Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Altuna | Altzueta | Argurutze

 

Altzueta

 

      Itxura batez, (h)altza hitza darama sustraian baserri honen izenak. Haltza + zu edo tsu (ugaritasuna), haltzadi edo haltza deitu zuhaitz mota den lekua adieraziko luke. Eta Joan etxeko nagusiaren ustetan ere (67 urte) halaxe da, beti halaxe entzun izan duelako. Bestalde, zalantzarik aski sortarazten du izen honek zeren eta ez baita altza, “altzu” baizik kasu honetan. Eta altzuk, besteak beste, mea edo minerala den lekua adierazten du. Dena den, lehen ildoa jarraiki, badugu Hernaniko herrian Ilarra-tsueta izeneko baserri bat, tsu + eta ugaritasuna eta lekua adierazten duten atzizki bi daramatzana. Adibide hau aplikatuz, gisa honetan askatuko genuke korapiloa: Altzueta = (h)altza + zu+ eta. Litekeena. Altzueta “Nomenclator” zerrendan (1870). Eta Altsuta jendearen ahotan.

      Urumea gaineko zubia Osinagan zeharkatu, Loidi bidegurutzean ezkerrera jo eta lehenengo baserriak dira, ibar eskuinean kokaturik, Altzueta biak.

      Bi bizitzako etxea zen, agidanez, Altzueta zaharra. Mendialdetik, osoki ekialdera begira bi isuritako etxe koxkorra bata, eta ibai aldetik bestea, gerora berritua izan dena.

      Etxe kaxkarra zela mendialdekoa dio Joanek, baina beren gurasoek hamaika seme-alaba hazitako etxea ere bai. Gero, Munduko Lehen Gerrateko urteetan, alboan lehengo etxe zaharrari begira, egitura luzeko etxe handi bat eraiki zuten, sartuta eskuinera sukaldea eta beheko oinean ukuilua etxearen alde batik bestera, bere luzera guztian, bi ate handi alde banatan zituela, simaurra atera edo azpigarria sartzeko. Ekialdetik beste atea, handia hau ere, ganaduaren jatekoa ekartzeko.

      Etxe-ordeko bat ere bazuen alboan sarrerako atearen ezkerretan, gero estalpe baizik ez zena eta 58-59an terrazape bilakatua. Soilik lau horma nagusiak gordez, barne guztia ormigoizko hezurduraz horniturik erabat berritua izan zen etxea (82an). Azkenik, pabilioi berri bat (93an) egungo sagardotegi modernoek eskatzen dutenaren arabera.

 

GOIKOETXEA LARBURU Familia

      Joan nire solaskideak aita eta ama ezagutu zituen, aurrekorik ez. Aita, Joxe Mari Goikoetxea Beobide etxeko semea eta ama Kontxa Larburu Odriozola, Berakorte baserriko alaba ziren. Joxe Mari aita bigarren aldiz ezkondua zen. Lehen emaztea Maria Elustondo Odriozola. Urnietako Egurrola baserriko alaba eta alaba bat izan zuten, Anttoni, gaur egun Afrika Beltzeko lurretatik (Burkina Faso) lekaime misiolari ibili ostean etorri berria, eta bigarrena izaterakoan ama hilik aita alargun, eta Kontxarekin ezkondu gero. Honako seme-alaba hauek izan zituzten: Joan, Pedro Mari, Maria Anjeles (lekaimea), Bautista, Paulo Joakin, eta Milagros (sei urte zituela hila). Halaber, aita hil eta aitaren anaia Pedrorekin ezkondu zen berriro ama Kontxa, seme bat, Joxe Mari izan zutelarik. Bihurdura handiak jasandako familia, nolanahi ere. Aita bi aldiz ezkondua, eta ama bi aldiz berebat, ez hala ere zentzu modernoan esanda.

      Joan seme nagusia etxerako. Ezkondu: emaztea, Agustina Goikoetxea Labaka, Astigarragako Ipintza baserriko alaba eta hiru alaba izan dituzte: Maria Anjeles, Jaione eta Aitziber. Orain, aita alarguna eta Aitziber alaba bizi dira elkarrekin Altzueta baserrian.

      Dozena bat behi, garai baterako kopuru handia, idi parea eta zaldia bere orgarekin ezagutu ditu Joanek etxean. Eta zezen bat edo bi, etxeko eta inguruko baserrietako behien estaldurak egiteko. Ehun bat litro esne batez beste egunero. Horretaz aparte, baratze, ez txikia, lanik aski izan da Altzueta baserrian. Baserri handiak lanak ere handi.

      Alabaina, “buruhausterik handiena azpigarriak ematen zigun, dio etxeko jaunak. Haiek ibiliak halakoak!” Naparralde pasatuta Aranoko mugan dagoen Euntziko harriaren hegalpetik ekarri ohi zuten, eta Borrotolatik. Hau hala ere erosoa omen zen. Galera zeukaten, lau gurpileko orga zena eta orain argazki zaharretan baino existitzen ez duena. Marra deitu arbazta batzuen bitartez eraisten zuten mendian beheko bidera irastorra.

