Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
HERNANI 1960-2021
Motibazio politikoko indarkeria eta giza eskubideen urraketa larriak
Javier Buces Cabello, 2022

 

1976-1982

 

      Francisco Franco hil eta Juan Carlos Borboikoa Espainiako errege izendatu ondoren, Espainiako trantsizioa izenez ezagutzen dugun aldia hasi zen. Aldi horretan nabarmen areagotu zen mugimendu soziala, eta Hego Euskal Herrian agitazio handiagoa izan zen espainiar estatuko gainerako lekuetan baino. Izan ere, trantsizio-prozesuaren gaineko zalantza orokorrari, subiranotasun nazionalaren aldarrikapena batu zitzaion.

      Hortaz, diktaduraren azken urteetan zehar bezala, euskal lurraldeak puntu aktiboenetako bat izaten jarraitu zuen gatazka politikoaren eta mugimendu sozialaren ikuspegitik, batez ere, 1960ko hamarkadatik aurrera elkarri lotu zitzaizkion bi faktore nagusien ondorioz[123]. Lehenik eta behin, lurraldea oso industrializatuta zegoenez, langileak mobilizatu egin ziren bizi- eta lan-baldintza hobeak eskatzeko eta, funtsean, justizia edo “askapen soziala” eskatzeko[124]. Bigarrenik, euskal nazionalismoa suspertu egin zen kulturalki eta ideologikoki, haren nortasuna babesteko eta, azken batean, “askapen nazionala” lortzeko[125]. Bi faktore horiek batu egin ziren (gai soziala eta gai nazionala), eta, neurri handi batean, ETA erakundean islatu ziren indarkeriazko ekintzen bidez. Horrek mobilizazioa areagotu zuen, eta, ondorioz, poliziaren eta talde parapolizialen errepresiozko erantzuna areagotu zen[126].

      1976. urtean ETAm eta ETApm erakundeek 17 hildako biktima eragin zituzten[127]. Hilketa horiei erantzuteko, poliziak, gutxienez, 290 pertsona atxilotu zituen eta 121 pertsona torturatu zituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan[128]. Gainera, ETAko bi militante (bata ETAm-koa eta bestea ETApm-koa) eta Movimiento Ibérico de Liberacion (MIL) erakundeko militante bat hil ziren poliziaren jarduketetan, eta Moreno Bergaretxe (Pertur) desagerrarazi egin zuten. Kaleetan (oraindik indarrean zegoen 1959ko Ordena Publikoaren Legea), “Francorik gabeko Frankismoak”[129] mugimendu sozialari emandako erantzunak bost langileren heriotza eragin zuen martxoaren 3an Gasteizen; bost egun geroago, Arabako hiriburuan gertatutakoaren aurka protesta egiten ari zen gazte bat hil zuten Basaurin; eta Euskal Herria osoan beste sei herritar hil ziren poliziaren tiroen ondorioz. Gainera, beste hiru pertsona hil ziren (bi Jurramendin eta beste bat Santurtzin) talde parapolizialen jardueraren ondorioz.

      Hernanin, 1976an, gutxienez, zortzi tortura-kasu izan ziren, bi pertsona zauritu zituzten balaz amnistiaren aldeko manifestazioetan eta bi mehatxu-kasu larri izan ziren. Halaber, poliziaren gehiegikeria ez zuten herritarrek bakarrik salatu. Udalbatzek ere salatu zuten, Bergarako Alkateen Talde ezagunaren bidez, tartean Hernaniko udalbatzak. Hala, irailaren 10ean, Ignacio Iruin buru zuen osoko bilkurak “indarkeria ofizialaren gorakada” salatzea onartu zuen, eta, zehazki, “bilera eta manifestazio baketsuak indarkeria handia erabiliz sakabanatzea, suzko armen erabilera alde batera utzi gabe”[130]. Hilabete lehenago, abuztuaren 3an zehazki esanda, udalbatzak “amnistia orokorra” eskatu zuen[131], eta azaroan, Hernaniko zenbait erakundek dozenaka atxiloketa, tortura-kasuak, eskuin muturreko atentatuak eta indar polizialen etengabeko kontrolak salatu zituzten[132].

