Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
HERNANI 1960-2021
Motibazio politikoko indarkeria eta giza eskubideen urraketa larriak
Javier Buces Cabello, 2022

 

METODOLOGIA

 

      1960tik gaurdaino Hernanin edo handik kanpo motibazio politikoko indarkeriak kaltetutako hernaniarrak identifikatzea izan da liburu honen helburu nagusia, baita udalerri horretan jaioak edo bertako bizilagunak izan ez arren, Hernanin indarkeria mota hori jasan duten pertsonak identifikatzea ere. Halaber, testuinguruaren gaineko lanketa ere egin dugu, ikerketa honek kontuan hartzen baitu dokumentatutako gertakariak kokatzen diren denbora-tartea (edo denbora-tarteak).

      Bestetik, argitalpen hau proiektu honetarako berariaz sortutako datu-base batean bildutako informazioaren laburpena da, eta bertan sartu dira, ondo egiaztatu ondoren, dokumentatutako kasu bakoitzaren oinarri diren froga-elementuak. Hortaz, ikerketa-proiektu honetan erabilitako metodologiak uneoro izan duen diskrezio- eta konfidentzialtasun-irizpidea dela eta, garrantzi gehien duten datuen berri soilik eman dugu.

      Hori dela eta, ikerketa pertsonengan zentratzea izan da helburu nagusia, pertsonak baitira azken 50 urteetan (eta, ondorioz, aldi historiko ezberdinetan) euskal gatazka izenarekin ezagutzen den testuinguruan gertatutako motibazio politikoko indarkeriaren hartzaileak. Horretarako, funtsezkoa izan da lehen mailako iturrietara jotzea (artxiboko dokumentuetara). Dena den, berriro ere, lehen mailako iturrietara edo iturri ofizialetara jotzeko izan dugun zailtasuna aipatu behar dugu, batez ere, legeak ezarritako mugen ondorioz. Emilio Majuelo historialariak orain dela gutxi adierazi duenez, horixe da indarkeria politikoaren arloko ekoizpen historiografikoa urria izatearen arrazoi nagusietako bat[1].

      Datu pertsonalak babesteko eskubidearen inguruko legedia da eragozpenik handiena. Datuak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikuluak, “Datuen komunikazioa” izenekoak, honela dio:

      “1. Tratamenduaren xede diren datu pertsonalak hirugarren bati komunika dakizkioke, soilik lagatzailearen eta lagapen-hartzailearen legezko funtzioekin zuzenean lotuta dauden helburuetarako, eta interesdunaren aurretiazko baimenarekin”[2].

      Dena den, baimena behar dela dioen arau orokorrak badu salbuespen bat 11. artikuluaren 2. puntuan. Hortaz, gure xederako, a) ataleko salbuespena aipatu behar dugu:

      “a) Lege batek lagapena baimentzen duenean”[3].

      Hortaz, eta bizirik dauden pertsona fisikoei dagokienez, interesdunen baimena behar da, lege batek lagapena baimentzen duenean izan ezik. Hala, Espainiako Ondare Historikoaren Legeak dokumentu hauen kontsulta arautzen du 57.1. artikuluan:

      “c) Pertsonen segurtasunari, ohoreari, bizitza pribatuaren eta familiaren intimitateari eta norberaren irudiari eragin diezaioketen eta izaera poliziala, prozesala, klinikoa edo bestelako izaera duten datu pertsonalak biltzen dituzten dokumentuak ezin izango dira publikoki kontsultatu, eragindako pertsonek berariazko baimenik ematen ez badute, edo eragindako pertsona hil eta hogeita bost urte igaro arte, betiere hil zen eguna ezagutzen bada, eta ezagutzen ez bada, dokumentuak kontsultatu ahal izateko berrogeita hamar urte igaro beharko dira, dokumentuko datatik hasita”[4].

