Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Osinaga | Otsua-Enea | Otsuane Txiki

 

Otsua-Enea

 

      Ez dakite nondik heldu den izena. Garbi dago “Otsua” hitzaren esanahia zein den, baina besterik ez. “Otzuania Aundi” “Nomenclator” zerrendan (1870), “Casa Ochoarena” Hamarrenak zerrendan (1610), eta orain, azkenik, Otsua-Enea. Izen propioa eta deitura ere izan daitezke eta kasu honetan guztiz antzinako izen zaharra, gainera, euskaldunon izendegian, Lope, Bela, Otxanda, etab. bezalaxe.

      Osinaga auzoan, Osinaga baserriaren ondoko zubia pasatuta Harlimurirako bide gainean ezkerrera aurkitzen dira Otsua-Enea eta Otsuane Txiki.

      Nahikoa zabala eta luzexka, errektangeluarra da Otsua-Ene Zaharra. Eranskin bat dauka goi aldera bi etxeen tartean “tolare aldea” deitu izan diotena, nahiz dolarerik ez zuten. Txabola trakets handi bat bide aldetik etxeari aurpegia ezkutatzen diola.

      Rita oraingo etxekoandreak, dio, hiru etxebizitza ezagutua dela teilatupe bakarrean: Etxeberria, Anabitarte eta Garin familiak. Gaur, hutsik aurkitzen dira hiru etxeok. Etxeberriatarrek alboan etxe eder moderno bat eraiki zuten, azpian sagardotegia eta goian etxebizitza dutela. Anabitarte eta Garin familiak bizi izandakoak, aldiz, etxejabe diren Rezolatarrek asteburuetarako antolaturik dauzkate.

      Nire solaskideak dioenez, ezkondu eta Otsua-Enean bizitzen jarri zenean, artean bizi ziren bertako aiton-amonak, Joxe Manuel Etxeberria Zipitria, etxeko semea eta Joakina Zipitria Zipitria, sortzez Andoaingo Itsaso baserriko alaba.

      Senar-emazte gazteak, berriz, Joxe Etxeberria Zipitria eta Rita Belaunzaran Kortadi, Urnietako Ormazarreta baserriko alaba. Seme-alaba hauek izan zituzten: Simon, Joxe Manuel, Modesto, Maria Pilar, Joxe eta Maria Anjeles.

      Gaur egun, bi alabak kanpora ezkonduta, Rita ama, bere lau seme eta Balentin koinatua bizi dira Otsua-Ene baserrian.

      Sei behi, zekorrak, zerri pare bat, oilo, untxi eta abar izaten zituzten. Uztarrirako behiak, eta ez idiak, lur eroso eta arinak ziren seinalea da hau. Ritak esaten dit, azpigarriak ematen ziela lana. Epeleko errekan gora jo behar izaten baitzuten. Bestetik, amona hainbat urtetan zehar eta ama gero, honen alaba geroago eta Simon seme nagusia azkenik, duela lauzpabost urtera arte esnea Hernaniko etxeetara eraman ohi zuten. Gainera, esan behar da aitak eta etxeko gizonezkoek Eziago papeleran lan egin zutela, erreleboan, baserriaz arduraturik.

      Lehengo etxean, maizter izan arren, lur zati bat erosi Otsua-Ene zaharraren ondoan, eta etxe berri handi bat eriki zuten sagardotegiarekin. Simon seme zaharrenaren eta beste hiru anaien ideia eta obra dugu hau.

      Hala berean, duela zazpi bat urte etxearen jabe eginez, ukuilu berria eraikitzeari ekin zioten, zeren eta baserrian jarraitzekotan ezinezko baitzitzaien lehengo moldeetan jarraitzea. Orain, etxetik aldenduxeago, estalpe zabal handi batean dituzte ganaduak, berrogeita hamar behi eta hogeita bost txahalez horniturik. Jatorriz, Yersey arrazako behiak guztiak, duela lau urte, ondo gogoan dute, 97ko abuztuan ekarri zituzten. Ez dira handiak gorputzez. Andereño panpoxak iduri, mutur gaina eta begi ondoak margotuta bezala dituzte. Errape ederrekoak izan arren, esnearen kopurua ez baina, beronen kalitatea dute bereizgarri nagusi, koipe eta proteinaren portzentaia altukoa direnez.

      Esan gabe doa, harro sentitzen direla Otsua-Eneko semeok, egindako lorpenarekin, ez Gipuzkoan lehenak eta bakarrak direlako, behi arraza egoki baten jabe egin direlako baizik.

      Funtsean, esnea eta haragia batetik, eta sagardotegia bestetik, dira Otsua-Ene baserriko Etxeberria familiaren bizimoduaren oinarriak.

 

Osinaga | Otsua-Enea | Otsuane Txiki