi da gehienbat.
Goizuetarako errepidean Ibarluzeko, orain Kaminetxeko parean eskuinera jo, Makinetxe deitu zentraleko zubiaren gainetik barna Lepa Txiki aldera doan bidean ezkerrera aurkitzen zen Lastaola baserria, gaur desagertua dena. Baserri handia zen izatez, 300 m2 bai omen luze-zabalean. Bi isuritako baserri errektangeluarra, inolako eranskinik gabea eta bizidun guztiak (pertsona nahiz abere) bere barne besarkatzen zituena.
Hegoaldetik sarrera nagusia, sartu eta ezkerrera upelategia. Dolarerik ez zuen ezagutu, etxean noizbait izandako aztarrenak baziren arren, eta sagardotegi ere izana. Eskuinetik gorako eskailerak, majera aurrea ganadu jana edukitzeko, ukuilua gibelean eta saihetsetik ate handia simaurra ateratzeko. Oiloak eskailerapean.
Lehen solairuan, aldiz, etxebizitza, sukalde, sala eta bost gelarekin. Ganbara zabala ukuiluaren gainean artoa, babarruna, patata, gordesagarra... edukitzeko. Belar ondua eta azpigarriarentzat metak izaten zituzten etxe ondoan.
Aitona, Joan Martin Ugalde omen zen, Epele Torreko semea. Gurasoak, berriz, aita Joxe Ugalde Astarbe, etxeko semea, eta ama Iñaxi Astarbe Etxeberria, Epele Torreko alaba. Lehengusu ezkontza. Eta hauen seme-alabak: Jesus, Maria, Balentina eta Ramon.
Jesus, seme nagusia, gelditu zen etxean gurasoei lagunduz. Ezkondu, emazte Maritxu Urruzola Loinaz, Urnietako Elutseta baserriko alaba, eta bi alaba izan: Ana eta Jone. Gaur Jesus eta Maritxu, senar-emazteak Lanberri etxean bizi dira.
Baina Ramon anaia txikiena ere etxearen zati batean bizilekua antolaturik, ezkonduta Lastaolan bizitzen jarri zen. Emaztea Mari Karmen Retegi Retegi, Errenteriako Egiluze baserriko alaba, Asun, alaba bakarra izan zuten. Jakingarria hau ere, ezkonduta, hirukien ama dela Asun, hirurak biziki haur sanoak direlarik.
Baserrian hamar bat behi, zekorrak, behorra garraiorako bere orgarekin, zerri bat edo bi urtean, oiloak eta baratzea, baina ez handia. Garrantzi gehiago soro lanari, arto, babarrun, patata eta arbi. Lur samurrak, erribera lurrak.
“Esnea eta ahal zena hartuz, Ramonek hala dio, egunero Hernaniko plazara. Orain egongo ez litzatekeen bezala, lasai asko egon ohi zen gure behorra Hernaniko plaza nagusian”.
Jesus, seme zaharrena, gauza izaten hasi zenean, Zikuñagako papelerara joan zen lanera. Aita eta ama baserriari loturik izan ziren beti. “Baserriko lanaz aparte, aita oso artetsua zen, gurdi, lanabes, erlauntzak barne, aitak eginak ziren gure etxean. Hara, behorrarentzat bi orga genituen, egunero erabiltzeko bata, dotorea bestea, kolore desberdinez jantzia (gurpilak, kartolak...) emaztea eta haurrak hartuta igande arratsaldean batean edo bestean herrira joateko, eta... urtero San Roke egunez Aranora ere bai”.
Ramon, aldiz, seme gazteena, “zer ikusi hura ikasi”, 18 urtera arte gurasoekin baserrian ari izan zen. Orduan zurgintza lantegi batera (Imaz) eta Erlo lantegira gero eta handik baserri zaharreko bazter batean altzarigintzari ekin zion. Bidea urratu ahala, Jesus anaia zaharrena, fabrikatik irten, eta bi anaiek, serioski heldu zioten altzarigintzari. Gaur egun Lastaolako lurretan “Ugalde sukaldeak” deitu lantegia daukagu abian, baserria betikoz itzali zelarik.
Eskola, Fagollagara, Kasilda Lizeaga maistraren ardurapean. Egurra izan zutela pedagogia dio Ramonek, “izan ere eltxoa baino ume gehiago bai ginan eskola hartan”. Igandetan mezetara senide guztiak amarekin aberea eta orga gainean, manta zaharren bat berogarritzat harturik.
Agurtzerakoan, biloba hirukien bila abiatu da Ramon, autoaren atzean hiru aulkitxo gerriko eta guzti poliki antolaturik dituela.