      Nolanahi ere, puntu honetan beharrezkoa da kontsultatutako informazio ofizialaren egiazkotasunaren gainean hausnartzea. Zer fidagarritasun dute diktadura bete-betean zegoen Estatu bateko txosten polizialek, judizialek eta gobernadore zibilen txostenek, kontuan izanda ez zirela giza eskubideak errespetatzen eta atxilotuek edo auzipetuek ez zutela zuzenbide-estatu batek berezkoak dituen bermerik?[5] [6] Mikel Aizpuru historialariaren hitzetan: “Nola jakin dezakegu zer puntutara arte fida gaitezkeen egiaztatu ezin dugun informazio batez, baldin eta informazio hori tratu txar psikiko eta fisikoen bidez giza erresistentzia makurtzearen bidez jasoa izan badaiteke, atxilotuen aurkako salaketa eta zigorra frogatzeko elementu gisa erabiltzeko helburuarekin?”[7]

      Adibide gisa, 1973ko ekainaren 21ean Hernanin atxilotua izan ondoren, Guardia Zibilaren kalabozoetan modu basatian torturatu zutela salatu zuen R.I.A.-k Kriminologiaren Euskal Institutuko (KREI) espezialisten aurrean[8]. Haren lekukotasuna zen froga bakarra. Aitorpen hori jaso zen aldi berean, Guardia Zibilak atxiloketa horren inguruan egindako partea, hau da, bertsio ofiziala, topatu zuen Aranzadiko ikerketa taldeak Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan: “23ko goizean, komisariako kalabozoetan zela, komunera joateko baimena eskatu zuen eta, komunetik irtetean, angelu zuzeneko ertza zuen zutabe baten aurka bota zuen bere burua bi aldiz jarraian; lesio larriak eragin zizkion bere buruari, eta, horregatik, hiriko Ospitalean ingresatu behar izan zuten”[9]. Giza eskubideak errespetatzen ez zituen diktadura antidemokratiko eta bidegabe batean, zer sinesgarritasun du Guardia Zibilaren txosten batek tortura-salaketa baten aurrean?

      Iturri ofizialak zalantzan jartzea, batez ere, diktaduraren garaikoak (baina ez horiek bakarrik), ez da soilik aintzat hartu behar atxilotuen eta/edo torturatuen kasuan, heriotza eragin duten kasu larriagoetan ere aplikagarria baita. Ikusiko dugun moduan, heriotza-kasu batzuetan, bertsio ofizial mugatu batek ez ditu behar bezain argi utzi, Estatuko Segurtasun Indarren eskuetan edo haien ekintzen ondorioz hildako pertsonekin. Hori argituz gero, hildako horietako batzuk bizitzeko eskubidearen urraketa baten biktimatzat jotzea eragin lezake, giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen ikuspegitik. Izan ere, biktima babesik gabe zegoen egoera batean gerta zitekeen heriotza, edo polizia-agenteek indarra modu neurrigabean erabili izanaren ondorioz. Beste modu batera esanda, Estatuko Segurtasun Indarrek bizitzeko eskubidea urratu izanaren biktimatzat har daitezke, “nahasmendu, abusu eta beste arrazoi batzuengatik”[10].

      Hori dela eta, aurrekoa kontuan hartuta, eta motibazio politikoko indarkeriaren irismena benetan ebaluatzeko helburuz, artxiboetan kontsultatutako datu ofizialak kontrastatu egin ditugu orain dela gutxiko hainbat argitalpen eta azterlanetan gaiari buruz jasotzen diren informazioekin (esaterako, KREIk torturen gainean egindako azterlana, aurrez aipatu duguna, edota Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Institutuak ETAk mehatxatutako pertsonei buruz egindako azterlana), eta, bereziki, 2013an Hernanin Euskal Memoriaren Fundazioak egindako ikerketarekin; azken horrek berebiziko garrantzia duen oinarri dokumentala eta biktimen identifikaziorako oinarria eskaintzen ditu[11]. Halaber, hemeroteka kontsultatu dugu, dokumentatutako kasuak kokatzen diren aldi historiko bakoitzerako. Azkenik, gertatutakoaren gaineko ezagutza zehatzagoa izateko, indarkeria horrek zuzenean kaltetutako pertsona batzuekin edo haien familiartekoekin harremanetan jarri gara eta elkarrizketa batzuk egin dizkiegu. Lekukotzak jasotzea funtsezkoa izan da ikerketa pertsonengan zentratzearen helburua betetzeko.

