Argindegin, aitaren jaiotetxean, jaio eta bizi izan zen 22 urtera arte. Gazte denboran, eskolara joaten zen, gurasoei baserriko lanetan laguntzen zien eta etxeko sagardotegian bola- eta toka-jokoan ari ziren bezeroekin hartu-emanean aritzen zen. 22 urterekin, Ramon Iturbe Odriozolarekin ezkondu zen Irurara. Geroztik, babarrunaren inguruan eman izan du bizimodua. Tolosako babarrunaren elkarteko partaide da hura sortu zenetik, 1994tik; eta, 2002az geroztik, bertako lehendakaria da. Bi aldiz garaile atera da Tolosako babarrun-lehiaketan; eta, behin, bigarren postua lortu zuen. Lur-lan elkartearen sortzailetako bat ere bada. Babarruna gerra denboran Ameriketatik ekarri zutela gogorarazi digu. Babarrunaren gainean mintzatu zaigu; baita baserriaren lehenaz, orainaz eta geroaz ere.