Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Itsaspuru (Itxas Buru) | Lepa Txiki (Perrapa) | Oianeder

 

Lepa Txiki

(Perrapa)

 

      Toponimoa edo leku izena dugu inola ere Lepa Txiki izena. Lastaola - Osinagarako bidea gaintxo batera heltzen den puntua lepaxka bat da, “Lepa Txiki”, eta hortik datorkio hain zuzen baserriari berea. “Lepachiqui” eskrituretan. Baina, agian, “Perrapa” ez-izenez, askoz ezagunagoa zaio hernaniar jendeari.

      Perrapa nondik ote duen galdegin, eta hona zer esan didan Joxe etxeko jaunak. Garai batean Karabeleko herreroaren jabetzakoa omen Lepa Txiki. Zenbait baserritarrek behiak perratzeko lana ordaintzekorik ez, eta baserrian golde lana edo beste burutuz ordaintzen, nonbait. Eta halako edo beste halakori:

      —Nora hoa?

      —Lanera. Perrak pagatzera (perrapaga, perrapa, horra).

      Lastaolatik Onddi eta Osinagara doan Lepa Txiki mendixkaren lepora iristean eskuinera jo eta beronen gibelaren txokoan aurkitzen da izen bereko baserri, orain, dotorea.

      Inon diren birmoldaketa guztiak ezagutu ditu baserri honek bere denboran. Ardi borda noizbait. Oraingoen aitona, edo hobe, birraitona amerikanoak, diru puska batekin etorria, Joan Bta Altuna eta Mikela Garin, senar-emazte berriak ezkontzerako erosia. Aski lan ordaintzen (1890an, hain zuzen), 4.437,50 pezeta ordainduz edo urteko %5eko interesekin lau urtetan ordaintzekotan erosi zutelarik. Orduan antolatu zuten baserri bezala. Bost seme-alaba izan zituzten: Joxe Mari, Patxi, Joakina, Terexa eta Iñaxio.

      Aita amerikanoa hil eta Joxe Mari, seme nagusia gelditu zen amarekin etxean, eta amaren babes gozoan. Izan ere, 60 urte zituela, ama faltatu zitzaionean, ezkondu behar zuela ohartu zen. Bitartean ama, baserria, ehiza eta kaletar ehiztarien zakurrak heztea izan zuen zeregin (Txantxangorri elkartekoek ongi zekiten hezitzaile honen berri).

      Joxe Mari ezkondu, Tomaxa Zapirain Zuaznabar, Astigarragakoa sortzez, emaztetzat harturik, alaba bat izan zuten, Arantxa.

      Arantxa, etxeko alaba, Joxe Zubiondo Eizmendi asteasuarrarekin ezkondu zenetik sartu zen, agidanez, etxean indar berria eta orduan birmoldatu zen berau bigarren aldiz. Etxe txarra, erabat zaharra eta zintzilik zegoen jada. Etxeko obren oroitzapen “eder” bat gogoan du beti ere Arantxa etxekoandre zaharrak. Ekaina omen zen, obretako tresneriaren artean trabatu, eroriko bat egin, buruko kolpea, 30 puntu eta hamabost egun erietxean.

      Bi alaba izan zituzten Joxe eta Arantxak, Kontxi eta Mari Jose. Hau 10 urtera zihoala, traktorea gidatzen, urrats txar bat, azpian harrapatu eta hil zen.

      Orain, aiton-amonak, alaba Kontxi eta honen senar Joxe Ramon Amonarriz, anoetarra, eta Usue eta Ander seme-alabak bizi dira baserrian. Baserria erabat birmoldatua, hirugarren aldiz, osagai guztiekin etxea hornituz.

      Aitona amerikanoak erosi, baina mendi etxe izaten jarraitu zuen Joxe Mari semearen garaian ere. Baserri txikia. Bizpahiru behi izaten zituztela dio Arantxak. Gainera, behin behizain zebilela tximistak jota behi bat garbitu zuenean eskapada ederra egin omen zuen berak. “Lehen gutxi, eta bat gutxiago gelditu ginan”.

      Joxek, etxeari ez ezik, soro eta belardiei ere indar berria eman zien. Dolarea bazuten lehen. Orain ez. Sagardorik ez omen edaten etxean inork. Hamar bat karga saldu dituzte aurten.

      Joxe, erreleboan, Michelinen ibilia da lanean. Orain autobusetan. Suhia ere kanpora lanera. Bestetik, ganadu saila daukate Flewich arrazako behiak, haragitarako, Austriatik ekarriak.

 

Itsaspuru (Itxas Buru) | Lepa Txiki (Perrapa) | Oianeder