      Bestalde, aipamen berezia egin behar diogu “indarkeria politikoa” kontzeptuari; ezaugarri hauek dituen ikerketa batean tentazio moralizatzailetik ihes egin behar dugula iruditzen zaigu, Sophie Baby-k trantsizioari buruzko bere lanean proposatzen duen moduan,[12] “etikaren gaia testuinguruaren azterketara mugatuz”. Halaber, aipatutako egileak eta Gonzalez Callejaren moduko indarkeria politikoaren teorikoek dioten gisan, hiru dira indarkeria hori izaera politikokoa dela zehazten duten irizpideak: helburua, nahitasuna eta ondorioa. Hau da, helburu politikoa eta intentzionalitate politikoa duten eta ondorio politikoa eragiten duten ekintzak, sorreran nahitakoak izan ala ez[13].

 

 

      ESPARRU KRONOLOGIKOA

 

      Aurrez esan dugun moduan, dokumentatutako motibazio politikoko indarkeria-kasuak testuinguru historikoan kokatu ditugu. Ondorioz, hiru aldi historiko bereizi ditugu: bigarren Frankismoa (1960-1975), Trantsizioa (1976-1982) eta Demokrazia (1983tik aurrera). Aldi berean, hiru aldi horiek testuinguru orokor batean biltzen dira, euskal gatazka politikoa izenez ezaguna. Dena den, azken hamarkadetan gertatu den motibazio politikoko indarkeriaren definizio hau ez dute onartzen edo ez zaie egokia iruditzen eragile politiko eta sozialen gehiengoari. Hori dela eta, ikerketa honek barne hartzen dituen urteetan zehar erregistratutako motibazio politikoko indarkeria testuinguruan kokatzeko tresna gisa baino ez dugu erabiliko lan honetan, irakurketa alderdikoiak edo subjektiboak justifikatzeko asmorik gabe, Euskal Herria[14] izenez ezaguna den eremuan (hau da, Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Erkidegoa eta Frantziako Estatuari dagokion lurralde-demarkazioa, Ipar Euskal Herria edo Communaute Pays Basque izenekoa) eta Espainiako eta Frantziako estatuetako gainerako eskualdeetan, non aipatutako gatazkatik eratorritako indarkeria-ekintzak gertatu diren.

      Halaber, badakigu zalantzak sor daitezkeela bereizi ditugun hiru aldi historikoen eta, are gehiago, emandako izendapenaren egokitasunaren gainean, baina ukaezina da aldi bakoitzaren amaierako daten ondoren ziklo berri bat hasten dela.

