Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Hernaniko industria-ondarea
Urumea bailaran zehar
Miren Garcia Dalmau / Alfredo Moraza Barea, 2020

 

40
UBARRATUKO
BURDINOLA ETA ERROTA

 

 

KOKAPENA

 

UDALERRIA: Hernani

KOORDENATUAK (U.T.M.): ---

IBAIA: Urumea

 

      Ubarratu multzoa Ibai-terraza estu batean kokatzen da Pagoagako auzoan, Nafarroarako errepidea (GI-3410) eta Urumea ibaiaren artean, bere eskuinaldean.

      Egun ezezaguna da bere kokapen zehatza, baina betidanik lotu izan da Ubarratu Txikia baserri desagertuaren arrastoekin. Eginiko bisitaldia eta gero ezin da hori garbi zehaztu, baina badaude burdinola inguru horretan egon zitekeenaren zantzuak (horma aztarnak, zepa ugari, etab.).

 

 

DESKRIBAPENA

 

KONTSERBAZIO EGOERA: Desagertuta

BABESA: Balizko Arkeologia Gunea (Buletina: EHAA 124 zbka. 1997.02.21)

            HHPASB (Arkeologia). Presuntzio Arkeologikoko Guneak. Fitxa A-4.16 Ubarratua burdinola (aurriak). D Gakoa

 

      Ubarratuko burdinolaren kokapen zehatza ezezaguna da, baina Ubarratu Txikia baserri aztarnarekin lotu izan da betidanik. Baserri horren zimenduak ibai bazterretik 20 bat metrotara kokatzen dira, gaur egun landarediaz ia estalita dagoen lurzoruaren sakonune txiki batean.

      1990ean egindako bisitaldiaren arabera, angeluzuzen-formako oinplanoa zuen eraikin baten hondakinen zimenduak mantentzen ziren (15x6 m). Mendebaldeko hormaren erdiko aldean, ibaira begiratzen zuena, oso antzekoak ziren bi bao ikus zintezke, metro beteko zabalera zutenak eta goiko aldean arku beheratu batean bukatzen zirenak. Gaur egungo garaiera 1,50-1,60 m-koa da, nahiz eta bere oinarria ezin den zehaztu obra-hondakin ugariengatik. Bao hauek 20 cm sartzen dira horman, aldez alde pasatzen ez direlarik. Iparraldeko horman aipatutako bisitaldian gainezkabide bat ikusten zen, eta gorago harlanduz eginiko sarrera baten aztarnak. Gaur egun oso zaila da aztarna hauek dokumentatu ahal izatea, landarediak ezkutatu egiten baititu.

      Terrazaren ertzean, ibaiaren gainean, harri-horma arruntez egindako horma zati bat dokumentatu daiteke, oso hondatuta eta aipatutako eraikuntzarekiko paralelo doana. Horma txiki hau euste-horma batekin lotu daitekeela dirudi.

      Inguruan galdaketa zepa ugari dokumentatu da.

      Ezin izan da garbi zehaztu gainontzeko elikatze azpiegituraren aztarnak (presa eta ubidea), baina kokapenaren arabera horiek Urumean ibaian kokatuko ziren.

      Elementu guzti hauek zalantza asko sortzen dituzte aztarna hauen (Ubarratu Txiki baserriarenak) eta Ubarratu burdinolaren arteko loturari buruz. Bi elementuak kokaleku berdinean egongo lirateke, zepa ugari azaltzeak erakusten duenez, baina ez dago beste bateragarritasunik. Suposa daiteke horma batzuk berrerabiliak izan direla baserria bertan eraikitzeko, baina ezin da ziur jakin multzoaren arkeologia-azterketa sakonago bat egin ezean.

 

 

DATU HISTORIKOAK

 

GARAIA: Erdi Aroa/Aro Modernoa Burdinola (...1475-1625... )

            Errota (...1552-1625... )

BESTE IZENAK: Herreria de Abillas de Suso/ Ferreria de Huerratua/ Ferreria de Varratua/ Ferreria de Uarratua

 

      Ubarratu burdinola jatorriz “Abillas de Suso” bezala aipatuta azaltzen da 1475 urtetik, Martin Ruiz de Elduaien eskutan (Dfez de Salazar 1997:101-105). 40 urte beranduago oraingo izenarekin azalduz: “la herreria de Abillas de Suso, dicha Huerratua” (1516).

      XVI. mende erdialdean instalazioak zeharo hondatuak zeudela esaten da (estaban yermas, caydas e perdidas e llebado el agoa mucha parte de la presa”)[122], segur aski 1556ko irailean gertatutako uholdeen ondorioz. Jabetza horien artean Huerratua burdinola, bere etxea, errota eta Errementaldegi etxea aipatzen dira.

      Burdinola berreraiki eta berriro martxan jarri zen. 1612an jabeak, Esteban Echezarreta lizentziatuak, burdinola nagusia eta burdinola txikia daudela aipatzen du, azken hau lan txikiak egiteko gabiarekin lotuta[123].

      Bi instalazioak, burdinola eta errota, bata bestearen ondoan zeuden eta azpiegitura berbera partekatuko zuten segur aski.

      Azken aipamena 1625ekoa da. Ezezaguna da ibiltzeari utzi zioten unea.

      Litekeena da bere hondakinen gainean Ubarratu Txiki baserria eraiki izana, baina ez dago daturik.

 

 

[122] GAO. PT. 1.502 sorta.

[123] GAO. PT. 153 sorta, 365-367 orr (1612.08.12)

 

 

 

Ubarratuko burdinolaren gutxi gorabeherako kokapena

(ITURRIA: Geoeuskadi)

 

Ubarratu Txiki baserriaren hondakinak (1990 eta gaur egun).
Kokapen honetan egongo zen burdinola