Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Hernaniko industria-ondarea
Urumea bailaran zehar
Miren Garcia Dalmau / Alfredo Moraza Barea, 2020
49. Pagoagako errotak | 50. Santiago-Abañoko zentral hidroelektrikoa | 51. Aparraingo burdinola

 

50
SANTIAGO-ABAÑOKO
ZENTRAL HIDROELEKTRIKOA

 

 

KOKAPENA

 

UDALERRIA: Hernani, Errenteria, Arano

KOORDENATUAK (U.T.M.): x 587975, y 4785940, z 50,20

                                x 588679, y 4785478, z 62,43 (presa)

IBAIA: Urumea

 

      Santiago-Abaño multzoa Pagoagako auzoan kokatzen da, Nafarroako errepidetik (GI-3410) distantzia gutxira, eta Nafarroako mugatik oso gertu.

      Zentral hidroelektrikoa ekoizpen elektrikoaren adibide interesgarria da, Bailaran martxan jarraitzen duen gutxienetako bat baita, azpiegitura osoa mantenduz (presa, ubideak, makineria) nahiz eta berritua egon.

 

 

DESKRIBAPENA

 

KONTSERBAZIO EGOERA: Egoera onean dago

BABESA: HHPASB (Arkitektura). III. Motako Babes Erregimena: Fitxa III.9 Pagoagako Santiago Zentral Hidroelektrikoa

 

      Makina etxea ibai-plataforma baten gainean eraikia izan zen. Angeluzuzeneko oinplanoa duen eraikina da (16,40x11,05 m), bi solairu eta ganbara duena eta 181 m2 inguruko azalera. Hormigoizko egitura du, adreiluzko hormak, eta, uralitaz eginiko bi isuriko teilatua. Bao guztiak arku beheratuak dituzte eta ertzetan moldura bat eta horiz margotutako zementuzko banda batekin apainduta daude. Banda hauek ere ikus daitezke solairuen artean platabanda gisa eta ertzetan eskantzu moduan. Barrualdean jatorriz horizontal-ardatza duen Francis motako hiru turbina zituen, “La Maquinista Guipuzcoana” enpresarenak, 240, 452 eta 1.000 kw-ko potentziarekin; AEG etxeko alternadore bat (1990ean egindako bisita) eta zubi-garabi bat. Ezinezkoa izan da instalazioen barrualdera sartzea baina ikus daiteke makineria zati handi bat berritua izan dela jatorrizkoa ordezkatuz.

      Ipar-mendebalderantz hustubide ubidea dago. Zementuz eta harri-hormaz egindako albotako bi horma besterik ez dira, 10 m-ko zabalerarekin eta 40 m-ko luzera duen malda jarraituz.

      Goiko aldean erregulazio andela du eta bertara eskailera piko batzuetatik igotzen da. Andela harri-hormazko hormaz eginda dago eta hormigoiz egindako lau isuriko estalki bat du. Estalki honen azpian elikatze hodien erregulazio makineria aurkitzen da, zikinkeriaren aurkako saretoekin. Albo batean andelaren hustubiderako gainezkabide uhatea dago. Jatorriz, andela honetatik burdina forjatu eta errematxatuzko hiru hodi ateratzen ziren, egun altzairuzko bi besterik ez direlarik instalazioen berrikuntza eta gero. Hodi hauek 16 m-ko luzera dute eta 1,10 eta 2,10 m arteko diametroa.

      Azpiegitura hidraulikoa, Urumea ibaiko ur-lasterrarekiko zut dagoen presa bakar batek osatzen du, Errenteria eta Aranoko lursailen tartean. Trapezio-formako ebakidura duen grabitate erako presa da, 2,75 m oinarrian eta 2,25 gailurrean duena eta aurrealdea zuzena ur gora. Silarrixkaz egina dago eta 27,80 m-ko luzera eta 2,90 m-ko garaiera du. Eskubialdean zubi-branka txiki bat du eta erdialdean izokinentzako eskala, zementuzkoak biak eta kontrahorma moduan balio duena. 1,80x2 m-ko hustubide ataka batekin osatzen zen, era elektrikoan eragiten zena, eta bere erabilera barrualdean pilatzen ziren lohiak garbitzea zen.

      Elikatze ubidea ezkerraldetik ateratzen da, non erregulatze etxola dagoen. Etxola honek hormigoizko estalkia du eta bertan kokatzen dira eskuz eta era elektrikoan eragiten diren bi uhateak (1,80x2,85 m). Ubide honek angeluzuzen formako ebakidura du, 4 m-ko zabalerarekin eta 1,60ko garaiera ur-xaflatik gora. Mendiko mendi-mazelaren kontra ipinita dago 1,50-2 m tarteko zabalera duen zementuz berriztatutako harri-hormazko horma itxitura duelarik. Ubide honek 727 m-ko luzera izango du guztira, horietatik 574 m tunel baten barrutik doazte eta gainontzekoa kanpotik. Egun 5.800 l/seg-ko emaria du eta 19,55 m-ko ur-jauzia.