      Bestetik, ikerketa honen abiapuntu gisa 1960. urtea aukeratu izanari dagokionez, 1950eko urteen amaieratik 1960ko urteen hasierara hainbat gertakari izan ziren, eta horrelako ikerketa baten hasierako data gisa 1960. urtea ezartzen duen esparru kronologikoa aldatzeko arrazoiak eman ditzakete. Izan ere, 1956ko otsailaren 10ean erregimen frankistaren lehen salbuespen-egoera deklaratu zen, hiru hilabetez luzatu zena. Zuzenbide Fakultateko ikasle madrildarren talde baten adierazpena izan zen salbuespen-egoera horren iturburua. Sindicato Español Universitario (SEU) sindikatuari aurre egiteko saiakera izan zen adierazpen hura, eta milaka pertsona batu zitzaizkion berehala[15]. 1958ko abenduan Euskadi Ta Askatasuna erakundea sortu zuen ikasle talde abertzale batek. Ikasle horiek 1952az geroztik klandestinitatean lanean ari ziren, Ekin proiektuaren bidez[16]. Santiago de Pabloren hitzetan, Euskadi ta Askatasuna “oposizioko protagonista nagusia izan zen Euskal Herrian 60ko urteen erdialdetik, edo, gutxienez, jarduera handiena garatu zuen erakundea, eta agintari frankistak kezkatu zituena”[17]. ETAk 1968ko ekainaren 7an eragin zuen lehen hildako biktima, baina erakundeak 1959ko abenduan egin zituen lehen ekintza armatuak, Gasteizen, Bilbon eta Santanderren lehergailu artisauak jarrita[18]. Gerora, 1961eko martxoaren 21ean, Guardia Zibil batzuek “Frantziatik etorritako ustezko ekintzaile armatu” batzuei tiro egin zieten Boluetako (Bilbo) kontrol batean[19]. Ondorioz, Jose Antonio Martin-Ballesteros larri zauritu zen, eta Javier Batarrita hil egin zen. Bietako batek ere ez zuen zerikusirik inolako jarduera iraultzailerekin[20]. Lau hilabete geroago, zehazki, uztailaren 18an, Donostian tren bat bidetik ateratzen saiatu zen ETA. Frankismoko gudari ohiak zihoazen tren horretan. Ekintzak huts egin zuen, eta erakundeko kide batzuk atxilotu zituzten[21].

      Bestetik, 1960. urtean ez zen lege-aldaketa garrantzitsurik izan errepresioaren arloan (1794/1960 Dekretua salbu[22]). Masoneriaren eta Komunismoaren Errepresiorako Legeak indarrean jarraitu zuen 1963ra arte[23], eta 1945ean Erantzukizun Politikoen Legea indargabetu bazuten ere, erantzukizun politikoen gainean irekitako espedienteek haien bidea jarraitu zuten, 1966an dekretu bidez delitu hori iraungita zegoela adierazi zuten arte[24]. Halaber, 36ko Gerraren preso ohiak kontrolatzeaz arduratzen diren Zaintzapeko Askatasun Zerbitzuaren Tokiko Batzarrek indarrean jarraitu zuten 1970eko urteen hasierara arte. 1969ko apirilaren 1era arte, gatazkatik 30 urtera arte, ez ziren preskribatu kolpisten kontrakoek egindako ustezko delituak. Hain zuzen ere, 1963ko apirilaren 20an Julian Grimau fusilatu zuten, gatazkan egindako delituak egotzita[25]. Horrez guztiaz gain, jurisdikzio militarrak justizia-administrazioaren organoa izaten jarraitu zuen motibazio politikoko delituetan, bidelapurreriaren eta terrorismoaren errepresioari buruzko 1794/1960 eta 9/1968 dekretuetatik aurrera[26].

      Hori guztia dela eta, puntu honetan gogoratu beharrekoa da gure azterlanaren hasieran diktadura frankistaren aldi jakin batean zentratu dugun arren, diktadura hura eskubideak eta askatasunak urratzen zituen erregimena izan zela bere osotasunean. Hain zuzen ere, indarkeria politikoaren arloko ikerketen, lege esparruen eta politika publikoen hasierako urte gisa 1960a finkatzeak arrisku bat du: “erregimen faxista errugabetzea” indarkeriaren erabilera sistematikoari dagokionez, eta oposizioko taldeen erantzunean zentratzea (bereziki, ETA). Ondorioz, diktadura desagertu egingo litzateke “azterketaren xedetik, zeinak diktaduraren eta haren ondorioen erantzun gisa ulertzen duen borroka armatua”[27].