      1977 izan zen lehen hauteskunde orokorren urtea, 1976ko abenduaren 15ean onartutako Erreforma Politikorako Legearen ondorioz, eta apirilean Adolfo Suarezek onartutako lege-dekretuaren bidez[133]. Erregimen frankistaren aurkako sindikatu eta alderdi nagusiak legeztatu zituzten arren, iraultzailetzat jotzen zituzten erakundeek legez kanpo jarraitzen zuten. Hori dela eta, beste sigla batzuk erabili behar izan zituzten ekainaren 15eko hauteskundeetara aurkezteko.

      1977ko urrian Amnistiaren Legea onartu zuten[134]. Gerora, nazioarteko erakundeek salatu egin zuten lege hura, oztopo bat zelako 36ko Gerran eta ondorengo diktaduran zehar egindako giza eskubideen aurkako delituak epaitzeko edo horien jarraipena egiteko orduan[135]. Lege hori onartu baino egun batzuk lehenago, zehazki, urriaren 7an, talde parapolizial batek (Triple A) hildakoa eragin zuen lehen atentatua egin zuen, “heriotzaren triangelua” izenez ezagutzen zen eremuan: Andoain, Astigarraga eta Hernanik osatutako eremuan. Atentatu haren ondorioz, David Salvador Bernardo-Jonio hil zen, Hernanin bizi zen taxi-gidaria.

      Gertakari horren harira, urriaren 13an osoko bilkura egin zuten Hernaniko udalean. Bertan, “taxi-gidarien gremioak” aurkeztutako idatzi bat irakurri zuten. Hernaniko hamarnaka elkarte eta erakundek bat egin zuten idatzi harekin, eta “modu seguruan lan egin ahal izateko askatasunaren aurkako” atentatuekin amaitzeko eskatu zuten. Hari erantzunez, udalak mozio bat onartu zuen guztien adostasunarekin. Mozio haren bidez, taxi-gidarien idatziari babesa erakusteaz gain, “pertsonen segurtasun fisikoaren aurka egindako atentatu guztiak” gaitzestearen alde agertu zen, eta, gainera, honakoa gehitu zuen:

 

      “ezinezkoa da gizarte batean elkarrekin bizitzea, dugun beldur-giroarekin. Elkartu egin behar dugu, gaur gure lagun Davidengatik sentitzen dugun minaren aurrean elkartu garen moduan, Euskadi deitzen diogun Euskal Aberri hori lortzen saiatzeko, errespetatu eta miretsiko dutena, non bertako jendeak lana eta, batez ere, bakea izango dituen”[136].

 

      Amnistia eta alderdi politikoen legeztatzea aldarrikatzeaz gain, 1977an areagotu egin ziren euskararen koofizialtasunaren eta ikurrina legeztatzearen aldeko eskariak. Hernanin, urtarrilaren 14an 29 alkatek Arrasaten sinatutako adierazpenaren ondoren (horien artean zegoen Iruin), hilaren 19ko ezohiko osoko bilkuran guztien adostasunarekin erabaki zuten udaletxeko balkoi nagusian ikurrina jartzea, bandera hori “Euskal Herriaren sinbolo adierazgarria” zelako, “gure herriaren gehiengo handi batek harrera kartsua eta zabala egiten diona”[137].

 

Elkarretaratzea Hernanin,
ikurrina udaletxeko balkoian igo dela eta.
1977ko urtarrila (HUA).

 

      1978ko abenduaren 6an Espainiako Konstituzioa onartu zuten, erreferendum bidez. Hala ere, kontuan izan behar dugu Gipuzkoan % 56,56k ez zuela erreferendumean parte hartu, % 27,75ek babestu zuela eta % 12,96k ezetz bozkatu zutela[138]. Urte hartan zehar gora jarraitu zuen motibazio politikoko indarkeriaren ondorioz hildako pertsonen kopuruak. Dena den, Hernanin ez zen erregistratu heriotzarik eragin zuen atentaturik edo poliziaren ekintzarik. Hala ere, jendea indarkeriaz atxikitzen jarraitu zuten, ibilgailuak edo dirua lapurtzeko, batez ere, ETAko fakzioek. Mehatxu larriak ere areagotu egin ziren, eta gero eta jende gehiagok egiten zuen ihes Ipar Euskal Herrira. Halaber, ETAm-k enpresari bati egindako lehen estortsio ekonomikoa dokumentatu zen herrian.

