Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Tolareta | Txonkua-Enea | 4. gunea

 

Txonkua-Enea

 

      Txanko (txango-ren aldakia cojo “defecto en cualquiera de sus extremidades”; zanco hitzetik ausaz). Txankoaeniak, ordea, interpretapen hau zalantzan utz dezake. (Luis M. Mujika “Euskal Toponimiazko Materialeak” 142. or.).

      Errotaran errekak Urumea ibaiarekin bat egiten duen kokagunetik hurbil dago Txonkua-Enea baserria, Hernaniko hirigunetik 2 km-tara, Onddi mendirako bidean, Loiditik gertu.

      Harriz eta zurez egindako baserri zaharra da. Aspaldikoa oso. Ondoko errekatik ateratako harritzarrekin jaso ziren lau pareta nagusiak eta inguruzko akazia-egurrarekin, berriz, solairuak eta teilatua. Berau hiru isurikoa izaki, bi etxebizitzako baserria izan da duela gutxi arte, karrerapea albo batera duela. Beheko azalera osoan ukuilua, eta goian dolarea, sukaldea eta bost gela handi. Azalera beretsuko ganbara handia, era guztietako uzta (arto, babarrun, intxaur, sagar, patata, etab.) gordetzeko. Bi etxebizitzako baserri handia izan da 1990ko hamarkadara arte. Orain 10 bat urte bota zen baserriaren zati bat Udalak aginduta, horren truke eman baitzion baimena bere jabeari inguruan etxe berri bat egiteko.

 

GARIN UGALDE Familia

      Raimundo Garin eta Dionisia Etxeberria ziren Txonkua-Eneko Joakin Garinen gurasoak. Raimundo aita, ordea, gazterik hil zen eta Dionisia berriro ezkondu zen Seberiano Insaustirekin, beste 4 seme-alaba eman zituen bigarren ezkontza honek: Migel, Anttoni (moja), Joxe Ramon eta Dolores.

      Joakin etxerako, Inaxi Ugalde emaztetzat hartu eta sei seme-alaba izan zituzten: Jazinta, Manoli, Joxe Mari, Maria Luisa, Migel eta Mari Karmen.

      Joakin Garin gogotik saiatu zen Txonkua-Enea baserriaren jatorrizko nondik-norakoak argitzen. Hernaniko D. Joakin Iturriotz apaizak elizak zeuzkan dokumentu ugari erakutsi zizkion aurreko biztanleen ibilerari buruzko argibide zehatzekin, eta huts handirik egin gabe, esan daiteke 350 urte inguruko antzinatasuna baduela baserriak. Paperek diotenez, Goierri aldetik Hernanirako bidea hartu zuen familia bateko kideak izan ziren Txonkua-Enera bizi izatera etorritako lehen biztanleak.

 

GARIN eta SALABERRIA Familiak

      Aitonak anaiak izaki, bestetxean ere Garindarrak izan dira (zortzi anai-arreba) bertan jaio eta urte askotan bizi izandakoak. Horien guztien buru, Joxemari Garinek (dozenaka marka hautsi dituen atleta ospetsuak) urte asko egin zituen TxonkuaEnean baserriko langintzan. Txofertzako lanak bultzata, baserria utzi eta 1968an kalerako bidea hartu zuen. Nolanahi ere, baserriak izan zuen jarraibiderik ondorengo urteetan.

      Garindarrek baserria utzi bezain laster, Goizuetako Joxe Salaberria eta Felixa Narbarte senar-emazteak etorri ziren Txonkua-Enera 1970. urte aldera, beren lau seme-alaba: Joxe, Maria Anjeles, Felix eta Anabel, eta Genaro Salaberria eta Anjeles Apezetxea guraso, eta anaia batzuekin batera.

      Maizter berriek berrikuntzak ekarri eta bizitasuna eman zioten Txonkua-Eneari. Ohiko 6-8 buruko ukuilu txikiaz gain, artalde handia eta horrekin batera artzain usadioko hainbat baliabide jorratzeko lan-ohiturak ere (gazta, mamia, larruak, etab.) ekarri zituzten Osiñagako bailarara. Hizkuntzari dagokionez, euskaraz mintzatzeko era eta doinua ere apur bat desberdina, hernaniarron belarrirako arrotz samarra hasiera batean, baina elkar ulertzeko batere eragozpenik gabea. Hogei urte beranduago baserri handiago bat hartu eta utzi zuten Txonkua-Enea Salaberriatarrek (amona oraindik bizi da 96 urterekin!).

      Txonkua-Enea baserriaren berezko ezaugarri batzuk aipatze aldera, bizpahiru gertakari berezi nabarmendu beharko lirateke, besteak beste:

      Alde batetik, sagardogintzan garrantzi handiko mugimendua izan zuen garai batean. Urte haietan ez zegoen gaurko sagardo-industriarik. Inguruko baserri guztiek (oraingo Otsua-Enea handia bera ere tarteko) Txonkua-Enean jotzen zuten beren sagastietako sagarra eta idiekin garraiatzen norbere kupeletara. Jende asko biltzen zen Txonkua-Enean mokadua jan eta sagardoa probatzera. Bolatokia ere bazeukan baserriak eta hamaika kontu jakiteko topagune aproposa izan omen zen urte askotan. Garai hartako anekdota bitxi eta ugari kontatu izan ditu Joakinek bazkalondoko solasaldietan. Txonkua-Eneak 1987an utzi zion sagardoa egiteari.

      Errekaren maila berean eraiki izanak arazo franko sorrarazten zizkion baserriari. Uholdeak gaur egun baino maizago jasan behar izaten zituen Osiñagako bailara osoak eta errekak gainezka egin orduko, bete-betean sartzen zen ura ukuiluan. Ganadua hartu eta atzealdeko kanaletik gora eraman behar izaten zen, euripean, errekako ura bere onera etorri bitartean.

      Baserri honen beste ezaugarrietako bat bere jabetzako erriberako lursailek eman diotena izan da. Portualdeko erriberako lur heze emankorrak bertan ereindako era guztietako produktu-sail handia eman du. Eta gaur ez bezala, lurretiko uzta oparoko urteak ezagutu zituen Txonkua-Eneak bere garaian. Gaur egun Hernaniko hegoaldeko saihesbideak zeharkatzen ditu lursail hauek.

      Azken hamar urteotan hutsik dago Txonkua-Enea. Baserri zaharra da eta denboraren poderioz hasia dago apur bat kraskatzen. Bertako seme-alabek asteburuko aisialdirako darabilte, baratze pixka bat landu eta inguruak garbi mantentzearren baina baserri gisa, beste askori bezala, amaitu zaio, betirako, bere ibilbidea.

 

Tolareta | Txonkua-Enea | 4. gunea