Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Galarmendi Behekoa (Gonagorri) | Galarmendi Erdikoa (Txanete-Enea) | Galarmendi Goikoa (Pangorri)

 

Galarmendi Erdikoa

(Txanete-Enea)

 

      Txanetene esanda ezagutzen dute auzoan. Garai batean txabetak egiten omen zituzten gurdi, sega eta halakoentzat eta hortik gelditu zaio Txabeta-Enea, Txanetenea izen ordaina.

      Esan beharrik ez dago, izenak berak dioen bezala, Galarmendi Behekoa eta Goikoaren artean dago Galarmendi Erdikoa, Jauregitik Lasartera doan bidearen ondo-ondoan eta batetik besterako erdibidean.

      Guztiz berritutako etxea da, eta garai batean etxebizitza bakarra bazen ere, bi egin dituzte orain. Bi isuriko eraikin soila, hegoaldera begira, aldapatxoaren beheko barrenean; atzea, goiko oinerako sartzeko ormigoizko mandioarekin, bideari ematen dion bitartean. Aldamenean lehorpe eder bat tresneria eta bestelakoak jasotzeko.

      Aita, Erramun Apaolaza bertako semea, Añorgako Olarte baserriko (Manttalin) Joxepa Salaberria emaztetzat hartu eta hiru seme eta hiru alaba izan zituzten: Emilio, Mari Karmen, Julian, Kontxita, Joxe Luis eta Tere. Emilio, seme zaharrena, gelditu zen baserrian Arroako Joana Olaizola anderearekin ezkonduta, eta lau seme izan: Joxe Ramon, Joxe Manuel, Xanti eta Abel; horietarik hiruk aitarekin egiten dute lan baserrian, eta bakarra kanpoan lanean aritzen dena. Bat kanpora ezkonduta, bestea, gazteena, ezkondu eta aldamenean jarri da bizitzen. Emaztea kanpoan aritzen da lanean, irakaskuntzan, eta, agidanez, badute haur bat bidean.

      Ondo deritzo gure solaskideari baserrietako datu eta kontuak jasotzea, baina egun hitzetik hortzera dabilen futbola euskaraz nola esaten den galdegin digu, “ostikoketa, behar bada” erantzun diogu baina ezetz mandostikoa esaten zela haren gazte denboran adierazi digu.

      Behiak eta zekorrak erabat kendu eta baratzeari eman diote. Martxa handia daukate eta etxeko nahiz kanpoko lurrak ibiltzen dituzte errentan hartuta. Etxe inguruan eta, baita, Usurbil aldeko erriberan ere, lur onak eta lanerako egokiak diren lurrak nolanahi ere.

      Biltegi handietara, dendetara eta Donostiako Bretxako azokara eramaten dituzte barazkiak saltzera. Aita hiru semeekin, baratzeko uzta bildu berria, harat-honat banatzera doazela harrapatu ditut, eta beraien martxa ikusita ez naiz ausartu denbora larregi galdeketan kentzera.

      Etxerako ere ez dutela esnerik dio, “baratzea nahiago, ez baitu marrurik egiten egun batean bere horretan utzita ere”. Alabaina, badituzte oiloak, baita txerriren bat ere aldian behin, eta sagardoa etxerako adina behintzat sortzen dutela dio.

 

Galarmendi Behekoa (Gonagorri) | Galarmendi Erdikoa (Txanete-Enea) | Galarmendi Goikoa (Pangorri)