Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Arriatsu

 

      Izena ongi ezarria du, agidanez, zeren “oso harritsua baita eskola-bidez azpitik behintzat, diote Mari Karmen eta Joxe Ramon anai-arreba eta nire solaskideek, erreka harria dago nunai”. “Ariatzu” dauka erre tantodunaz, ortografia zaharrean idatzita, etxeak ate gainean. Dokumentu zaharretan Arriasu (1610) eta Arriatzu (1870).

      Aurrekoei entzunik, oso antzinakoa omen Arriatsu hau. Etxe apala garai batean, eranskin berria du orain, 1942an. lehengoaren aurretik ezarria, eta handik urte pare batera anartean baserri zen eraikina ere erabat berritua, etxeari osoko batasuna emanez. Begirada batean, gaur egun, baserri-etxe handi eta zabala gertatzen da, sarreran ezkaratza, eskuinera terraza eta etxearen kantoi batetik besterainoko balkoia. Goian bizitzak eta gorago ganbara. Etxetik at, etxe ordekoak eta ukuilu galanta apartaxeago. Ukuilua, lehen etxepean. Orduan, etxean sartu eta ezkerrera sukaldea, eskuinera sotoa ganaduen jana edukitzeko eta atzean alderik alde majerak eta behiak, eta atzean atea azpigarria sartu eta simaurra ateratzeko.

      Ekialdetik sarrera, Argindegiko azpian hegal batean aurkitzen da Arriatsu baserria, ezkerretik Sarobe baserria eta azpian Txonkua-Enea dituela. Eskuinetik, goraxeago, izen bereko eskola.

      Aiton-amonak, Santos Zeberio Amundarain, Elduaingoa izatez, eta Maria Aranburu Garmendia ziren, Agerre baserriko alaba hau. Baserria erosi eta bertan jarri ziren bizitzen. “Gerra hasi aurre-aurrean, diote anai-arreba solaskideek (martxoak 1, 1936an). Gerrakoan gora-behera pranko izanak ziala esaten zuten. Okelei-Ihartza Gainaren artean frentea, baserria tartean, nahiko bildur eta larritasun pasatuak zian. Iluntze batean aitonak argia piztu eta Okeleitik erasoa zuzenean. Handik aurrera leihotan koltxoiak jarriz ibili zian”.

      Gose urteetan, gero, babarruna, zerriak, patata... errekisatu egiten, baina amona ere ez lotan eta babarruna eta txerrikia, etab. edukitzeko despentsa polita izan zuen. Eskola garbitzearen ardura berak omen eta eskolako ganbara gordailu, agidanez.

      Gurasoak, aita Nemesio Zeberio Aranburu, sei urte zituela gurasoekin Arriatsura etorria, eta ama Pilar Zubiarrain Izagirre, Artola (Antigua, Donostia) baserriko alaba, eta honako seme alaba hauek izan zituzten: Pili, Mari Karmen, Joxe Ramon, Mirari eta Amaia. Orain, guraso zaharrak, Joxe Ramon eta Manoli Zubeltzu (tolosarra) senar-emazteak, hauen hiru alabak Estibaliz, Ane eta Maialen, eta izeba Mirari bizi dira etxean.

      Hiru oinarri zituen baserri honetako bizibideak aiton-amonen garaian. Dolarea eta sagardotegia, etxean eta kaleko lokal batean; hamar-dozena bat behi, eta baratzea, beti ere etxerako baino gehiago. Esnea eta barazkiekin Donostiara (Bretxa), zaldia eta karroarekin bertaraino aldi batean, gero Karabelera eta handik autobusez.

      Gurasoen belaunaldiak, sagardoa soilik etxerako eta ganadua gehitzera jo zuen: 20-22 behi eta zekorrak, esnea baino areago haragia eta baratzea baloratuz.

      Belaunaldi gazteak, aldiz, esnea du helburu nagusitzat. Behi kopuru handia daukate eta bigantxa multzoa. Idiskoak jaio eta egunetara saldu egiten dituzte. Esnea Iparlatek eramaten die. Bestetik, baratze handia. Egunero Bretxara Mirari izeba. Orain furgonetan, hala ere. Mari Karmen beste izebak ere, alboko etxean bizi ezkonduta, beharrik honek ere lanerako ongi luzatuak dituen bere besoak. Denak bete-betean dihardute baserri honetan. “Etxeko eskulana izan ezik, baserriak etekin urriak” dituela dio Joxe Ramonek.