      Dolarea beti ezagutu du Joanek etxean. Lehenik, eskuzkoa, gero, eskuzkoa eta argindarrez eragina, biak batera. (Ikus 1926ko ordainketa agiri bat Udal Artxiboan).

      Azpigarria garraiatzea ez ezik, lan gogorra izan zen etxe ondoko malkarretan sagarrondoak landatzeko dena aitzurrez, hondeaketa lana eta simaurketa, sagastiak simaurtzea. Oraino gogoan du Pagoagako mandazainaren bidez burutu zutela zenbait negutan lan hau.

      Dena ez zen, hala ere, zailtasuna etxe honetan, arropa garbitzea, esaterako. Etxe aurre-aurrean zeukaten, aterpetxo bat erreka koxkor baten alboan bere aska, harria eta guzti, poliki antolaturik.

      Baratzegintzak Altzuetan izan duen garrantzia azpimarratzeko, ikusi besterik negutegien sistemari buruzko ezarpena, Hernani aldean aurren samarretakoa dena, nolanahi ere.

      Hartan, 76an, ukuilua kendu eta erabat sagardotegi bilakatzen da Altzueta, egitasmo handi baten baitan murgildurik.

 

GOIKOETXEA MURUA Familia

      Iñaxio Goikoetxea (64 urte), etxeko jauna solaskide izan dut. Altzueta zaharrak, aurrean bide aldetik, jarraipena zeukan lehen ere eta beti bi bizitzako etxea izan omen. Etxea hustu nonbait, aitona Iñaxio, Altzueta zaharreko semeak hartu eta ezkonduta bizitzen bertan jarri zen.

      Gaurko Iñaxio, biloba, honen gurasoak Joan Bta Goikoetxea Beobide aita eta Maria Kamio Igartaburu ama, Altuna baserriko alaba izan ziren. Hauen seme-alabak: Manoli, Axun, Iñaxio eta Mari Karmen.

      Iñaxio etxera ezkondu, emaztea Dolores Murua Maiz, zaldibiarra, eta seme-alaba hauek: Joxe Mari, Axun, Maria eta Ana.

      Aita eta ama, Joxe Mari semea eta bi alaba gazteenak bizi dira baserrian.

      Gurasoak baserriko lanari atxikirik bizi izan ziren. Zazpi behi, hiruzpalau zekor eta zaldia bere orgarekin. Egunero Donostiaraino zaldia hartuta lehenik, tranbian eta autobusean gero eta furgonetan orain.

      Ekoizpenak, esnea eta barazkiak. Baratzeak, oraingo panorama ikusita, etxe honetan tradizio handia izango zuelako ustea azaldu diot Iñaxio solaskideari. Eta honek erantzun:

      —“Ezta pentsatu ere. Aita zena izan zan baratzegintzaren eragile etxean eta... inguruotan”. Eta hala, aurrekoen istorio bat kontatu dit Iñaxiok, etxean askotan entzuna. “Ari omen zan gure amona baratze sailtxo batean ahaleginetan, hurbildu zaio aita (birraitona guretzat) eta esan omen zion: Emakumea, loiolatarrak izorratuko dituzu”. Garbi dago lehen baratzegintza nola zen edo non kokatzen zen, oso Donostia inguruan, agian. Oilo mordoska bat beti eta fruta ere bai. Gerezi asko izaten zuten eta jateko sagarra (San Joan sagarra, pelestina, Berrondo sagarra...).

      Gaur egun, bi behi eta zekor bat edo beste, etxerako segida ziurtatzeaz aparte, etxerako esnea eta haragia izateko moduan.

      Baratze lanean dihardu gainerakoan gaur Altzuetako familia honek. Urrats berri bat eman zuten orain urte batzuk bide honetatik, negutegiak ipintzea. Eta loragintzari heldu zioten negutegiekin batera. Urte batzuetan loragintzak bolumen eta arrakasta handia izan arren, errentagarri izatea galtzen joan ahala, uzten joan dira, erabat uzteraino.

      Baratzegintza berezituari atxiki zaio azkenik. Tomatea hartu dute ardatz. Bi uztaldi ditu tomateak, agidanez, negutegien baitan: bata, otsailaren hasieran landatuz, maiatzaren erditik San Inaziotara, eta bigarrena abuztuaren lehen egunetan landatu, Pilariketatik Urte Zaharrak bitartekoa.

      Tomatea ardatz eta honako hauek lagungarri: letxua, zerba, aza eta patata. Lekadunik ez? Ezezkoa izan da erantzuna. Eskulan handia eskatzen omen eta kanpoko jendea lanerako hartzea ez delako errentagarri gertatzen.

 

Altuna | Altzueta | Argurutze