      Dena den, bada funtsezko arrazoi bat estatu mailan zein erkidego mailan biktimak oroitzeko eta aitortzeko politikak eta indarkeria politikoaren ondoriozko giza eskubideen urraketa larrien gaineko ikerketak bultzatzeko hasierako urte gisa 1960 finkatu izana azaltzen duena: 1960ko ekainaren 27an Amarako (Donostia) tren-geltokian egindako atentatua, non Begoña Urroz Ibarrola hil zen, 22 hilabeteko haurra. Atentatu hori ETAri egozten zitzaion ofizialki duela hiru urte arte, baina, 2010ean Iñaki Egañak[28] eta 2011n Ainhoa Oiartzabalek[29] (Terrorismoaren Biktimen Aitorpenerako eta Babes Integralerako Legea[30] onartu zen urte berean), egilerik probableena DRIL (Directorio Revolucionario Ibérico de Liberación, 1959an espainiar erbesteratuek eta portugaldarrek sortutako erakunde armatua, Frankismoaren eta salazarismoaren aurkakoa) izango zela adierazi zuten[31]. Nolanahi ere, 2019an aitortu zuten ofizialki DRILen biktima gisa, Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroak egindako txostenaren ostean[32].

      Halaber, estatu zein erkidego mailan hainbat lege-xedapen onartu dira azken urteetan, abiapuntu gisa 1960. urtea ezartzea iradokitzen digutenak. Dena den, batzuetan, lan honetarako garatutako ikerketa-lanak 1950eko urteen amaierara eramango gaitu ezinbestean. Izan ere, hainbat gertaera izan ziren urte haietan: lehen salbuespen-egoera 1956an, ikastolen susperraldia, langile-mugimenduen hazkundea, edota erregimen frankistaren egitura-aldaketak, hala nola 1959ko Egonkortze Plana.

      Zentzu horretan, azken urteetan Espainiako estatuko erakundeak ahalegin nabarmena egiten ari dira Espainiako eta Frantziako estatuek ezarritako ordenamendu juridikoen arabera subertsiboak edo ihardukitzaileak diren eragile politikoek, eragile sozialek eta talde armatuek egindako giza eskubideen urraketak argitzeko[33]. Bultzada eman diote, ez soilik arlo polizial edo judizialetik, baizik eta legedi arlotik, Terrorismoaren Biktimen Aitorpenerako eta Babes Integralerako 29/2011 Legearen bidez[34]. Arau horrek Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Fundazioaren (FCMVT) sorrera ekarri zuen, 57. artikuluaren bitartez[35].

      Bestetik, 2011. urteaz geroztik, Eusko Legebiltzarrak eta Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuek esparru legal propioa bultzatu dute, giza eskubideen arloko nazioarteko legedian oinarrituta. Esparru legal horrek ikuspegi integrala eskaintzen dio azken hamarkadetan EAEn izandako indarkeriaren gaiari[36]. 1960 eta 1978 artean giza eskubideen urraketa larrien biktimak izandako pertsonak erreparatzeari buruzko 2012ko ekainaren 12ko dekretua[37] lehen pausoa izan zen Ordena Publikoko Indarreko kideek egindako “motibazio politikoko indarkeria-ekintzak” eta “sufrimendu bidegabeak” ikertzeaz arduratuko zen Balorazio Batzorde bat sortzeko. Batzorde horrek txosten bat aurkeztu zuen 2017an. Guztira jasotako 239 eskaeretatik, 187 pertsona biktima gisa aitortzen zituen txosten hark, 107/2012 Dekretuaren arabera. 187 pertsona horiek giza eskubideen urraketa mota ezberdinen biktimak dira. Haien azterketa bi funtsezko irizpideren arabera egiten da: alde batetik, gertakaria existitu zela frogatzea, eta bestetik, pertsona bakoitzak jasan zuen urraketa adieraztea, eta urraketa horren inpaktu fisiko edo psikologikoak, “ondorioak uzten dituztenak”[38]. Era berean, gaur egun 1978tik 1999ra bitarteko giza eskubideen urraketen biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko lanean ari dira[39]. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak 1960. urtea ezartzen dute memoria hurbila[40] deitzen diotenaren gaineko azterlanen hasierako data gisa.

      Nafarroako lurraldeari dagokionez, 16/2019 Foru Legeak eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimak aitortu eta erreparatu nahi ditu, 1950etik aurrera eta gaur egun arte[41].

