Jesus-Enea
Etxe tantai handia da Jesus-Enea garai bateko Karabele-Zumadi-Ergobia bide nagusiaren ertzean ezkerretara kokaturik. Nire solaskide Engraxiren senarra Jesus bazen ere, aurretiko izena omen etxeak. Jesus, senarra, oso haurra zela etorri omen zen, 1920. urte inguru horretan, familia Jesus-Enera. Benito Iribar Illarramendi eta Justa Artola Esnaola gurasoak, eta hona seme-alabak: Jesus, Maria, Probi, Agustina, Manoli, Joxe, Serafina eta Mari Karmen.
Etxeak ukuilua eta dolarea zituen behean eta goiko solairuan etxebizitza; atzean mandioa ganbarara sartzeko. Baratze lanean gogotik saiatzen ziren eta bost bat behi, zaldia edo behorra izaten zituzten. Etxea malkartsua zen alde batetik, baina d
“fruta asko izaten zan eta klase guztietakoa Jesus-Enean; hango udare, peilla, melokotoi, sagar, gerezi, etab”, esan dit Engraxik. Benito aita Añorgako porlan fabrikara (Rezola) joan ohi zen lanera, handik kanpo baserrian jardunez.
Jesus ezkondu zen etxera, emaztetzat Engraxi Ezeiza Iraola, asteasuarra, hartu zuelarik. Jesus ere Añorgan hasi zen lanean, hamaika urte egin bai bertan, baina hango hautsa ez nonbait ona bere birikentzat, hura utzi eta igeltsero lanera jo zuen.
Arropa non garbitzen zuten galdeginda, “errekan” dio Engraxik. Jesusek etxekoentzat eta inguruko beste batzuentzat egindako aska batean zutela gobara egiteko lekua. “Makina bat lan eta konponketa egin ohi zituzten aita-semeek han eta hemen”.
Baserria eta beste hiru etxebizitza ere ezagutu ditu Engraxik Jesus-Enean. Eta telefonoa, garai hartan ia ezezaguna zena. Kontuak ateratzen hasita, 1950. urte aldera jarria zela uste du. Ondo gogoan du aldameneko tailerreko mandatuak ere beren etxean nola jasotzen zituzten. “Pentsa ezazu, sukaldeko altzariak egiteko tailer koxkor bat muntatu zuten auzoan eta ez zuten telefonorik; gure etxera deitzen zuten enkarguren bat zutenean eta nik sarritan joan behar izaten nuan haiei abisatzera. Orduan etzan gaurko konturik”.