Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Zozperri | Zubillaga-Enea (Kanpozabal) | Santa Barbara auzoa

 

Zubillaga-Enea

(Kanpozabal)

 

      Familiaren deiturak eman dio izena baserri berriari. Euren lurretan eraiki baitzuten etxea Kanpozabal baserria erauzi eta handik atera beharra izan zutenean.

      Jauregitik Santa Barbara aldera goazela, bide ertzean ezkerretara dago Zubillaga-Enea, Iparraldera begira, atzean baina ez urruti aipatu mendia duela. Inguruan, ezkerretara Etxeberri baserria eta eskuinera Erroxali-Enea berria. Badu zer ikusia franko etxetik, hasi Añorga eta Zabalegi aldetik eta Donostia-Astigarragarainoko guztia hartzen baitu aurrez aurre. Halaxe datorkio baita neguan Iparraldeko haize hotza eta Ipar-mendebaldeko euri bustia ere! Hara, 1960. urteko otsailean estreinatu zuten etxea. Bi isuriko eta bi solairuko eraikin garbia, bere eskuinean ukuilua trabeska atxikita duela. Goiko gela batek balkoia du.

      Joxe Julian Zubillaga eta Luisa Garagorri, Urnietako Adarra baserrikoa, ziren Kanpozabalen, eta sei haur izan: Kontxita, Joxe Ramon, Gabriela, Milagros, Maritxu eta Joxepa. Kontxita Ulpiano Garmendia, Marijoandegiko semearekin ezkondu eta bertan jarri zen bizitzen. Bost seme izan zituzten: Mariano, Joxe Luis, Joxe Joakin, Joxe Ramon eta Frantzisko Jabier. Kontxita alargundu, eta osasunak ere laguntzen ez eta, Ibarran bizi da Joxe Luis semearekin. Egun izeba Joxepa, bizi da Zubillaga-Enea baserrian, Joxe Joakin eta Frantzisko Jabier ilobekin.

      Baserriaren bere bereak ziren lanetan aritzen ziren Kanpozabalen harik eta, etxe azpiko lurrak hondartsuak izaki (%99a hondarra), nagusiak baserria saldu eta berehala errepideak egiteko, Tolosa hiribidea hain zuzen, hondarra ateratzen hasi ziren arte. Hasi eta aurrera joan, Kanpozabal baserria lurrik gabe eta ia zintzilik gelditu zen. Hala, etxe berria, Zubillaga-Enea eraiki aurretik atera behar izan zuten, eta Jauregin bizitu ziren hamar hilabete.

      “Hura zan baserria, esan digu Joxepak, han bazan melokotoi, lore, baratzea, esnea, etab., baita asto zuri handi bat ere, esneak eta tratua Donostiara eramateko”. Bere ama Luisak egunero egiten zuen joan-etorria oinez, eta alderdi ederra bilatu omen zuen atzera-aurrera Urnietatik egin edo Kanpozabaletik egin. Gerora, ordea, autobusa jarritakoan, Galarretara etorri eta han hartzen zuten Donostiarako bidea.

      Joxepak jarraitu dio orduko ohiturari eta orain ere, badute gauzarik baserrian, hala nola, untxi, oilo, behi, ardi, ehiza-zakur, baratze eta beste.

 

Zozperri | Zubillaga-Enea (Kanpozabal) | Santa Barbara auzoa