Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Egaña-Enea | Egaña Txiki (Sutegi Zahar) | Erreka-Munto

 

Egaña Txiki

(Sutegi Zahar)

 

      Herriko jendearentzat Egaña Txiki bada ere, Dolores Iradi bertako etxekoandreak (79 urte) aurrekoei “Sutegi Zahar” zuela jatorrizko izena entzun izan die beti, eta “barkuen piezak” egiten zituztela hor. “Sutegi-Zar” eskrituretan.

      “Casilla Ermendaldegi” 1610eko Elizaren hamarrenak zerrendan azaltzen dena berau dela esaten duenik ere bada. Parroki eliza bera baino zaharragoa zela halaber askotan entzuna du Doloresek etxean.

      Urnietako Igerategi baserrietatik heldu den bidearen eta Trankatx erreka deitzen denaren tartean, etxe ondo-ondoan biak, kokatzen da Egaña Txiki edo Sutegi Zahar baserria. Hala ere, trenbidea eraiki aurretik apartaxeago omen zen erreka, orduan desbideratua izan zen nonbait.

      Angelu zuzeneko etxe apala da izatez, bizilekua goian eta ukuilua behean duela. Aurrean terrazatxo bat azpian garajearekin eta atzean beste terraza, handiagoa, etxe-ordeko modura.

      Hiru anaia omen ziren antzinako garai batean (agian duela 300 urte edo) eta hiruok elkarrekin, gauza jakingarria, eraiki zituzten: Egaña-Enea (alboan) eta Piper-Enea eta Xanti-Enea Portu auzoan berean, antzeko arkitektura eta egitura dutenak hirurak ondo begiratuz gero.

      Dolores Iradi, Argindegi baserriko alaba, ezkonduta hemen bizitzen jarri zenean, hona zeintzuk bizi ziren bertan: Joana Egaña Nazabal, amona alarguna eta etxeko alaba. Aitona Kaxiano Zubeldia Elizegi hil berria zen, eta hauen seme-alabak: Joxe Joakin senarra, Justa eta Toribio, beste senideok Benita, Manuel eta Maria Luisa kanpora ezkondurik baitziren jada.

      Joxe Joakin eta Doloresek lau seme-alaba izan dituzte: Nekane, Daniel, Mari Kruz eta Endika. Hau eta beronen emazte Igone Landetxe Zugarramurdi, eta Dolores ama alarguna bizi dira gaur Egaña Txiki etxean.

      Joxe Joakinek, ezkondu aurretik bezalaxe, Zikuñagako paperolan jarraitu zuen lanean, baserriko lana tartekatuz. Eta emazteak, berebat, gogotik ekin zion baratzegintza nahiz baserriari. Bi behi izan ohi zituzten, bizpahiru zekor, astoa eta bi zerri, bata saldu eta bestea etxerako urteko jakia izango bazuten.

      Egaña Txikira Dolores ezkontzerakoan beheko sua kendu eta ekonomika ipini zuten. Amona zenak aurrerapen galanta zela askotan aipatzen omen. Ama buruxesteran esnea hartu eta barazkiak harturik egunero Leokan gora joan ohi zen Hernaniko plazara. Gero, behiak kendu ondoren, Endikak jarraitu zuen ia oraintsu arte barazkiekin plazara joaten.

      Garai batean harrobi koxkor bat ere bazuen familiak baserri-bideetarako harria sortzearren, Egaña baserriaren alboko hegalean.

      Endika semeak orain, betiere baratzegintzaren ildoari jarraiki, “gaixotasun mentala” duten talde baten ardura dauka bere gain. Etxe honek berea du nonbait baratzearen habea. Joxe Joakin aita ere, bereziki udare eta sagarrondoen txertaketa lanean langile trebea izana genuen, agidanez. Eta nork ez du ezagutu beronen anaia Manuel Zubeldia Karabelerako bidearen eskuinean baratze txukun bat landuz eta lege zaharreko metodo bitxiak erabiliz txertaketa-lan ikusgarri bat burutzen? Bere denboran fabrikan eta ordu tarteka Pagolaren mintegian lan egin ondoan, jubilatu eta azken hogei urtetan benetako “pertsonaia” bilakatu zitzaigun Zubeldia zaharra. Belar zakar eta sastrakak harturik ageri zaigu orain hain xeratsu hark zaindutako lur zatia. Historia zaharraren orrialdea hau ere ororen buru.

 

Egaña-Enea | Egaña Txiki (Sutegi Zahar) | Erreka-Munto