Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Santa Barbara

 

      Agidanez Santa Barbara izan da beti, mendiaren, gazteluaren eta ermita nahiz baserriaren izena, Lazaro Izagirre Genua (70 urte) nire solaskide eta bertako semearen aitorpenetan. Errepublika garaian, 1934an, berak hiru urte baizik ez zituela etorri omen zen familia Santa Barbara baserrira.

      Izen bereko mendiaren tontorretik beheraxeago, beronen bizkarrean kokaturik dago baserri hau, bertatik inon den ikuspegirik ederrena ageri delarik, Oriamendi eta Donosti aldea, Hernani eta Urnieta herriak beren baserri eta zelai berde nabarmen eta kolore bitxienez, naturak eta gizakiaren eskuak margoturiko tapiz zabal bat bailitzan.

      Sarrerako atea oraintxe bezala arkudun atea zen. Arkupe hori zeharkatuz, aurre-aurrean ermitako ataria, gorako eskailera ezkerrera, eta gibelean 18-20 metro karratuko gela bat sakristia izana. Ermitara sartzeko, ate handi mokor bat, ate osoa zura, batera irekitzen zena. Oraino kontserbatzen dute, orain jangela den horretan Santaren irudia kokatzen zen nitxoa; pintura koadroa funtsean eta belar metatxoa aurrean duela. Etxeak kanpaitxo bat omen bere gailurrean.

      Goian apaizaren etxebizitza: hiru gela normalak zituena, eta ekialdetik etxearen zabalerako sala. Lazaroren iritzian eskola izanaren tankera zuen sala honek. Sukaldea mendi aldera eta salaren albo batean komuna.

      Bizitzera hona etorri zirenean, gurasoek etxea Atutxa izeneko bati erosi zioten, eta honek berebat apaizari erositako etxea zuen. Agidanez, mendi osoko eraikuntzak (gaztelukia, ermita, etxea...) Estatuaren jabetzakoak ziren. Erosketa egin zenean ezarri zizkioten etxeari bere mugarriak lau kantoietan. Aurrez “Soka” deitu edo Sokatarren familia izan omen zen hemen maizter. Dena den, Izagirre familia sartu zenean nahikoa zaharkitua eta abandonatua aurkitu zuten etxea. Esaterako, garai bateko ermita jadanik ukuilu edo oilategi bilakatua zen.

      Gurasoak, aita, Justo Izagirre Rekondo Akerregi baserriko semea, eta ama, Marraka-Eneko alaba, Benita Genua Genua ziren. Seme-alabak: Martin, Joxepa, Joana, Luisa, Lazaro eta Maritxu.

      Joana, gelditu zen etxerako, zeren Martinek igeltserotzari eta Lazarok zurgintzari heldu baitzioten. Esan gabe doa, gerora goiko ermita eraiki zenean (1955) bertako zurgin lana, musutruk gainera, Lazarok egina dela.

      Joanak, Esteban Arregi Saralegi, Berastegin jaioa, hartu zuen senartzat eta ondoko seme-alabak hauek izan zituzten: Justo, Beni, lñaxi, Brijida eta Rosi. Hauetarik, Justok jarraitzen du etxean, fabrika eta baserriko lana tartekatuz. Emaztea Josune Azkoitia Arregi, azkoitiarra izatez eta bi alaba dituzte: Josune eta Maitane.

      Lau bat belu, astoa eta oilategi on bat izan zituzten. Bizimodua, Lazarok dio, barazki eta oilategiaren baitan egon zela batik bat, gurasoen garaian. Sagardoa, bai, saltzen omen zuten Akerregiko dolarean sagarra jo eta handik sagardoa garraiaturik. Herriko eta baserrietako “zurrutero” haiengandik (izen batzuk ere aipatu ditu) oraino aski mutikoa zela ikasi omen zuen honako lelo hau:

            “Cuatro tiros al trabajo

            viva la gandulería...”

      Lazaro nire solaskideak beste gauza bat ere aipatu dit: berebiziko barazkiak etortzen zirela orduan, barazki oparo eta bereziak izaten zituztela. Apartak dio, marrubi eta esparragoak (harrigarria!).

      Eskolarako zaletasun handirik ez omen zutela gurasoengandik bildu, esaten du. Bestalde, ongi ulertzen du bizimodua ateratzen lanik asko izan zutela haien gurasoek, oteak eta sasiak harturiko lur aldapatsu eta harkaitz artean. “Egia hori ere”. Ikasi zuen apurra (Lazarok) 10-14 urte bitarte horretan ikasi zuela dio, eta orduan, aire! Imazen aroztegira lanera.

      Gainerakoan, antzinako sagardo zerbitzu hark taberna bilakatzera ekarri zuen Santa Barbara baserria, egun, jatetxe jendetsu bilakatu delarik.