Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Pikoaga Etxeberri | Tximista-Enea | Ugaldetxo

 

Tximista-Enea

 

      “Genio biziko jendea”, agidanez. Pio (77 urte) etxajauna dut solaskide.

      “Bai, bai, gu ere halaxe gea eta ondotik datozenak (bilobak) bala bezalakoak”. Hala ere, osaba Joxerengandik “bizi izugarria” eta norbaitek lagunartean tximista deitu eta hortik etxeari Tximista-Enea. Baina izatez Bezkita omen etxearen izena, eta ibaiaz bestaldetik aurrez aurre dagoen Bezkita izeneko etxea, Urnietako partean, Zilegi Etxeberri dela dio Pio etxeko nagusiak. “Zilegi edo zilegi-lurrak deitu mendi horiek guztiak, esaten dute, emakume baten jabetzakoak ziela, eta etsia hartu zuen garaian herrian bizi zien semeentzat utzi zituela”.

      Etxearen gain-gainean dago Goizuetarako errepidea. “Eskerrak, Joakina etxekoandrearen esanetan, etxea lehendik (errepidea baino lehen esan nahi da) egina zan, bestela botaraziko ziguten. Baserri txiki txar bat zan hau lehen (denboraren batean borda izana, noski) leiho xahar-xahar batzuk, txikiak eta marko urratuekin. Hemen etxe honetan gastatu ditugunak ere, kontatzekoak lirake”! Ukuilua bi puskatan zuen diotenez, batean behiak, ardiak bestean. Orain etxea, barne eta kanpo arrunt berritua, terraza ederrarekin ibai aldeko kantoian.

      “Nere akuerdoan aitona Esteban ezagutu nuan”. Gurasoak, aita, Joan Arrieta Rekalde bertako semea, eta Anttoni Izagirre Loiarte ama, Aparraingo alaba ziren. Hona hauen seme-alabak: Lutxi (gazura txerriei emateko egosten ari zen pertzara erori eta hila), Praixku (hau ere txikia zela hil omen), Joana, Klaudia, Pio, Pello, Sergio (etxe ondoko ibaian itoa), Joxe, Kristina eta Jexuxa.

      Ama gazterik hil zitzaien, aita haur txikiekin geldituz. Hauetarik, gero, Pio ezkonduta etxera. Joakina Altuna Gastesi emaztetzat harturik. Satsain baserriko alaba hau. Eta hauen seme-alabak: Mari Anjeles, Maritxu, Jone eta Joxe Mari. Aiton-amonak bizi dira orain soilik Tximistanean, nahiz eta bakarrik ez diren sentitzen.

      Soldadutzara joan bitarte Piok artzain eta etxeko lanetan jardun zuen. Zikuñagako fabrikara gero eta aita jubilatu zenean, honen ordez, Ubarretxena zentralera (Santiago). Hiru behi, hirurogei bat ardi, eta esnea, Santa Kruz esneketariari. Gaur traktore koxkor bat, segadora ere bai, baina astoa edo bizkarrez (sortaka) ganadu jana lehen. Hamaika astolan eginak direla diote. “Orain dena badugu, baina behar ez den garaian”.

      Hogei bat ardi dauzkate Joxe Mari semearen ardurapean.

 

Pikoaga Etxeberri | Tximista-Enea | Ugaldetxo