Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Ariztegi | Au Nerea (Primo-Enea) | Borda Berri

 

Au Nerea

(Primo-Enea)

 

      Nondik Primo-Enea bota diot aurrean izan dudan Mari Jose Erdozio Zapirain, bertako alabari, eta berak, entzuna, 1900. urtean eratu zela baserri hain zuzen, eta Au Nerea izena jarri ziotela ordura arte borda baino izan ez zenari. Honenbestez, argitu dugu izen baten zergatia baina Primo-Enearen aztarnarik ez dugu atera.

      Txikia nolanahi ere Au Nerea baserria. “Ehun metro karratuko azalera besterik ez du oin bakoitzean, Behea guztia ukuiluak hartzen zuan, goian etxebizitza eta ganbara. Ez zuen besterik”.

      Joxe Zapirain eta Maria Altuna aiton-amonak ezagutu zituen Mari Josek. Eta hauen seme-alabak: Maria, Sebastian, Jesus, Joxe eta Migel. Mutil guztiak ezkonge, eta Maria alaba ezkondu zen etxera, Andola baserriko Iñaxio Erdozio senartzat harturik eta honako haur hauek izan: Mari Jose, Joxe, Bixente eta Maria Jesus.

      Behin baino gehiagotan entzun zion amari nolako panorama izan zuen ezkonberritan. “Senarra, lau anaia ezkonge etxean eta lau seme-alaba izan sei urtetan”. Aita Diputazioko mintegian lanean eta bera, ama, otarrean haurrak hartu eta joaten omen zen zelaira lanera. Bazuen, agidanez, lana ugari haurrak zaintzen eta beste bost gizonezkoei beren otordu eta garbitasunak egiten. “Denak kanpoan lanean, eta bata ordu batean eta bestea bestean, errelebotan, ordu . desberdinetan otorduak atondu behar... eta gainerako lanak, baratzea... etab”.

      Aitak kanpoan lan egin arren, baserrian ere ari ohi zen orduz kanpo, eta lana franko eginak direla dio nire solaskide Mari Josek. Astoa, behiak eta baratze dezente egiten zutela dio, “patata, artoa eta babarruna, baita sagarra ere, egia esan, aitak eta amak lan ugari egin zuten beren denboran”.

      “Baserrian garo sailik ez eta Epele Errekara joaten ziran irastor bila, eta behin baino gehiagotan esaten zuan aitak nola handik etxerakoan bere jaiotetxean, Andolan, sartzen ziren salda pixka bat edo mokaduren bat hartzera”.

      Gero, senide denak kanpora lanera; haiei, berriz, indarrak urritu, eta orain etxe-lehor bilakaturik dago Primo-Enea.

 

Ariztegi | Au Nerea (Primo-Enea) | Borda Berri