Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Hernaniko industria-ondarea
Urumea bailaran zehar
Miren Garcia Dalmau / Alfredo Moraza Barea, 2020

 

28
FAGOLLAGAKO
BURDINOLA

 

 

KOKAPENA

 

UDALERRIA: Hernani

KOORDENATUAK (U.T.M.): x 585126, y 4788827, z 22,41 (fabrika)

                                x 585341, y 4788683, z 31 (presa)

IBAIA: Urumea

 

      Fagollagako multzoa, izen bera daraman auzoan kokatzen da, Urumea ibaiaren eskuinaldeko bazterrean sakabanatuta. Multzoa, Nafarroara doan errepidearen (GI-3410) ondoan kokatzen da, Fagollagako zubiaren inguruan.

      Multzoa elementu desberdinek osatzen dute: Fagollaga Burdinola eta gero Paper-fabrikan bihurtuta; Porlan fabrika; eta azkenik Zentral hidroelektrikoa. Elementu guzti hauek Bailarako multzo aberats eta interesgarrienetako bat osatzen dute. Izate hutsak industria ekoizpen multzo batez hitz egiten digu, azken bost mendeetan luzatu dena gaur egun arte. Hori dela eta, kokapen hau interesgarrienetako bat da Gipuzkoako industriaren garapena aztertzeko, industriaurreko jardueretatik hasi (burdinola edo aingurak egitea) eta zementua edo energia hidroelektrikoa ekoizteraino.

      Tamalez, mantentzen diren aztarnen egoera oso desberdina da. Burdinola (edo burdinolak) eta ondorengo paper-fabrikatik ez da aztarnarik gelditzen, hala nola Angura edo ankora fabrikatik ere (ofizialen etxebizitzetara murriztua).

      Inguruaren azterketa sakonago batek (landaredia kendu, ikerketa arkeologikoa) interpretatzeko garaian dauden zalantza ugari argitzea ahalbidetuko luke, eta aldi berean inguru hau Bailarako aisia eta ondare ikono bezala berpiztu.

 

 

DESKRIBAPENA

 

KONTSERBAZIO EGOERA: Desagertuta

BABESA: Balizko Arkeologia Gunea (Buletina: EHAA 124 zbka. 1997.02.21)

            HHPASB (Arkitektura). III. Motako Babes Erregimena: Fitxa III.8 Fagollagako burdinola (Zementu fabrika)

            HHPASB (Arkeologia). Presuntzio Arkeologikoko Guneak. Fitxa A-4.11 Fagollagako burdinola (ageriko egiturarik gabe). D Gakoa

 

      Fagollagako Burdinolaren, edo hobe esanda burdinolen, jardueraren aztarna fisikorik ez da geratzen, gerora paper-fabrika bihurtuta izan zena. Zonaldean komunikabide berriak irekitzeko egindako eraldaketek (Nafarroako errepidea) edo ondoren egindako industria jarduerek ezabatu egin dute egon zitekeen aztarna oro. Betidanik uste izan da Zementu-fabrikako aztarnak burdinolarenak zirela edo Aingura-fabrikarenak, okerreko ustea beti ere. Ez dago burdinola hauen kokapen zehatzaren ziurtasunik, ezta ondorengo paper-fabrika kokapen berdinean egongo zenarena ere, edo behar bada gorago, Arbelaitz baserria eta Fagollaga jatetxearen tartean. Hipotesi hau ezingo da argitu inguruan ikerketa arkeologiko sakon bat egin ezean. Tamalez, 2009. urtean inguru horretan lur mugimendu garrantzitsuak aurrera eraman ziren Gasbide berriaren bidea egiterakoan, inongo jarraipen arkeologikorik egin gabe eta hipotesi hori baieztatu edo ezeztatzeko aukerarik gabe. Pista bakarra plano xume batek ematen du, non burdinola zaharraren, Aingura Errege Fabrikaren, zubiaren eta Urumea ibaiaren kokapena agertzen den.

      1743. urteko plano bat dugu, instalazioetan egindako obrak jasotzen dituena, antepara berria harriz egiteko. Bertan, antepara berri horren kokapena eta burdinola nagusiaren eta txikienaren (gabia) mailuak eta hauspoak elikatzen zituzten gurpilak ikus daitezke, burdinolaren bi aldeetan. XIX. mende erdialdean (1862), burdinola, eraikin batzuek osatzen zuten: tailerra ikatz eta mena biltegiak, presa eta ubidea; mendebaldera kokatutako teilape bat; tailerraren ekialdean kokatutako gabia; labe bat; eta Fagollaga etxaldea. Antzeko zerbait gertatzen da ur-horniketarako azpiegiturarekin, ez dagoela aztarnarik. Ubidearen ibilbidearen zati handi bat, zementu-fabrikak lehenengo, eta zentralak ondoren, erabili izan zuten. Azken honek gainera presa berri bat eraiki zuen, egungoa, ur gora Ereñotzuko bihurgunetik gertu zegoen presa zaharra eta burdinolak erabilitako ubidea eraitsiak izanik. Zementu-fabrikak XX. mende hasieran bi elementuak berriztatu zituen. Gaur egun eremu honetan aurkitu ezin diren bi elementuak (presa eta ubidea).

      Gaur egun Fagollaga jatetxea den eraikinaren atzealdean eta mendi-mazelaren kontra, meatze-aho baten sarrera kokatzen da. Zonalde honetan, XIX. mendeko lehenengo herenean, meatze-lan batzuk egin ziren, baina ezin izan da meatze honen kronologia zehaztu ezin izan baita barrura sartu.