 

 

DATU HISTORIKOAK

 

GARAIA: Garaikidea (1895/2020)

BESTE IZENAK:

 

      Santiago-Abañoko Zentrala energia hidroelektrikoaren ekoizpenaren instalazio aitzindarietako bat izan zen Urumea bailaran, eta, gainera, oraindik martxan jarraitzen duen instalazio bakarrenetakoa da.

      Zentralaren eraikuntza lanak zailak suertatu ziren, administrazio eta eraikitze arazoengatik batik bat. Jatorrizko egitasmoa Ubarrechena anaiek (Jose María, Jose, Agustín eta Dolores) aurkeztu zuten 1893an, baina, arrazoi ezezagunengatik, azkenean ez zen onartu[137]. Behin betiko proposamena berriro 1895eko urtarrilean aurkeztu zuten 4.000 l/s.-ko emaria eskatuz, Hernanin zuten irin eta porlan fabrikentzako, Arbiza Portu inguruan (producir corrientes eléctricas trasportables por cables aéreos á las dos fábricas de harina la una y de cemento la otra, para su empleo como energía de los artefactos de la misma”). Jatorrizko egitasmoa Ramon Cendoya ingeniari hernaniarrak idatzi zuen, eta berak dioenez, ubideak 698 m-ko luzera izango zuen (520 galerian). Presa Abañoko lursailean kokatu zuten, Errenteria eta Arano udalerrien artean, Askaso baserritik 400 m-tara ur gora[138].

      Egitasmoa 1895eko martxoaren 30eko Ebazpenaren bitartez onartu zen eta lanak segituan hasi ziren, horretaz Pedro Ondategui kontratista donostiarra eta Jose Maria Mendizabal maisu idiazabaltarra arduratuz[139]. Hasi eta gutxira, 1896ko uztailean, lanak gelditu behar izan ziren “por el error padecido por el Director (Cendoya) que hizo inútiles los trabajos ejecutados hasta que fue descubierta la equivocación”, tunelaren hondeaketa-lanak pentsatuta zuten baino gorago egiterakoan. Halaber, negu horretako ekaitz gogorrek eta 1896ko ekainean izandako uholdeak kalte larriak eragin zituzten egindako obretan. Hori dela eta auzi bat aurkeztu zen, Donostiako Udalak epeak ez betetzeagatik jarritako salaketaren ondorioz. Bi alderdien arteko epai-liskarrak 1920. hamarkada arte luzatuko dira[140]. Lanak azkenik 1898an amaitu ziren.

      Lan horiek amaitu baino lehen, sustatzaileek “Ubarrechena Hermanos y Cia.” enpresa eratu zuten (1895eko abuztua), eta hari eman zizkioten emakida hau eta haren obrak. Era berean, 1898an “Compañía Eléctrica del Urumea, S.A.” eratzeko orduan kapital nagusi gisa ekarpena egingo duen enpresa izan zen[141].

      1905ean emaria handitzeko baimena eskatzen da, presari 60 cm gehituz eta 5.800 l/seg-ko emaria lortuz[142]. 1998an arrain eskala tokiz aldatu zen zementuzkoa eginez.

      2011an kontzesioa Iberdrolaren eskuetara pasako zen, Zentralaren egungo jabea.

 

 

[137] ACHC. 135-2 sorta.

[138] GAO. JD-IT. 1.1816/7.914 sorta.

[139] GPAH. III/3.359 sorta, 290 zk. 1.319-1.325 orr. (1895.08.16).

[140] DUA. 2.025/8, 2.031/5 eta 2.032/1 sortak.

[141] GPAH. III/3.959 sorta, 296 zk. 1.337-1.350 orr. (1895.08.21) eta III/3.974 sorta, 220 zk. 813-840 orr. (1898.03.15).

[142] ACHC. 135-2 sorta; GAO. JD-IT. 1.823/9.610 sorta.

 

 

 

Santiago-Abañoko Zentral hidroelektrikaren kokapena

(ITURRIA: Geoeuskadi)

 

Santiago-Abañoko Zentral hidroelektrikoa
(1977ko ortofotoa)

(ITURRIA: Geoeuskadi)

 

Jatorrizko egitasmoa (1893ko urria)
Santiago-Abañoko ustiapena lortzeko

(ITURRIA: ACHC)

 

Makina-etxearen aurrealde nagusia

 

Ekipo sorgailuak Makina-etxearen barruan

 

Presa Nagusiaren ikuspegia.
Erdian izokinentzako eskailera

 

Ubidea erregulatzeko uhateak

 

Ubidearen hasierako ikuspegiak,
tunelean sartu aurretik

 

Erregulazio andelaren ikuspegia eta
garbiketa saretoak irekitzeko sistema

 

49. Pagoagako errotak | 50. Santiago-Abañoko zentral hidroelektrikoa | 51. Aparraingo burdinola