      1975. urteari eta sistema demokratiko bateranzko trantsizio gisa ezagutzen dugun aldiaren hasierari dagokienez, Francoren heriotza izan zen gertakari erabakigarria, ziklo berri bat ireki baitzen orduan. Laburtuz, 1976ko abenduaren 15ean Erreforma Politikorako Legea onartu zen. Ondoren, 1977ko ekainaren 15ean, lehen hauteskunde demokratikoak egin ziren apirilean Adolfo Suarezek onartutako lege-dekretu batetik abiatuta. Erregimen frankistaren aurkako sindikatu eta alderdi nagusiak legeztatu zituzten arren, iraultzailetzat jotzen diren erakundeek legez kanpo jarraitzen zuten. Hori dela eta, beste sigla batzuk erabili behar izan zituzten hauteskundeetara aurkezteko. 1977ko urrian 1977ko Amnistiaren Legea onartu zuten, ehun preso politiko inguru aske uztea, aurrekari penalak ezabatzea eta zigortutako funtzionario zibilak lanera itzultzea ekarri zuena[42]. Gerora, nazioarteko erakundeek salatu egin zuten lege hura, oztopo bat zelako 36ko Gerran eta ondorengo diktaduran zehar egindako giza eskubideen aurkako delituak epaitzeko orduan.

      Halaber, indarrean jarraitzen zuten Frankismoaren garaiko lege eta erakunde nagusiek, hala nola 1959ko Ordena Publikoaren Legeak; polizia talde ezberdinen jarduera arautzen zuen lege hark. 1978ko abenduaren 6an Espainiako Konstituzioa onartu zuten, erreferendum bidez. Hala, ia amaitutzat jo zuten sistema demokratiko bateranzko trantsizio-aldia. Hala ere, Gorteak eta udalak berritzea geratzen zen oraindik; 1979ko udaberrian egin zen hori, legegintza-hauteskundeen eta udal-hauteskundeen bidez. Halaber, 1979ko abenduaren 18an Euskal Herriko Autonomia Estatutua onartu zuten, euskal gizarteak berretsita. Dena den, euskal gizartea politikoki zatitu zen lege esparru berria onartu zutenen eta 1978ko Konstituzioaz geroztik ezarritako lege esparrua hausteko eskatzen jarraitzen zutenen artean; azken horiek ez zuten onartzen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Nafarroatik bereiztea, eta autodeterminazio-eskubidea aldarrikatzen zuten. 1981eko otsailaren 23an estatu-kolpea ematen saiatu ziren, baina huts egin zuten. Militarren goi-karguek aldaketa politikoa baldintzatzeko edo mugatzeko egindako saiakeratzat har daiteke.

      1982ko urrian, Konstituzioa onartuz geroztiko bigarren hauteskunde orokorrak egin zituzten (Lehenak 1979an izan ziren). Hainbat egileren arabera, hauteskunde-prozesu horrekin amaitu zen trantsizioa, baina oraindik ere, hainbat gai geratu ziren zintzilik, esaterako, autonomien eskumenen banaketa edota indarkeria fisikoaren monopolioa zuten erakundeen aldaketa (armada eta polizia taldeak)[43]. Nolanahi ere, motibazio politikoko indarkeriari dagokionez, euskal gatazkak presente jarraitu zuen, eta aurreko aldietan ere gertatzen ziren giza eskubideen urraketek jarraitu egin zuten. 2011ko urtarrilaren 10ean, ETAk su-eten “iraunkorra” iragarri zuen, eta, urriaren 20an, jarduera armatuaren behin betiko amaiera. Aldi berean, Nazioarteko Egiaztatze Batzordea eratu zen, bake-eta segurtasun-prozesuetan nazioarteko esperientzia zuten sei pertsonako talde batez osatua. ETAk 2017ko apirilaren 8an armak entregatu zituenean amaitu zen batzordearen lana. Gaur egun, gatazkari dagokionez, biktimen aitorpena eta presoen egoera dira interes publiko handiena sortzen duten bi gaiak[44].