      Aingura Fabrika zaharreko instalazioek ez zuten indar hidraulikorik erabili haren makineriari eragiteko, nahiz eta kontakizun honetan sartu dugun, bere iraganeko garrantziagatik. Fabrika hau banakako tailer batzuez osatuta zegoen. Tailer horiek baterian jarrita zeuden, elkarri atxikita, eta lan-eremuaz eta langileen etxebizitzaz eta biltegiaz osatuta zeuden. Multzo horretatik gaur egun errepidearen ertzean dagoen etxebizitza-blokea osatzen duten etxebizitzak baino ez dira biziraun. Tailerrak edo sutegiak, aldiz, egungo errepidearen trazaduraren azpian egongo lirateke.

 

 

DATU HISTORIKOAK

 

GARAIA: Erdi Aroa/Aro Modernoa/Garaikidea

            Burdinola: (...1475-XVI. hasiera/1627-1856)

            Teileria: 1849

            Aingura-fabrika: 1750-1810

BESTE IZENAK: “Ferreria nueva del Concejo de Arnani”

 

      Fagollagako burdinolaren funtzionamendu garaia bi une historiko desberdinetan ematen da. Lehenengoa eta zaharrena XV. mendekoa da “ferreria nueva del Conçejo de Arnani”, 1475ean lehenengo aldiz aipatua azaltzen denean. Ekoizpen instalazio hau, ia daturik ez duena, Udal jabetzako bakarra izan zen Bailara osoan. Bere ekoizpen epea motza izan zen, mende horren bukaeran edo XVI hasieran ibiltzeari utzi baitzion.

      Utzita pasa zituen hamarkada batzuk eta gero, XVII hasieran jarduera hasiko du berriro, Hernaniko Udalaren ekimenaren bitartez. Bailarako gainontzeko burdinolen jabeek aurka egin zioten, instalazio horiek Urumeako nabigazioa oztopatuko zutela eta mendian zegoen egur eskasiaren arazoa areagotuko zela ziotelako. Hala eta guztiz ere burdinola 1627an martxan zegoen.

      Dirudienez, instalazioak burdinola nagusia eta erantsitako gabi batez osatzen ziren, horrela ekoizpen prozesu guztia multzoaren barruan osatuz. XVIII. mendean berritua izan zen, Joseph Lizardi (1743) arkitektoaren traza jarraituz, seguru asko urte batzuk lehenago gertatutako uholde baten ondorioz[85]..

      XIX. mendetik aurrera ekoizpena behin baino gehiagotan geldiaraziko da, bai gerra-gatazkengatik edo eta bai udaleko diru-kutxak mantenurako arazoak zituelako. 1849an, adibidez, “Fagollaga esta actualmente parada y en su lugar se esta trabajando en la fabricacion de teja y ladrillo” diote, bere ohiko ekoizpena hurrengo urtean berreskuratuz[86]. Azkenik, ekoizpena 1850eko hamarkadaren erdialdean amaituz, 1862an idatzitako galdeketa batean dioten bezala “hace 6 años que no trabaja”[87].

      Burdinolaren inguruan, haren Iparraldera, garai hartako krokis batean ikus daitekeen bezala, XVIII. mendearen erdialdean “Real Asiento de Anclas” izenekoari dagozkion tailerrak eraiki ziren. Izatez, Koroaren eta Bailarako burdinolen (Fagollaga, Ereñozu eta Pikoaga) zenbait jaberen arteko kontratu batean zehaztu zen, pisu eta neurri desberdinetako 20.000 kintal aingura egiteko. “Bulegoak” (zazpi guztira) oin berrikoak izango dira, eta ekoizpen-tailer batek osatuko ditu. Gutxienez bi sutegi izango ditu, ingude, mailu eta eserlekuekin, eta, horien aurrean, aingura-maisuaren egoitza, ikaztegiak eta almenak beheko solairuan dituela (Lerchundi 2002 eta 2004). Ekoizpena gorabehera askorekin mantendu zen XIX. mendearen hasierara arte, nahiz eta soilik bi bulegora murriztu zen, gainerakoak erabat hondatuta baitzeuden (tres de ellas amenazan ruina, y la cuarta se halla enteramente derribada” —1790—). 1881 inguruan Nafarroarako errepidea eraikitzeak tailer horien hondakinak suntsitzea ekarri zuen (etxebizitzak izan ezik).

 

 

[85] GPAH. III/1.355 sorta, 300-305 orr. (1743.09.08). Une honetan egurrezko antepara zaharrak harriz berreraiki ziren, diseinu interesgarri bat gordetzen delarik.

[86] HUA. A-5-15, 63 eta 66 orr. (1849ko uztailak 22 eta 29ko Aktak).

[87] HUA. H 261-3 esp.

 

 

 

Fagollagako burdinolaren gutxi gorabeherako kokapena

(ITURRIA: Geoeuskadi)

 

Fagollagako zementu-fabrikaren Hegoaldera
kokatutako eraikina (1990 eta gaurko egoera),
antzinako burdinolaren kokapena?

(ITURRIA: EJ-GV)

 

Fagollagako burdinolaren Presa zaharraren
gutxi gorabeherako kokalekua ur azpian,
zentral hidroelektrikoaren presa eraikitzerakoan(1929).

(ITURRIA: ACHC)

 

Fagollagako burdinolaren Antepara berreraikitzeko planoa (1742)

(ITURRIA: GPHA)

 

Fagollagako multzoa XIX. mendearen hasieran
(1.— Urumea ibaia, 2.— Burdinola, 3.— zubia,
eta 7-8.— Aingura-fabrika eta etxeak)

(ITURRIA: HUA)

 

Fagollagako aingura-fabrikaren etxeak