Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Munto | Santsanategi | Turko-Enea

 

Santsanategi

 

      “Nomenclator” (1870) eta Hamarrenak (1610) zerrendan bietan azaltzen zaigu, eta bietan berdin idatzita “Sansanategi”. Zer duen esanahia? Bistan da tegi atzizkia, Santso edo Santsa izan liteke sustraia. Agian Santsa-ene-tegi? Baliteke.

      Martindegiko hegalean kokatzen zaigu Santsanategi baserria, Akerregin, Zumadi baserritik, Erroilaburuko bidean gora jo eta hirurehun bat metro ezkerrera, hain zuzen. Hau izan dute beti “gorputz bidea” eta herrirako bidea. Martindegira, ordea, Ergobia eta Donostiara joateko.

      Bi isuritako etxe zabala eta betidanik bi bizitzakoa, erdian horma sendo batek banatzen dituelarik. Terraza ederra alderik alde hegoaldetik eta hau ere bitan banatua. Batak sartaldetik du sarrera nagusia, sortaldetik besteak. Honek, gainera, terraza estalia iparraldera, beiraz hornitua, Hernani eta Donostialdera ikuspegirik ederrenarekin. Nola batak hala besteak lore eta landare apaingarriz jantzirik ataria.

 

ZABALEGI Familia

      Gurasoak, Teodoro Zabalegi. Etxeberria, bertako semea, aita, eta Joxepa Petriarena Olaziregi, ama, errenteriarra, Txirritaren kidekoa eta bertsozale porrokatua. Hauen seme-alabak: Pakita, Maritxu, Pilar, Joxe, Euxebio, Xole eta Milagros. Pakita, Maritxu eta Joxek baserrian egin dute bizimodua. Orain, Joxe, honen arreba gazteena Milagros eta Xabier eta Iñigo honen bi semeekin bizi dira Zabalegi familian.

      Baserrian eta baserri lanean bizi izan ziren gurasoak. Bospasei behi, zaldia saskiekin, zerri bat etxerako eta esnea nahiz barazkiekin Donostiara egunero, oraino Joxek jarraitzen duelarik.

      Baina aldi berean, arreba eta ilobek beste norabide bat eman diote baserriari. Hasteko, ukuilua etxetik at daukate, eta ordainez etxea nekazal turismoko etxe bihurtu dute. Bestetik, aterpe eder bat, sagardotegi dena, etxetik beheraxeago, aurrean bere aparkalekuarekin.

 

ARANBURU Familia

      Esan gabe doa, Aranburu deitura aspaldiko mendeetan barna belaunaldiz belaunaldi gorde ahal izan dela etxe honetan. Antonio, etxeko semea (57 urte) oroitzen da zerbait amonaz. Praisku Aranburu Señorena eta Joxepa Arruabarrena Irastortza, zaldibiarra, ziren gurasoak. Eta hona seme-alabak: Joakin, Migel, Joxe, Mariano, Manoli, Mari Karmen, Antonio eta Iñaxi.

      Antonio etxean gurasoekin; ezkondu eta emaztea, Milagros Sagastume Santesteban, Zubietakoa (Nafarroa) jaiotzaz. Hiru seme izan dituzte: Eustakio, Iñaki eta Antton. Egun, Antonio eta Milagros senar-emazteak, hiru semeak, Antonioren anaia Joxe, eta emaztearen aita eta ama bizi dira bertan.

      Lauzpabost behi, astoa eta behorra, zerri pare bat etxerako, zerrama bi eta oilo multzo bat izaten zituzten. Oilategi ona beti, zeren eta aitak Irin Fabrikan lan egin ohi zuenez, galtxikina eskuratzeko modua izaten baitzuen. Ama esnearekin, barazki eta arrautzak bereziki, eta fruta bere sasoian (sagar, udare, gerezi...) harturik Donostiara jai eta aste (jai egunetan esnea soilik).

      Aita, erreleboan, bada ere, lanera ordu tarteak baserriari emanez. Haurrak eskolara, eta etxean (ganadu jana, behi zain, baratzean) amaren esanera. Gero, Antonio etxean gurasoekin. Neguan eraikuntza lanean, baserrian udan. Soldadutza ostean, fabrikara (Bakeliten) erreleboan, baserriko lanarekin tartekatuz. Gaur, 1963. urteaz geroztik herriko basozain dugu.

      Ia oraintsu arte (80. urtea) maizter izan dira, eta legeak bide emanez, orduan egin ziren bi auzoak etxejabe. Antonio, amari entzunda, oroitzen da nola Santo Tomas egunean errenta pagatzera joaten ziren. Hona zer errenta modu zuten: sagarra erdira, gurdi bat egur urtean, gariak egiten zuen prezioaren arabera dirutan, eta gainera, kapoi parea eta oiloa.

 

Munto | Santsanategi | Turko-Enea