Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Pagoaga

 

      Lorentxo Lizeaga Aranburu (69 urte) etxeko semea dut solaskide. “Lehen etzan pinudirik, pagadia zan dena eta hortik datorkio Pagoaga” esan dit duda izpirik gabe.

      Pikoagatik gora, usu bisitatua den iturri goxoa pasatuta, bihurgunea eta zubiaren ondoan dago Pagoaga, Benta Berri (Arano) eta Goizuetarako bidearen ezkerretik. Sukaldearen azpitik pasatzen omen Errota aldetik datorren Sagarretako erreka deitzen dena. Aurrean errepidez bestaldetik Mikelete etxea zegoen (Arbitrioak), orain desegina. Nahikoa kontrol izaten omen zen hortik pasatzeko. Hala ere, zahagia bizkarrean eta zahatoa eskuan etortzen omen kontrabandoko jende batzuk, trago bat ardo eman mikeleteei eta aise pasatzen ziren. Errota eta eskola zeuden, gainera, aurre-aurrean.

      Lorentxok 3 urte zituela (gerrakoan) “Kafetin” delako gaizkile batek etxeari atzetik su eman (ikatz almazena hemen) eta hau erre egin zen. Xehetasunik aski eman dit “Kafetin” pertsonaiaz.

      “Cuevas farmazia dagoen horretan zan kafetegia, eta horko semea izan behar zuen. Otxakil zena ere hark hil omen. Heriotzako orduan aitortu zuen. Nik beti hala entzun izan dut etxean”.

      —Politika arazoa edo zer zen tartean etxeari horrela su emateko?

      —“Etzan politika arazorik. Gure etxean politika zertzen etzekin inork. Kalte egitea baizik. Taldean zozketa egin eta berari tokatu zitzaiola esan ohi zan”.

      “Gurasoak, aitona hil zain egonak zian ezkontzeko, 11 urtean hain zuzen”. Aitona “Kizkurra” ez-izenez ezagunagoa, ilea oso kizkurra zuelako. Aita, Joxe Mari Lizeaga Agirre zen, bertakoa, eta Luisa Aranburu Rekalde Errotako alaba ama, eta hauen seme-alabak: Ramon, Lorentxo, Pepita, Ixabel, Pedro, Patxi eta Joxe Manuel. Aita hil eta gerora, ama, etxea salduta, kalera joan zen bizitzera.

      Aitonak markatu zien bideari jarraitu zien ondokoek! Egurra eta ikatzaren negozioa zen oinarri Pagoagan, biltegi handi bat funtsean. Ikatza aterpean, eta etxe inguru guztia eta bide ondoa egurrez beterik izaten zuten. Galeretan burutu ohi zuten garraioa, Donostiara gehienik. Etxean taberna eta jatetxea, berriz. Etxea erre eta berritu ondoan, ukuilua etxe ordekora, hemen zegoen upelategia kenduta.

      Gerra garaian oroitzen da, doi-doian baina nola auto bat, Fiat berri-berria, Hernaniko herrian lehenengoetarikoa zena, seguraski, eta GMC lau tonako kamioia errekisatu zizkieten.

      Ukuiluan bost edo sei behi izaten zituzten eta mando sail handia. Hogeita hamar (30) izateraino ezagutu zituen Lorentxok. Eta basomutil multzoa, handik eta hemendik lanera etorritako jendea. Gehienak euskaldunak. Gogoan du arropa urdina, bi muda, ematen zitzaizkiola bakoitzari lanean hasitakoan. Garai hartarako enpresa koxkor polita dirudienez.

      Harrezkero, Lorentxok eutsi dio ahal den heinean egur lanari, baina esan gabe doa gasa eta argindarra etxeetara sartzen hasi zirenetik zer nolako beherakada egin duen egurraren kontsumoak.