Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Hernaniko industria-ondarea
Urumea bailaran zehar
Miren Garcia Dalmau / Alfredo Moraza Barea, 2020

 

43
URRUZUNOKO
ZENTRAL HIDROELEKTRIKOA

 

 

KOKAPENA

 

UDALERRIA: Hernani, Urnieta

KOORDENATUAK (U.T.M.): x 586732, y 4786605, z 50,92 (zentrala)

                                x 586201, y 4783617, z 190,60 (Kartolako presa)

IBAIA: Kartola eta Bezkite

 

      Urruzunoko multzoa Pagoagako auzoan kokatzen da, izen bera daraman errekaren ondoan, Hernani eta Urnietako Udalerrien artean. Sarbidea Nafarroako errepidetik (GI-3410) egiten da, Pikoagako zubia zeharkatu eta pista bat hartuz.

      Multzoa bi burdinola artean kokatzen da, Urruzuno Goikoa eta Urruzuno Behekoa.

 

 

DESKRIBAPENA

 

KONTSERBAZIO EGOERA:

BABESA: Babesik gabe

 

      Zentralaren eraikinak osatzen du multzoa, oso egoera txarrean kontserbatuta (hondakinak), horniketa sistema bikoitza eta bere presa eta ubideekin.

      Zentrala, Urruzuno errekaren ertzean, ezkerraldean kokatzen da, Olazar eta Urruzuno Garaikoa baserrien artean. Sarrera oso egoera txarrean mantentzen den metalezko pasabide baten bitartez egiten da. Zonaldea interesik ez duten txabola berri batzuk okupatzen dute. Angeluzuzeneko oinplanoa duen eraikina (15x7 m) da, bi solairu ditu, harri-hormazko hormekin. Barrualdea, bi jabeen artean banatzen da eta solairu bakoitzean sarrera bat du, behekoa teilape batez babestuta dago eta lehenengo solairukoa eraikinera kanpoaldetik itsatsita dagoen hormigoizko eskailera batekin. Ekialdeko aurrealdearen behealdean zentralaren ur irteera ikusi daiteke ibai-metaketarengatik ia beteta. Zentralaren makineria ez da mantentzen, beheko solairuan elikatze hodien ainguralekuak diren zementuzko bi oinarri soilik geratzen dira. Jatorrian Pelton (Corcho e Hijos) motako turbinak dituzten bi talde biki zituen eta Brownberry etxeko alternadorea.

      Zentral hau metalezko hodi batzuen bitartez elikatzen zen, Etzubiko Egiya mendiaren mendi-mazelaren goialdean ipinita zeudenak, 123 metroko malda eta 350 metroko luzerarekin. Hodi hauen lehenengo zatia zementuzkoa zen (60 cm diametroa) eta bukaera, 240 metro, burdinezkoa (35 cm diametroa). Gaur egun horiek ere desagertuta daude eta zementuzko oinarri batzuk besterik ez dira mantentzen. Puntu horretan 1.300 m3 ko edukierako andela zuen mendi-mazelan zulatuta eta zementuz berriztatutako harri-hormazko hormekin. Andela, bere albo batean kokatzen zen kontrol-etxe batetik erregulatzen zen. Egun, horma zatiak mantentzen dira, baina teilatua galdu du eta landarediaz estalita dago.

      Elikatzen zuten bi ubideak andela honetan elkartzen ziren. Lehenengoa, berriena, Bezkita errekatik zetorren Adarra eta Zuloeta erreken elkargunean zegoen presa baten bitartez, Urnietako lursailetan. Trapezio-formako ebakidura eta ganga-formako estalkia zuen eta 1.500 m-ko luzera, 41 cm-ko zabalera eta 34 l/seg-ko emaria, 123 metroko altuera gaindituz. Ubide hau zati txikitan mantentzen da, landaretza handiagatik zaila izanik bere ibilbidea jarraitzea. Bigarren ubidea Kartolako inguruan dagoen presa baten bitartez urarekin elikatzen da. Presa Etxolaberri eta Azketa edo Olaberria erreken elkargunean dago eta egoera onean mantentzen da. 3,50 m-ko garaiera duen trapezio-formako ebakidura du, errekarriz eta silarrixkaz eginiko harri-hormaz eraikita. Goiko partea hormigoizko xafla batez luzatuta dago. Jatorriz presa honek Olaberriaga burdinola elikatzen zuen eta ondoren Zentralak birraprobetxatu zuen. Hortik 3.930 m luzera zuen ubide bat ateratzen zen, bere ibilbidearen zati handi bat lur azpitik egiten duena, eta azken 1.387 m-tan soilik kanpoan gelditzen dena. Zati honetan 3 m-ko zabalera du eta 2,40ko garaiera, harkaitzean zulatuta dago eta kanpoaldeko horma zementuz berriztatutako harri-hormaz egina dago, zolata bezala. Bidean beste erreka txikien ura jasotzen doa. 160 l/seg-ko emaria zuen.

