Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Hernaniko industria-ondarea
Urumea bailaran zehar
Miren Garcia Dalmau / Alfredo Moraza Barea, 2020

 

8
“PAPELERA DEL NORTE”
PAPER-FABRIKA

 

 

KOKAPENA

 

UDALERRIA: Hernani

KOORDENATUAK (U.T.M.): x 583766, y 4791405, z 9,00

IBAIA: Urumea ibaia

 

      Sagastialde/La Florida auzoan kokatuta dagoen multzoa da, Hernaniko iparraldeko muturrean. Eremura iristeko, herriko erdigunetik Ergobia auzora doan tokiko errepidea hartu behar da, Floridako Poligonoa zeharkatuz.

      Elementu horren kokapena aldatu egin da duela urte gutxi batzuk egindako urbanizazio-obren ondorioz. San Jose Langilearen parrokiaren parean zegoen, Hernanitik Donostiarako errepide zaharraren eta FFCC bidearen artean, AMR erregogorren fabrika zaharraren instalazioen ondoan. Bere instalazioak aprobetxatuz, gaur egun tailer industrial txiki batzuk antolatu dira.

 

 

DESKRIBAPENA

 

KONTSERBAZIO EGOERA: Instalazioak beste industria-jarduera batentzako berraprobetxatuta

BABESA: Babesik gabe

 

      Papelera del Norte zaharraren industria-instalazioak Hernanitik Donostiarako errepide zaharraren trazaduraren eta FFCCren bidearen artean kokatuta daude.

      Jatorrizko instalazioak industria-pabiloi batzuek betetzen zituzten, lau angeluko oinplanoa duen lursail bat hartuz. Hormigoi armatuz eginak zeuden, gutxienez hiru solairu eta estalki laua zituzten, eta, adreiluzko tximinia lirain bat zuten eraikin horiek irekitzen ziren erdiko patioaren albo batean. Horietan ekoizpen-instalazioak sartzen ziren (ekoizpen-pabiloiak makinekin, pasta-biltegiak, galdara-gelak, ebakitzeko makinak, etab.).

      Ur-hornidurarako, fabrikak hargune bakarra zuen Urumea ibaian, 1942an emandakoa, Karabel Zubi zaharretik 500 bat metrora ur behera. Puntu horretan, ur-harguneko kutxatila baterako kutxa gisa erabiltzen zen ibaiertzeko horma bat eraiki zen. 3x3 metroko neurriak zituen, eta ibai hondoaren mailan zegoen. Hartune horri atxikita, motoponpa egokitzeko etxola bat jarri zen. Motoponpa horrek ura bultzatzen zuen industria-instalazioen goialdeko biltegiraino, 300 m luze eta 20 cm-ko diametroko hodi baten bidez. Hodi horren trazadurak gaur egun desagertuta dagoen Karapoteko ubidearen ibilgua aprobetxatzen zuen[22]. Urumea ibaia kanalizatzeko obrek, urbanizazio lanek eta Karapoteko errekastoaren ibilgua aldatzeak, aprobetxamendu horrekin lotutako hondakin aztarna desagertzea eragin dute.

      Ondoren, 1962an, fabrikako gerenteak hornidura hori beste emakida batekin osatzen saiatuko dira, Otsuaneko errekaren adar batzuk aprobetxatuz (Pardiola, Urdanieta eta Legarralde). Urak, Osiñagako antzinako errotaren biltegira eramango ziren (435 m), eta, handik, ia 3 kilometroko zuntz-zementuzko hodi baten bidez, lantegiraino. Osiñagako zentral hidroelektrikoaren jabeak, lehenik, eta Udalak ondoren (ubide horiek herritarrak hornitzeko baliatu nahi zituen), erakutsitako aurkakotasunak, inizitiba hori huts egitea eragin zuen[23].

 

 

DATU HISTORIKOAK

 

GARAIA: Garaikidea (1944/1980...)

