Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Karapote | Etxeberri | Sagastia

 

Etxeberri

(desagertua)

 

      Agidanez, Karapote Etxeberri izenez ezagunago zen bere azken denboran. Tnazio (70) eta Jose Luis (53) Gorostegi anaiak izan ditut solaskide, eta hauen esanetan Pedro beren aita Karapoteko semea zenez, Karapote gora, Karapote behera, bilakatu zen Karapote Etxeberri “gure baserria”, baina izatez Etxeberri zen soilik. Hortik, baserria erauzi eta ezkutatu ondoan eraikitako “Hamar Mandamenduak” delako auzuneak Etxeberri izena izatearen arrazoia.

      Orain, auzune honetako 5. blokea dagoen, plazatxo eta arbustuz eginiko lauburu horren lur eremuan kokatzen zen Etxeberri deitu baserri koxkor polita. Etxe luzexka, ipar-ekialdetik sarrera, sukaldea behean, dolare koxkor bat etxerako sagardoa izateko eta traste gela. Etxe ordekoa bi isuritan hegoaldetik eta hor ukuilua, ganbara goian zuela. Iparraldetik beste aterpea baserriko lanabesak edukitzeko eta “San Joanetan familiartekoen bazkaria egiteko” dio Jose Luisek.

      Inazio seme zaharrenak gogoan ditu aiton-amonak, Simon Gorostegi Olasagasti, amezketarra, aitona eta Anttoni Mujika Goikoetxea amona, Astigarragakoa izatez. Gurasoak, aldiz, Pedro, aita eta Manuela Iraola Ostolaza ama, Urnietako Ezkerra-enea baserriko alaba. Lau neska eta lau mutil seme-alabak: Manoli, Inazio, Karmen, Joakin, Alejandro, Dolores, Maritxu eta Jose Luis.

      Jose Luis gelditu zen gurasoekin, harik eta 1969an etxea, aipaturiko auzunea eraikitzeko, erauzi behar izan zen arte. Orain Jose Luis eta Mari Paz Aranburu Etxezarreta senar-emazteak eta hauen alaba Elixabete amonarekin kale-etxean bizi dira.

      “Amak jenio haundia zuan baratzerako, diote nire solaskideek, Manoli arrebak berdin. Tranbian ongi moldatzen ziran Donostiara egunero joateko. Trenez hasitakoan gutxitzen joan ziran. Bost behi, lauzpabost zekor, zaldia, oilo eta untxiak. Tratua 'rekardera' ezagun bati eraman eta berehala egiten zan gurean Donostiarako joan-etorria”.

      Amona sukaldari ona. Aitonak baserriari loturik bere bizitza. Aita, ordea, Montes Kurtidura, eta gazteek ere lanera, fabrikako lanaz eta baserriaz ardura harturik.

      “Senideak zortzi izan eta zortziak bizi gera. Gainera, elkarrengana biltzean, umore ona ez zaigu falta izaten. Tema pixka bat bai elkarrekin, politikaz hitz egitea debekaturik, baina ongi konpontzen gera. Urtean behin uztailaren lehenbiziko igandean, egun seinalatua, zortziok bakoitza bere familiarekin bazkaltzera. Senide bakoitza, txandaka, arduratzen bazkari hau antolatzeko”.

      Gero, badute familian beste ohitura bat ere amona edo birramona bisitatzeko eguna, Eguberri Eguna hain zuzen, guztientzat hamaiketako oparoa izaten delarik. Hogeita hamabost sendiko izan omen zituen bisitari amonak azken Eguberriz.

      Beste baserri askotan bezalaxe, hemen ere eskaleek bazuten etxe ordekoan aterpea. Aitak belar ondua, amak beldur pixka bat beti, goizean kafesne beroa.

      “Ura, mendiko ura, etxe ondoan. Aska bat arropa garbitzeko eta ganaduentzat bestea. Uda sasoian agortu egiten zitzaigun eta ordun gaizki. Zaldia bere karroarekin hartu eta Karapotera ur bila joan behar”.

      Baina isilpeko trikimailu bat bazuten anaiok. Etxetik beheraxeago bazen uraren gordailu bat, herriko urarena. Pentsa herriko ura esatean, garai hartan bizpahiru iturri zirela ur korrontearekin herrian (Zinko-Enea, Plaza Nagusia...). Delako uraren gordailu horrek, bada, sifoi bat zuen erdian, betetzean, sifoiak kolpe bat jo eta hustu egiten zen. Momentu horretan, hustu baino lehen, giltza batez baliaturik, barrika erdi bi bete eta ganaduen egarria asetzen zuten. Sistema polita ez zela ezin esan. Gero, poliki-poliki estali, bazterrak txukun utziz ederki moldatzen ziren.

      Jose Luisek xantxa pixka batekin uraren aska haiek zeuden txokoari berak “Toki Goxo” izena ezarri ziola dio. Zergatik? eta arrebek, bakoitzak bere sasoian, jakina, hantxe izaten omen zuten igande iluntzetan, etxeratu aurretik, azken xanpa. Istorio bat ere badu hari honetatik. Arreba horietako baten senargaia neskari etxera laguntzera joan zitzaionean, autoa utzi du nonbait galga eman gabe eta han joan zaio atzeraka malda behera harik eta baratzeko simaur pila jota gelditu zen arte.

 

Karapote | Etxeberri | Sagastia