Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Galarmendi Erdikoa (Txanete-Enea) | Galarmendi Goikoa (Pangorri) | Ilarratsueta

 

Galamendi Goikoa

(Pangorri)

 

      Pangorri esanda ezagutzen dute auzokoek. Bertako semea okina izaki, eta ogi beltza egin omen zuen, agidanez; harrezkero, Pangorri deitzen diote.

      Izenak berak dioen bezala, hau da hiru Galarmendietarik goien dagoena. Jauregitik Lasartera doan bidearen ertz-ertzean dago, goiko aldetik, Galarmendi Erdikotik hamar metrora, aipatu bideak bereizten dituela.

      Bi isuriko etxea da, mendebaldera begira, behean ukuilua, goian sukaldea, komuna eta logelak dituela. Iparraldeko teilatua askoz luzeagoa da eta badirudi beranduago erantsitako etxe-ordekoa dela.

      Aldean badu beste lehorpe koxkor bat ibilgailua eta gainontzeko tresnak jasotzeko. Etxe aurrean, berriz, harrizko aska handi bat, garai batean txerria gazitzeko erabiltzen zena, Joxe semeak Añorgako Taberna Berritik 1930. urtean ekarritakoa. “Geroztik, hamaika bider edan dute hor gure behiek” esan dit.

      Anttoni Lizarribar bertako alaba, Bonifazio Urretabizkaia Astigarragako Basozabal baserriko semearekin ezkondu eta bi seme-alaba izan zituzten, Joxe eta Joana. Semea Joxe, abadua, gelditu zen etxean, Zizurkilgo Anttoni Garin emaztetzat hartu eta bi seme eta hiru alaba izan dituzte. Denak kanpoan dira gaur egun eta Joxe eta Anttoni bakarrik bizi dira baserrian.

      Gurasoak baserrian aritzen ziren eta ama Donostiara joaten zen merkatura baratzeko gauzak, arrautzak eta gainerakoak saltzera. Auzokoarekin txandan jartzen zuten astoa Errekaldera jaisteko. “Han asto-lekua ordaindu behar izaten zan, auzoko asto guztiak bertan lotzen baitzituzten eta ez zegon lekua ordaindu beste biderik. Noizbait komeriak ere izan zian; norbaitek astarrak askatu eta asto-saskiak apurtu eta emeak ernaltzen baitzituzten, baina asto jabeak zelatan jarritakoan konpondu zan, agidanez, arazoa”.

      Joxe, semea, kanpoan hasi zen lanean 24 urterekin, Michelin fabrikan eta hantxe aritu zela esan dit 58 betetakoan erretiratu zen arte. Ez dute ganadurik etxean, “lau oineko asto bat besterik ez” dio solaskideak. Nahikoa lo egin, enkarguren baten aitzakian kale aldera buelta bat eman eta... primeran bizi dela adierazi dit Joxek.

 

Galarmendi Erdikoa (Txanete-Enea) | Galarmendi Goikoa (Pangorri) | Ilarratsueta