BESTE IZENAK:

 

      “Papelera del Norte, S.A.” izeneko paper-fabrika garai berantiarrean sortu zen, Gerra Zibilaren osteko XX. mende erdialdean. Paper-industrien azken belaunaldiari zegokion, ondoko Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga fabrikarekin batera. 1944an jarri zen martxan, Bernabe Armendariz Battu industrialari hernaniarraren eskutik, Gerra Zibilaren ondoren alkatea izan zena.

      Instalazioak inprimaketarako paper fina eta zelulosa-orea ekoizteko erabili ziren. 1940-1950eko hamarkadetan Burgosko FNMT-aren (Fábrica Nacional de Moneda y Timbre) hornitzaile nagusietako bat bihurtu zen, segurtasun-paperez hornituz (paper tinbreduna, Estatuari egindako ordainketen zigilua, etab.), baita beste produktu batzuetaz ere (alimina sulfatoa, fekula, etab.). Garapen horren ondorioz, jatorrizko ekoizpen-instalazioak modernizatu eta handitu egin ziren, azalera bikoiztuz hamarkada horretan bertan[24].

      Urte batzuk geroago, 1963an, Bernabek berak Armendariz paper taldea eratu zuen, Papelera del Muares (Burriana, Castellon) eta La Gelidense (Gelida, Barcelona) taldeekin batera, paper finen eta paper zakuen ekoizpenean espezializatuz (Santos 2015:130)[25]. Hamarkada bat geroago, Armendariz bera izango da papergintzako talde berri baten eraketaren buru (Celulosas de Guipuzcoa, S.A.). Lantegi industrial berri bat eraiki nahi zuen Hernanin, zelulosa-orea 300 tn/egun ekoizteko gai izango zena, baina ekimena ez zen azkenean egiaztatu[26].

      1973ko krisiak eragin zuzena izan zuen enpresa honetan, eta, azkenean, hurrengo hamarkadaren hasieran itxi zituen ateak. Hasierako lursailari dagokionez, 1988 inguruan pabiloi zaharrak eraberritu eta zaharberritu ziren, oraindik martxan dagoen industria-parke berri batean bihurtuz[27].

 

 

[22] HUA. D-4-10-46.

[23] HUA. Administratiboa. 2.2929/10 esp.

[24] HUA. Administratiboa. 591/5 esp.

[25] SANTOS GANGES, L. (2015): Los billetes de banco y la Fábrica Nacional de Moneda y Timbre: historia y patrimonio industrial de la Fábrica de Papel de Seguridad de Burgos. Burgosko Unibertsitatean defendatutako Doktorego-tesia.

[26] Celulosas de Guipúzcoaren proposamena lurraldeko hainbat paper fabrika elkartzetik sortuko da: Irurenako Paper-fabrika, Biyak-Bat eta Papelera del Norte Hernanin; La Guadalupeko Paper-fabrika, La Tolosana, San Jose Paper-fabrika eta Uranga Paper-fabrika Tolosan; Calparsoroko Paper-fabrika Berrobin; Echezarretako Paper-fabrika Iruran; La Salvadorako Paper-fabrika Villabonan; Cegamako Paper-fabrika Zegaman; Carmengo Paper-fabrika Amorebietan (Bizkaia); eta azkenik, Leizarango Paper-fabrika Andoainen. HUA. Administratiboa. 2.131/11 esp.

[27] HUA. Administratiboa. 407 esp.

 

 

 

Papelera del Norte paper-fabrika kokapena

(ITURRIA: Geoeuskadi)

 

Papelera del Norte paper-fabrika kokapena

 

Papelera del Norte paper-fabrikaren instalazioak (1943)

(ITURRIA: Fototeka Kutxa)

 

Papelera del Norte paper-fabrikaren
instalazioak handitzeko proiektua (1942)

(ITURRIA: HUA)

 

Papelera del Norte paper-fabrikaren
instalazioen egoera 1945. eta 1987. urtean

(ITURRIA: HUA)