Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Bortolua-Enea

 

      Bartolo-Enea, seguru aski izatez, baina “Bortoluenea” azaltzen zaigu aspaldiko dokumentu guztietan eta herriko edo auzoko jendearen ahotan. “Bortoluania” aldiz, “Nomenclator” zerrendan (1870).

      Bizkargune batean kokaturik daukagu, Osinagatik Onddirako bidearen ezkerretan, Pardiola duelarik (hau eskuinetik) baserriaren paretsuan.

      Isuri biko etxe handia, ekialdera begira erabat. Estalpe bat eta aparteko borda eskuinetik, terraza handia ezkerretik. Deigarri gertatzen da zinez etxeak alderik alde fatxadan daukan balkoi zabal bikaina, erabat teilatupean eta beste inon ikusten ez den zerbait nolanahi ere. Pena da etxeak aurre-aurrean daukan belar-zulo mokorra eta platano zuhaitza bistarako oztopo izatea. Gainera, lehen, beste balkoia omen ganbaran.

      Aiton-amonak ezagutu zituen eta aitaren lehengusu bat gaur etxeko nagusi den joan Migelek. Gurasoak Joan Bautista Iraola Ezeizabarrena aita eta Anttoni Urkola Arruabarrena ama. Aita alarguna zen, aurrez Anttoniren ahizpa Maria izan baitzuen emazte eta bi alaba, Maritxu eta Mari Karmen. Anttoni, bigarren emaztearekin, aldiz, Joan Migel, Anjelita, Martina, Arantxa eta Begoña.

      Senideak sakabanaturik, Joan Migel gelditu zen etxean, Kontxi Arregi Munita, Urnietako Agirita baserriko alaba ematetzat harturik, eta bi alaba izan; Sorkunde eta Garbiñe. Orain, aita eta ama bizi dira soilik baserrian.

      Sasoian, zortzi behi eta idia, behi batekin uztarrirako izan dituzte. Zekor batzuk eta hainbat ardi ere bai, ardi ale batzuk dio berak.

      Esnea egunero Hernanira urte askotan zehar, gero Gurelesari eta haragitara jotzen dute orain. Aitak artrosia eta amak ere zangoetatik nahiko lanak, osasun urriak mugaturik dauzka biak. Beharrik, pentsio koxkor bana jasotzen duten.

      Urte luzeetan jasan dute argindarraren arazoa. Oso nekez iritsi omen zitzaien Iberduero etxera. Bitartean, erremolatxa, arbia, sagarra jotzea... eskuzko makinaz egin beharrak bazuen lanik asko berekin. Tpurtargiaren antzeko zerbait gauetan.

      “Argia, doi-doian heltzen zitzaigun dio Joan Migelek, Osinagako zentraletik. Huskeria pagatzen genuen, egia. Geure kontura poste eta linea etxera jartzea, eta noiznahi argirik gabe haize zakarraren bat bitarteko zelarik. Ekaitza eta tximistarekin, plomuak kendu, erramua eta kandela bedeinkatua pizten ziran gure etxean, beste batzuetan bezalaxe”.

      Dolarea bazuten eta badute, baina osasunaren mugak kontuan, sagarra saldu eta etxe-tarako behar den sagardoa erosi egiten dute orain.

      Azpigai bila Onddiko harkaitzeraino joan behar izaten zuten, Urnieta-Hernaniko herrien mugatik irastorra eta mendi belarra ekarriko bazuten. Onddi aldera begira jarrita orain ageri den plaka zuri zabal hori hauen sailetan kokaturik dago. Kable baten bidez etxeratzen zuten azpigaia. Sistema polita eta erraza ematen du honek baina puntu jakin batera bildu behar zen kablez etxera bidaliko bazen. Marra bidez igorlekura eraitsi azpigaia, sortak egin eta sorta txirritan ipini eta... kilometro bat oso-osoa egiten zuen kablean. Gero, Onddi magaletik zehar Iberduerok linea handia pasatzeko hasi zenean, amaitu zen kablearen bidea. Beharrik, pistak egiten lagundu zuten, eta idi pareaz baliatu ziren azpigaia garraiatzeko handik aurrera.