Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Portu Berri

 

      Portu auzoaren izena oinarritzat hartu zuela iduri du, baina izen bereko etxe bat bazen Portu auzoan eta agian hortik datorkio Portu Berri izena. Hernaniko trenaren geralekuan trenbidez azpitik aurkitzen da aipagai dugun etxea, mintegi zabal batez inguratua.

      Bi isuritako etxe tente bat dugu, dotorea, harriz egina eta sarreratik ezker muturrean irtenune zuti bat, jauregi moderno baten eitea ematen diona, eta Zendoia izeneko arkitektoaren proiektua jarraituz eraikia omen.

      Agustin Pagola Zabalak (88 urte orain) hamar urte zituela, 1923an, estreinatu zuten etxe berria. Hogei urte lehenagotik, 1903 urteaz geroztik, martxan zuten mintegia, estalpe bat babes edo gordeleku zutelarik. Atzietan, elizatxo ermitara jaisten den eskaileren ezkerretik dagoen etxe horretan bizi ziren aurrez.

      Gurasoak, aita Joan Bautista Pagola Ugalde, Ezekiel-Enea baserriko semea, eta ama Karmele Zabala Ansa, Mitxelene baserriko (Arano) alaba. Honako seme-alaba hauek izan zituzten: Joakin, Maria, Martina, Joxe, Benita eta Agustin.

      Joakin, seme nagusia etxera ezkondu zen, emaztetzat Eloisa Urnieta Gabarain harturik. Eta Pedro Mari, Joan Bta eta Mari Karmen hiru-seme alaba izanik.

      Gaur egun, osaba-ilobak, Agustin eta Mari Karmen bizi dira lehenengo bizitzan, eta Pedro Mari zenaren alarguna bere familiarekin bigarrenean.

      Bidenabar, esan dezadan, “Urnieta” ama zenaren deitura aipatu dugula. Mari Karmen ilobak aurrekoei entzunda ikasia kontatu dit. “Herri-izen deiturak herri-haurrenak dira. Gure birraitona edo honen aita Urnietako Errota Berri baserriko etxe ondoan, norbaitek han utzita, aurkitu eta jasotako haurra omen zan”. Hortik datorkie, agidanez, Urnieta deitura. Historia bitxia nolanahi ere.

      Abere bi izan zituzten beti garraiorako. “Orduan, dio Agustinek, mintegiko produktu guztiak trenez bidaltzen ziran, Madril, Burgos edo Hendaiara izan. Batzutan bagoi osoa kargatu behar izaten genun, partida zenbait beste batzuetan”. Abere eta orga kargatuz Karabele, Balantxa eta Zinko-enean barna estaziora jotzen zuten.

      Etxerako bi zerri urtero hazten zituzten eta oilategia, eta gainera, gerraosteko goseurteetan bi behi etxerako esnea izango bazuten, “izan ere hamabi-hamahiru lagun biltzen baiginan otordurako mahaiaren inguru”.

      Lanbide osagarri bat bazuen Joakin aitak, Joan Bta aitonak hasiera emandako lanbidea hain zuzen, trena hartu Fraisoroko Nekazal Eskolara joan eta gazteak Diputazioaren mandatuz, landare munduan eskolatzea.

      Bolumen handia zuen, agidanez, mintegiak garai batean, Joakin aitaren eta Agustin osabaren ardurapean. Joxe, beste osaba ere, Ameriketara joan artean, zeregin horretan jarduna zen.

      Joxe osabaren istorio bat aipatu didate. Oso landare maitea omen zen eta landare egoki bat zainak ongi osatua ikustean, ezpela aipatu didate, hala esaten omen zuen: “Ezpel honi aitzakia ateratzen diona ere alu earra dek”.

      Etxekoez aparte, orduka eta kanpoko langilerik izaten zuten mintegian. Zernahi landare izan ohi zen hor: zuhaitzak (pago, haritz, urki, gaztaina, zumar..., zuhamuxkak (ezpel, betiraun...) fruta arbola (sagarrondo, udare, intxaur...) eta urteko lorea.

      Makinarik ez orduan eta dena eskulana: laia, goldea... idi parea kanpotik ekarrita. Landareekiko lilura beti bizi izan duela dio Agustinek ere, “maiz askotan landarekin hizketan aritzen nintzan”. Lanik gaitzena edo delikatuena, ordea, txertaketa lana omen zen.