 

Egilea/autor: Ramon M. Zabalegi

 

 

 

[1] Majuelo, 2020, 283-296 or.

[2] 3/2018 Lege Organikoa.

[3] Ibidem.

[4] 16/1985 Legea.

[5] Fernandez, 2018a, 99. or.

[6] Buces, 2018a, 11. or.

[7] Aizpuru, 2016, 231. or.

[8] KREIk emandako informazioa.

[9] Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa, Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzua, 1973, Gobernu Zibilaren Funtsa, 3678/0.

[10] Landa, 2008, 27. or. Carmena, 2013, 9-10. or.

[11] Etxeberria et al., 2017. Intxaurbe et al., 2016. Euskal Memoria, 2013. Hala ere, esan beharra dago ikerketa honek ez zuela udal-ordezkaritza zuten alderdi politiko guztien babesa jaso.

[12] Baby, 2018, p. 41.

[13] Ibidem, p. 44.

[14] 2004az geroztik, Euskaltzaindiak Euskal Herria izendapena proposatzen du “Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa (Garaia eta Beherea) eta Zuberoa batera izendatzeko”. EUSKAL HERRIA IZENDAPENA - Euskaltzaindiaren adierazpenak (1976-2018).

[15] Mesa, 2006, 64-155. or. Ysas, 2004, 1-3. or.

[16] De Pablo, 2019a, 45. or. Garmendia, 1983, 15-18. or. De Pablo, 2015, 355-360. or.

[17] De Pablo, 2002, 108. or.

[18] Hala ere, ekintza horiek ez zituen inoiz ETAk aldarrikatu, eta zerikusi handiagoa izan zuten erakunde horretako kideen ekintza partikularrekin (Núñez et al., 180. or.)

[19] Sainz, 1993, 126. or.

[20] Egaña, 2014 (Gara, 2014-07-23). Fernandez, 2018b, 261-292. or. Sainz, 1993, 122-127. or.

[21] Sainz, 1993, 142. or. Fernandez, 2016. Perez, 2021, 234. or.

[22] 1794/1960 Dekretua.

[23] 1940ko maiatzaren 1eko Legea.

[24] 1939ko otsailaren 9ko Legea. Peña, 2012, 177-178. or.

[25] Capella, 2009, 59. or.

[26] 1794/1960 Dekretua. 9/1968 Lege Dekretua.

[27] Majuelo, 2021, 287-288. or.

[28] Egaña, 2010 (Gara, 2010-02-12). 2019an Egañak berriro hitz egin zuen gai horren gainean: Egaña, 2019 (Gara, 2019-06-26).

[29] Oiartzabal, 2011 (Berria, 2011-02-02).

[30] 29/2011 Legea.

[31] Halaber, 2010ean, Santiago de Pablok El Correo egunkariko artikulu batean adierazi zuen ez zegoela atentatua ETAk egin izanaren gaineko iturri fidagarririk, eta egilea DRIL izan zitekeela aipatzen zuen: De Pablo, El Correo, (2010-06-19).

[32] Fernandez eta Aguilar, 2019. De Pablo, 2015, 371-372. or.

[33] Baby, 2012, 1-21. or.

[34] 29/2011 Legea.

[35] 29/2011 Legea aldatu egin zen 2012ko ekainean, 2013rako Estatuko Aurrekontu Orokorrari buruzko irailaren 27ko 17/2012 Legearen bidez. BOE, 2012ko abenduak 28, 312. zk. Aipatutako 29/2011 Legearen 3 bis artikulua gehitu da, aldi berean, indarkeriazko delituen biktimentzako kalte-ordainei buruzko Europako Hitzarmena Berresteko Tresnaren (1983an onartua) 2., 3. eta 8. artikuluekin bat datorrena. Aldaketak, zehazki, honako hau dio: “Lege honetan aitortzen diren laguntzak eta prestazioak ematea indarkeriazko delituen biktimentzako kalte-ordainei buruzko Europako Hitzarmenak ezarritako printzipioen mende egongo da”. