Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Hernaniko industria-ondarea
Urumea bailaran zehar
Miren Garcia Dalmau / Alfredo Moraza Barea, 2020

 

36
LATSAKO
BURDINOLA

 

 

KOKAPENA

 

UDALERRIA: Hernani

KOORDENATUAK (U.T.M.): --

IBAIA: Usoko erreka

 

      Multzoa, Ereñotzu auzoan kokatzen da. Usoko erreka eta Urumea ibaiaren arteko elkargunean kokatzen da, azken honen eskubialdean. Sarbidea Nafarroako errepidetik (GI-3410) egiten da, eta errepide horren ertzean dago.

      Multzoa burdinola batek eta produktu kimikoen lantegi batek osatzen dute.

 

 

DESKRIBAPENA

 

KONTSERBAZIO EGOERA: Desagertuta, presaren hondakinak bakarrik kontserbatzen dira

BABESA: Balizko Arkeologia Gunea (Buletina: EHAA 124 zbka. 1997.02.21)

            HHPASB (Arkeologia). Presuntzio Arkeologikoko Guneak. Fitxa A-4.17 Lasa burdinola (ageriko egiturarik gabe). E Gakoa

 

      Latsako Burdinolaren mantentzen diren arrastoak nahiko eskasak dira, eta Usoko errekan duen desbideratze presari dagozkio soilik.

      Arrasto nabarmena, eta ia bakarra, elikatzeko presa da. Presa hau Ursalto bezala ezagutzen den inguru batean kokatuta dago, berezko ur-jauzi bat aprobetxatuz. Ur gora metro gutxitara produktu-kimikoen fabrikako presa kokatzen da. Presa nahiko egoera kaskarrean mantentzen da, 10 bat metroko luzera eta metro beteko zabalera duen harri-hormazko horma batez eraikia, eta errekako ibilguatik 20-30 cm eskas ateratzen dena. Ubidea bere eskubiko zubi-brankatik aterako zen, baina bai landarediak eta bai igarotako denborak bere ibilbidea ezabatu dute. Seguraski produktu-kimikoen ubidearen obrak egiterakoan, burdinolarena desagerrarazi zuten.

      Ekoizpen instalazioak (tailerra, biltegiak, etab.) dirudienez mendi-mazelaren beheko aldean eta aipatutako usoko errekaren bazterrean kokatuko ziren. Bertan, harri-hormazko horma batzuk dokumentatu dira, baina oso zaila da zerenak diren jakitea aldameneko lantegiarekin lotutako beste eraikuntzekin nahasten baitira eta landarediaz estalirik baitaude. Horretaz gain, erreka bideratzeko horman (eskubialdean) erdi-puntuko arku xume bat ikus daiteke, ura ateratzeko zuzendua eta, dirudienez, aldameneko lantegiarekin zerikusirik ez duena.

      Ezin da zehaztu aztarna guzti hauek burdinola zaharrarekin lotu daitezkeen edo ez, kokapenaren garbiketa oso bat eta arkeologia ikerketa sakon bat egin arte.

 

 

DATU HISTORIKOAK

 

GARAIA: Erdi Aroa/Aro Modernoa (.1475/1616.)

BESTE IZENAK: Lasa burdinola, Abillas de abajo burdinola, Avilla de Lasa

 

      Latsako burdinola 1475ean aipatuta azaltzen da lehenengo aldiz, Martin Perez de Alcega eta Martin Avillasen jabetza bezala(Diez de Salazar 1977:106-107). Burdinola honi “la ferreria nueva de Avilas de Lasa” deitzen diote, honela Abillats eta Abillats de Arriba edo Ubarratuko burdinoletaz bereizteko.

      XVI. mendetik aurrera, burdinola hau Elduaietarren familiari lotuta azaltzen da, Abillats eta Errotaranen jabeak zirenak. Mende honen erdialdean, instalazioek 1556ko uholdearen ondorioak jasan zituzten, bailarako gainerako instalazio produktiboek bezala. Ondoren, berreraikiak izan ziren.

      Burdinola honen idatzizko azken erreferentzia 1616. urtekoa da[109], eta ez dakigu instalazioek noiz utzi zioten funtzionatzeari. Bi mende beranduago berretsi egiten da hori: “la herreria llamada de Lasa con su Casa de vivienda y pertenecidos ...actualmente y desde hace mucho tiempo a esta parte se halla reducida la dicha herreria a Caserio de Labranza” (1811)[110].

 

 

[109] GPAH. III/1.014 sorta, 117-118 orr. (1616.04.24).

[110] GAO. PT. 634 sorta, 119 zk (1811.04.05).

 

 

 

Latsako burdinolaren gutxi gorabeherako kokapena

(ITURRIA: Geoeuskadi)

 

Latsako burdinolaren gutxi gorabeherako kokapena
eta arku baten arrastoak
errekako eskuinaldeko bideratze horman