Errotaran Goikoa
Hiru Errotaran dira: Behekoa (Amaxa-Enea), Erdikoa eta Goikoa (Artto-enea).
Errotaran izenaren sustraiak, bestetik, ez du sobera zailtasun: errota eta haran hitzen konposaketa baizik ez delako. Antzinako etxea da Errotaran, oso antzinakoa. Hala, 1870eko Hernaniko baserrien zerrenda batean (Nomenclator Provincial de Gipuzkoa) Errotaran, baita Parrokia-elizako etxe eta baserrien zerrendan ere, Herrotaran (1610 urtea) eta azkenik hona 1388ko dokumentu batean zer esaten den:
“Su origen parece ser uno de los más remotos del valle. En 1388 la villa concedía a Sancho Martinez de la Camara por los servicios prestados, el solar de la ferrería Mazonera Errotaran para levantar en el una ferrería”.
“A finales del siglo XX esta ferrería se encuentra en manos de los Elduayen, poderosa familia hernaniarra”.
“Hacia 1600 parece que dejó de labrar, y la villa ateniéndose al contrato de 1388 reclamó el solar. No debió prosperar la demanda, ni se reconstruyó la ferrería mayor, puesto que se decie que Juan Lopez levantó en su lugar el martinete de Errotaran”. (Ik. “Ferrerías Guipuzcoanas. Aspectos socio-económicos, laborales y fiscales. Siglos XIV-XVI”). Luis Miguel Diez de Salazar eta Rosa Aierbe. Fundación Kutxa).
Nire solaskide Kontxi Imaz andereak (70 urte) neskatikoa zela ezagutu zuen Errotaran Goikoan ura etxepetik nola pasatzen zen. Harri mokor handi bat ere bazela han oroitzen da. Irina egiteko errota (eihera) ala burdinola izana ote zen ez daki esaten.
Besterik da Errotaran Erdikoaz dakiena. Estalpe soil bat zela dio gaur etxea den lekuan eta bere aitak, hargina ofizioz, beste nonbait lanik ez zuen egunak eta orduak aprobetxatuz, pixkaka etxea (horma nagusiak erreka harria eta teila usatuak inguratu ondoan) antolatu zuen oraingo etxea. Badirudi Errotaran Behekoa zela hiruetarik etxe nagusia edo nagusi etxea.
Gaur egun hiru etxeok aldaketa nabarmenak jasan dituzte aurrera nahiz atzera bidean. Goikoa, bi bizileku dituen etxe txukun bat dugu; etxe polit bat Erdikoa ere, eta Behekoa, aldiz, azkenetan daukagu.
“Artto” izeneko gizon koxkor eta beltzaran bat bizi izan zen azkenean. Ezkongea. Orain bi familia bizi dira etxebizitza banatan.