      Estortsioa egiteaz gain, biktimaren semea atxiki zuten. Guardia Zibilaren txostenaren arabera, “bahitzaileek hamar milioi pezeta eskatu zizkioten M. jaunari; zenbateko hori ezin zutenez eskuratu, 4.300.000 pezeta eman zizkieten”[139].

      Konstituzioa onartu ondoren, Gorteak eta udalak berritzea geratzen zen oraindik; 1979ko udaberrian egin zen hori, legegintza-hauteskundeen eta udal-hauteskundeen bidez. Ordurako, ETAm erakundearen bigarren hildako biktima hernaniarra bilakatu zen Jose Fernando Artola Goikoetxea. UCDko kidea zen, eta urtarrilaren 30ean hainbat pertsonak tiro egin zioten 22:00 aldean. ETAm erakundeak atentatua justifikatu zuen, biktimari poliziaren isil-mandataria izatea egotzita[140].

 

Batzarra Hernaniko udaletxearen atarian. 1979 (HUA).

 

      Halaber, 1979ko abenduaren 18an Euskal Herriko Autonomia Estatutua onartu zuten, gizarteak berretsita (% 58,85eko partaidetzarekin, % 90,27k aldeko botoa eman zuen). Dena den, euskal gizartea politikoki zatitu zen lege esparru berria onartu zutenen eta 1978ko Konstituzioaz geroztik ezarritako erregimena hausteko eskatzen jarraitzen zutenen artean; azken horiek ez zuten onartzen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Nafarroatik bereiztea, eta autodeterminazio-eskubidea aldarrikatzen zuten. Bestetik, 1979. urtean Frantziako estatuak bertan behera utzi zuen Ipar Euskal Herrira ihes egiten zuten pertsonak errefuxiatu politikotzat jotzen zituen estatutua[141].

      1980. urtea izan zen estatu espainiarrean indarkeria politikoarekin lotuta hildako biktima gehien izan ziren trantsizio-aldiko urtea. ETAm-k 81 heriotza eragin zituen, KAA-k bederatzi, ETApm eta GRAPOk bost (bakoitza), eta FRAVAk bat. Gainera, hogei bahiketa zenbatu ziren[142]. Bestetik, estatuaren errepresioak eta estatuaren hurbileko eskuin muturreko taldeek, gutxienez, 42 hildako eragin zituzten[143], horietako 28 BVE-k. Poliziak egindako torturari dagokionez, 194 salaketa jaso ziren; 1960 eta 2014 artean EAEn kasu gehien dokumentatu ziren urtea izan zen 1980a[144].

 

Joaquín Antimasberen hileta (Punto y Hora, 202. zk.).

 

      Indarkeria politikoaren puntu goren honek izan zuen isla Hernanin ere. Bost hamarkadatako hildako kopururik handiena 1980an izan zen herrian. BVE-k lau hernaniar hil zituen (Felipe Sagarna, Miguel Arbelaitz, Luis Elizondo eta Joaquin Antimasbere). ETAm-k, berriz, Jose Maria Perez Lopez de Orueta hil zuen, Donostian bizi zen abokatu bilbotarra; Ereñotzun aurkitu zuten haren gorpua. Gainera, hain ezaguna ez den beste kasu bat Guardia Zibilaren tiroen ondorioz hildako Aurelia Jimenez Garciarena dugu, lotura duena trantsizio garai horretan indar polizialek ustez oraindik zuten inpunitatearekin eta indarkeriaren gehiegizko erabilerarekin; Aurelia 1980ko abuztuaren 24 goizaldean hil zuten Nafarroako Cortes herrian, ustez ijitoen kolektiboko beste pertsona batzuekin batera herri horretako lantegi batean ezustean lapurretan harrapatu eta ihesean zihoala[145].