 

 

DATU HISTORIKOAK

 

GARAIA: Garaikidea (1908-2011)

BESTE IZENAK: Zelaitxo zentrala

 

      Ustiapen honen jatorria eta bilakaera nahiko zaila da. Lehenengo kontzesioa 1899an eman zitzaion Juan Jamar ingeniari madrildarrari, Urruzona errekako 180 l/s-ko emaria baliatuz (Picoaga deiturikoa). 1900. urtean uko egiten dio kontzesioari Donostiako Udalaren alde, azken honek beste jabe batzuk konpentsatu nahi zituen hiriaren ur-horniketarako obrak egiterakoan jasan zuten emari galeragatik. Obra hauek azkenean ez ziren egin eta 1907an Jamarreri itzuli zizkioten jatorrizko eskubide guztiak.

      1908an Jamarrek Compañía Eléctrica de San Sebastián (1890ean sortua) enpresari pasa zizkion bere eskubideak, jatorrizko proiektuan aldaketa batzuk sartuz:

 

.- Kartolako presa zaharraren kokapena erabiliko da (Olaberriaga burdinolarentzako eraikia hasiera batean eta Etxolaberri meatze-instalazioak erabilia ondoren). 180 l/s-ko emari berdina desbideratuz.

.- ubidea ezkerraldetik jarriko da eta ez eskuinaldetik.

.- erregulazio andelaren eta Makina-etxearen kokapena aldatuko da.

.- emaria handituko da Bezkiteko errekan berri bat baliatuz, 34 l/s-ko emariarekin.

 

      Obrak berehala hasi ziren ustiapen berria martxan jarriz. Gerra Zibilaren ondoren, 1943an, Hidroeléctrica Ibérica (1944an Saltos del Duero-kin bat eginda enpresa berri bat sortuz, Iberduero) elkarteak xurgatu zuen. Honek, Montserrat Bisbal eta Jose Puig semeari saldu zien ustiapena 1950ean, eta hauek energia Hernaniko beren larru-ontze fabrikara (La Curtidora Guipuzcoana, S.A.) bideratuko dute. Zentralak 1965ean utzi zuen ekoizteaz ubideetan lur-jauziak egon ondoren, instalazioak eta azpiegitura guztia utzita gelditu zen.

      Aurretik, 1961 eta 1976an, Hernaniko Udalak jauzi hau eta Aranokoa erabiltzea pentsatu zuen, biztanleriaren edateko uraren horniketa ziurtatzeko, baina azkenean ez zen egin (Osiñagako errotaren Jauzia baliatu zuten).

      1990. hamarkadan enpresa nafar batzuek (Anagi, S.L. eta Belgrá, S.L.) instalazioak berritu nahi izan zituzten zentral hidroelektriko txiki bat jartzeko asmoz, obrak eginez inguruan. Azkenik, Foru Aldundiak eta Udalak proposamena ukatu zuten erreka horien balio ekologikoa tartean.

 

 

 

Urruzunoko zentral hidroelektrikoaren kokapena

(ITURRIA: Geoeuskadi)

 

Urruzunoko Zentral Hidroelektrikoaren kokapena
eta errekara doan ur-irteeraren xehetasuna

 

Urruzuno Zentral hidroelektrikoaren
Etzubiko Egiyako erregulazio andela

 

Olaberria errekatik datorren ubidea (2014)

eta Bezkiteko errekatik datorren ubidea