Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Balantxa

 

      Badira sustrai bereko hainbat izen edo deitura Euskal Herrian, adibidez Balantxategi, Balentxena,... Balantxa hitza omen da (K. Mitxelena) zalantza hitzaren ama ere. Dena den, Balantxa baserritik hona etorri aurrekoren bat eta handik eta harat izena du, bestearen kopia etxe honek. Balantza Berri ere entzun izan duela dio nire solaskide Migel Joxe Ollok (79 urte).

      Florida auzoa dauka helbide nola Balantxak hala alboko etxeak eta goraxeago dagoen Azkonobieta etxeak. Udaletxean, gainera, “Bajada de Balantxa” esaten omen diote zonalde horri. Dudarik ez dago, Karabele auzoa helbidetzat izatea askoz egokiagoa dela, zeren eta bidearen azpiko zubia pasatzea baizik ez baita horretarako behar.

      Esan gabe doa Zinko-Enetik Ergobirako errepide berria (1946) egin aurretik errepide honetatik iragan ohi zela Hernani-Nafarroarako joan-etorri guztia, Goizuetako autobusa, Ereñotzukoa... esaterako. Autobus edo kamioi apalagoak ziren orduan, egia, eta zubi azpiko zorua ere altxatzen joan da denborarekin.

      Ez du patxada handiko itxurarik Balantxak, trenak eta errepideak hertsaturik bezala daukate eta, bai hau eta bai albokoa. Bi isuritako etxe luzexka da izatez, sarreran bi ate handi, balkoi eder bat alderik alde. Gerora ezarritako terraza, eta etxe atzean baratzaz aparte iturri-pozadera txukuna, ur garbiarekin noizbait.

      Orain Balantxa nahiz alboko etxea, kanpotik behatuz gero behintzat, aski zaharkiturik ageri zaizkigu eta, agidanez, laster desagertuko dira proiektu berri baten baitan.

      Aiton-amonak ezagutu zituen, Joxe Ugalde eta Anttoni Olarra eta hauen bost seme eta bost alaba ere bai: Joxe, Euxebi, Ramon, Joan Bautista, Joxepa, Joxe Mari, Joana, Manoli, Fernando eta Mari Tere.

      Fernando etxerako, Pepi Irastortzarekin ezkonduta, Pedro, Joana Mari eta Fernando hiru seme-alaba hauek izan zituztelarik.

      Gurasoak eta bi semeak bizi dira orain.

      Lehengoek behiren bat edo beste eta idi pare on bat izaten zituzten. Funtzio berezia betetzen zuten idiek baserri honetan: Ereñotzu aldetik herrira zetorren kargamendua (egurra, ikatza, papera...) idiek tirata galerak deitu lau gurpileko orga haiei, (bi gurpil txiki aurrean eta bi handi atzean), puntako egitea Balantxako aldapan. Atergabeko lana izan ohi zutela esan behar.

      Gero bide berriak eta autoen garraioa ugalduz zihoala, aitak fabrikako lanari heldu behar izan zion (“Almidon Remy”). Joxe seme zaharrenak, aldiz, beste bide bati ekin zion: trenbide eta etxearen tartean txapaz eginiko estalpe batean errementari tailerra, sutegi eta guzti muntatu zituen. Han izan zen hasiera, zeren gerora etxepe guztia, terraza etxeari ezarriz eta beronen azpia hartuz, kalderagintzari atxiki baitzitzaion, bost anaiak bertan enplegatzeko modua eginez. Hainbat lan egindako jendea da hau, nolanahi ere.

      Gaur, Balantxa hutsik eta bakar aurkitzen da. Floridan daukate tailerra eta denak kalean bizi dira.