      Gainera, Hernanin sei pertsona zauritu zituzten haien segurtasun fisikoaren, psikikoaren eta moralaren aurkako atentatu edo eraso fisikoetan. Biktima horietako bi BVErenak izan ziren, bat Guardia Zibilarena, bat KAArena, beste bat ETApm-rena eta seigarren biktimaren arduraduna ez da ezagutzen.

      Indarkeria-giro hori udalbatzetara ere iritsi zen, bereziki, BVE-k eragindako hilketen eta HB-k aurkeztutako mozioen ondoren. Mozio horietan, eskuin muturreko ustezko kontrolaezin batzuek egindako atentatuen beharrezko kide edo laguntzaileak izatea leporatzen zioten poliziari.

      1980ko apirilaren 21ean, Sagarnaren heriotzatik hiru egunera, estatuko segurtasun-indarrei Hernanitik joateko eskatzea onartu zuen udalak, guztien adostasunarekin (HB, PSE-PSOE, EAJ eta EE alderdiek zuten ordezkaritza)[146]. Eskakizun hori gerora egindako hainbat osoko bilkuratan ere errepikatu zen, hainbesteko adostasunik gabe, batez ere, poliziarekin edo GALekin izandako liskarretan ETAko militanteren bat hil ondoren, edo heriotza horiek gertatu ondorengo egunean izandako istilu larrien ondoren, esaterako, Rafael Goikoetxea[147].

 

HILDAKO BIKTIMEN ZENBAKETA (1976-1982) {17}

 

ETA

KAA

ESI

TALDE PARAPOLIZIALAK ETA ESKUIN MUTURREKO TALDEAK: BVE, GAE, TRIPLE A...)

Eusko Jaurlaritza (Bake eta Bizikidetza Idazkaritza)

343{19}

 

54

40{20}

Valentin Foronda Institutua{21}

340{22}

 

 

32

Covite

334{23}

15

 

30{24}

Euskal Memoria

 

 

166{25}

 

Sophie{26}

376{27}

 

178{28}

 

Gonzalo{29}

 

 

171{30}

82{31}

HERNANI{32}

2

 

2

6

 

      1981eko otsailaren 23an estatu-kolpea ematen saiatu ziren, baina huts egin zuten. Militarren goi-karguek aldaketa politikoa baldintzatzeko edo mugatzeko egindako saiakeratzat har daiteke. Saiakera kolpista haren zuzeneko ondorioen artean (zalantza asko daude oraindik argitzeko, batez ere 1968ko Sekretu Ofizialei buruzko Legearen ondorioz), monarkia indartzea eta autonomia-erkidegoen autogobernua murriztea etorri ziren, Prozesu Autonomikoaren Harmonizazioko Lege Organikoaren bidez.

      Testuinguru horretan, 1981eko otsailaren 28an Bittor Fernandez Otxoa Hernaniko bizilagunari atzetik tiro egiten zioten Bentaberri tabernan zegoela. Gerora, BVE-ek aldarrikatu zuen atentatu hura. Tiroak tetraplegiko utzi zuen. Hainbat ebakuntza egin bazizkioten ere, Lezon hil zen handik 13 urtera[148]. Atentatu hori baino lehen, 70eko hamarkadako azken urteetan, etengabeko mehatxuak jaso zituen talde parapolizialen aldetik.

      Hilabete geroago, martxoaren 29an, Jose Manuel Ariztimuño hil zen Gasteizen, ETAm-ko militantea, Polizia Kidego Nagusiko agenteekin izandako ustezko liskar batean. Handik bi egunera, Ariztimuñoren hiletan, liskar larriak izan ziren poliziaren eta Hernaniko herritarren artean. Liskar horietan, gutxienez, pertsona bat zauritu zen, saihetsak hautsita. Maiatzean, Angel Naranjo polizia larri zauritu zen Hernanin ETAm-ko kideekin izandako tiroketa batean. Donostia ospitalera eraman eta ebakuntza egin behar izan zioten[149].

      Ariztimuño ez zen izan 1981ean motibazio politikoko indarkeriaren ondorioz hil zen hernaniar bakarra. 1981eko ekainaren 26an Antonio Murillok tiro bat jaso zuen buruan etxera sartzen ari zela, eta handik gutxira hil zen Donostia Ospitalean. Haren heriotzaren inguruan hainbat bertsio daude. Kasua ez dago argituta, eta judizialki artxibatu egin zuten. Dena den, talde ezezagun batek aldarrikatu zuen atentatua, Grupo Autonomo de Autodefensa de Euskadi (GAAE) izenekoak.

 

Egin, 1979ko irailaren 29a.

 

      Konstituzioa onartuz geroztik egindako bigarren hauteskunde orokorrekin amaitu zen trantsizio-aldia, 1982ko urrian. Hernanin aldi horretako tortura-salaketa gehien erregistratu ziren urtea izan zen hura, 14 kasurekin. Udalerri honetan lau hamarkadatan sufragio unibertsalez aukeratutako lehen alkatea Juan Jose Uria izan zen. Hark, 1979ko irailean BVEk bonba-auto batekin egindako atentatua jasan zuen, eta onik atera zen. Ekainean atxilotu eta Madrilera eraman zuten, ETAri laguntzea leporatuta. Hamar egunez inkomunikatuta egon zen, eta hiruzpalau egunetan ez zuen ezer jan. Ondorioz, 6 kilo galdu zituen atxilotuta eta inkomunikaturik igaro zituen 10 egunetan. Ondoren, aske utzi zuten, kargurik gabe. Dena den, Uriarentzat, 1979an jasandako atentatua izan zen gogorrena:

 

      “Ordura arte mehatxuak izan nituen. Udalera sartu eta berehala hasi ziren mehatxuak. Hainbat eskutitz mehatxatzaile (bat bala batekin) iritsi zitzaizkidan, baina batez ere telefonoz izaten ziren mehatxuak. Telefonoa aldatu egin behar izan nuen dei mehatxatzaileak ekiditeko. Akats tekniko bati esker, lehergailuak ez zuen eztanda egin, baina mehatxuek jarraitu egin zuten eta zeharo salduta sentitzen nintzen, bizkartzainik eta inoren babesik gabe. Goizean 07:00etan ateratzen nintzen etxetik lanera eta gaueko 22:30ean iritsi, ilunpetan. Atentatua gertatuz gero, kotxea (gauetan) gurasoen etxean uztea erabaki nuen, seguruxeago egongo zelakoan, baina handik nire etxera 200 metro daude eta bide hori gauero bakar-bakarrik egin behar izaten nuen eta guztiz erasotzaileen mende sentitzen nintzen. Izan nituen boladak pentsatzen nuena egunen batean bi tiro emango zizkidatela eta hura izango zela nire azkena. Horrela pasatu nuen udaleko garaia bukatu zen arte, eta oraindik hiru urte eta erdi falta ziren”[150].

 

      Gatazka sozial eta politikoek erakusten dutenez, urte horietan, trantsizio baketsu bat izatetik urrun, izugarrizko oihartzuna izan zuten estatuaren indarkeriak eta talde parapolizialen eta eskuin muturreko taldeen indarkeriak, baita ezker muturrekotzat edo inkonformistatzat jotzen ziren taldeen indarkeriak ere[151]; ez Hego Euskal Herrian bakarrik, baita espainiar estatuko gainerako lurraldeetan ere. Sophie Babyk emandako datuen arabera, 1979 eta 1982 artean motibazio politikoko indarkeriaren 714 hildako biktima erregistratu ziren estatu mailan, eta horietako 300ek ez zuten loturarik euskal gatazkarekin. Nolanahi ere, aipatzekoa da urte horiek izan zirela ETAm eta ETApm erakundeek hildako biktima gehien eragin zituzten urteak, batez ere, 1978tik aurrera. Halaber, 1976an Komando Autonomo Antikapitalistak erakunde armatua sortu zen, joera libertariokoa. Hasieran, ETA-VI, Laia-Ez eta ETApm-ko komando berezietako militanteek osatu zuten erakundea, eta, gutxienez, 29 hildako biktima eragin zituzten, 1985ean erakundea desagertu zen arte[152]. Bestetik, 1980 eta 1982 artean Hego Euskal Herrian jarduten ziren erakunde parapolizial nagusiak desegin ziren (GAE, BVE eta Triple A). Horiek 30 eta 40 heriotza artean eragin zituzten (zenbaketa egiten duen erakundearen edo elkartearen arabera), eta zehaztu gabeko zauritu kopurua.

 

TORTURA KASUEN ZENBAKETA (1976-1982){33}

 

GUARDIA ZIBILA

POLIZIA NAZIONALA

BESTE BATZUK

GUZTIRA

KREI{34}

318

534

1

853

Euskal Memoria{35}

573

925

10

1.508

HERNANI

19

21

0

40

 

      Hernaniko balantzea eginez gero, zortzi pertsona hil ziren, gehienak eskuin muturreko taldeetako eta talde parapolizialetako kideen eskuetan. 40 hernaniarrek salatu dute urte horietan zehar agente polizialek torturatu izana; 22 pertsona zauritu egin zituzten atentatuetan eta eraso fisikoetan; 13 mehatxatu egin zituzten; eta ETAk egindako lehen estortsio ekonomikoko kasua dokumentatu zen.

 

 

 

[123] Molinero eta Ysas, 1998, 110. or.

[124] Garmendia., 1983, 2. liburukia, 116 eta 303 or.

[125] Montero, 2020, 134-135. or.

[126] Gonzalo Wihelmiren ustez, errepresiozko erantzuna, batez ere, hiru adierazpenen bidez gertatu zen: poliziaren errepresioa, estatuaren terrorismoa eta kontrolatu gabeko edo eskuin muturreko taldeen terrorismoa (Wihelmi, 2016, 377. or.).

[127] Lopez, 2014, 40. or.

[128] Portell, 1077, 54. or. Etxeberria et al., 2017, 143. or.

[129] Casanellas, 2014, 225. or.

[130] HUA, 1976-1977, Sig. 2072/19. 1. sekzioa, 2. bulegoa Alkatetza, 3. unitatea prentsa eta protokoloa. Osoko bilkura, 12/76 zk. “Hiribilduan eta Euskal Herriko beste udalerri batzuetan gertatutako gertaera politikoak”. Punto y Hora, 14. zk., 11. or.

[131] Punto y Hora, 10. zk., 4. or.

[132] Punto y Hora, 17. zk., 5. or.

[133] 679/77 Lege Dekretua.

[134] 46/1977 Legea.

[135] Público, 2010eko apirilak 19. Justizia Trantsizionala delakoaren gainean eta espainiar estatuan gertatutako giza eskubideen urraketen nazioarteko zuzenbidearen gainean, ikus: Chichon, 2012.

[136] HUA, 1977, Akta-liburua. Ezohiko osoko bilkura, 14/77 zk.

[137] HUA, 1977, Udalaren Akordioa eta Hernaniko hiribilduko udaletxeko balkoian ikurrina jartzea. Ezohiko osoko bilkura, 2/77 zk.

[138] EAE osatzen duten hiru probintziak kontuan hartuz gero, abstentzioaren batez bestekoa % 51,11koa izan zen, eta Konstituzioari baiezkoa eman ziona, berriz, % 33,74koa. Hego Euskal Herri osoan abstentzioa % 46,68koa izan zen eta baiezkoaren aldekoa % 37,90ekoa. Ezezkoari dagokionez, bi kasuetan Konstituzioaren aurkako botoaren batez bestekoa % 11,28koa da. Batez besteko horiek oso zifra desberdinak erakusten dituzte Estatu osoko emaitzekin, non abstentzioa % 32,33koa izan zen, baiezkoa % 59,03koa eta ezezkoa % 5,36koa. (Fernandez y Ruiz, 2003, 171. or.).

[139] Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa, Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzua, 1978.

[140] Alonso, 2010, 189. or. / Bestalde, aipatu behar da Trantsizio garaian, UCDko kideak ETApm-aren helburu izan ziren. 1978 eta 1980 artean soilik bost izan ziren hildakoak, eta horiei bi bahiketa eta bahiketa saiakera bat gehitu behar zaizkie (ABC, 1980ko azaroaren 1a).

[141] Parra, 2019, 197. or.

[142] Fernandez, 2021, 26-27. or.

[143] Wilhelmi, 2016, 402-405. or.

[144] Etxeberria et al., 2017, 143. or.

[145] Punto y Hora, 191. zk., 64. or. Diario Vasco, 26 de agosto de 1980, El País, 26 de agosto de 1980.

[146] HUA, 1980-1981, Udaleko aktak.

[147] HUA, 1984, Udaleko aktak. Ezohiko osoko bilkura, 9/84.

[148] Egin, 1981eko otsailak 28. Euskal Memoria Fundazioa.

[149] El País, 1981eko maiatzak 14.

[150] Juanjo Uriari jasotako lekukotza.

[151] Baby, 2012, 1-21. or.

[152] Carmena et al., 2012.

 

 

{17} KREIk emandako datuak Euskal Autonomia Erkidegoari buruzkoak baino ez dira. Euskal Memoriaren datuak, berriz, Euskal Herri osoari dagozkio.

{18} Hemen aurkeztutako datuak: Euskal kasuan gertaturiko giza eskubideen urraketei buruzko oinarrizko txostena (1960-2013). ETA, ETApm, KAA eta ezker muturreko beste talde armatu batzuek eragindako biktimak estatu espainiarrera mugatzen dira. Estatuko segurtasun-indarrek, talde parapolizialek eta eskuin muturrak eragindakoak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegora baino ez dira mugatzen.

{19} ETAren zatiketa guztien biktimak hartzen ditu barne. Ez du barne hartzen DRIL erakunde armatuak eraginda hildako biktima.

{20} Barne hartzen ditu: BVEren 19 biktima, GAEren 7, Triple A-ren 5.

{21} Lopez Romo, R. Foronda txostena. Terrorismoaren testuinguru historikoak eta biktimekiko arreta soziala (1968 eta 2010 arteko urteetako datuak).

{22} ETAren zatiketen eta beste talde armatu batzuen biktimak hartzen ditu barne.

{23} ETAren zatiketa guztiek eragindako hildako biktimak hartzen ditu barne.

{24} Barne hartzen ditu: BVEren 11 biktima, GAEren 5, Triple A-ren 7 eta eskuin muturraren 7.

{25} Euskal Memoriaren webgunean jasotzen denaren arabera, 1960tik aurrera “gatazkaren testuinguruan eta errepresioaren ondorioz hildakoak” hartzen ditu aintzat zenbaketa horrek.

{26} Baby, S. Le mythe de la transition pacifique. Violence et politique en Espagne (19751982). 1975eko urriaren 1etik aurrerako datuak dakartza

{27} ETAren zatiketa guztien biktimak hartzen ditu barne.

{28} Polizia-kidegoetako funtzionario publikoen eskuetan hilak: 7 jasotako torturen ondorioz, 32 “polizia-gehiegikeriagatik” manifestazioetan, eta 139 “poliziarekin izandako gertakarietan” (errepideko kontrolak, pertsekuzioak, etab.).

{29} Wilhelmi, G. Romper el consenso. La izquierda radical en la Transición española (19751982). 1975eko urtarrilaren 20tik aurrerako datuak dakartza.

{30} Polizia-kidegoek eragindako hildako biktimak: 84 “katu erraza” (1975ean 11), 74 errepresio politikoa (1975ean 13), 12 torturak (1975ean 2).

{31} Eskuin muturreko taldeek, estatuaren terrorismoak eta exekuzioek eragindako hildako biktimak (1975ean 7).

{32} 1976 eta 1982 artean, 9 pertsona bizitzarako eskubidearen zapalketaren biktimak izan ziren, eta pertsona 1ek bizitza galdu zuen beste inguruabarren ondorioz.

{33} KREIk emandako datuak Euskal Autonomia Erkidegoari buruzkoak baino ez dira. Euskal Memoriaren datuak, berriz, Euskal Herri osoari dagozkio.

{34} Hemendik ateratako datuak: 1960tik 2014ra bitartean Euskadin izandako torturaren ikerketa proiektua. Amaierako txostena.

{35} Hemendik ateratako datuak: Informe de investigación sobre la tortura en Euskal Herria.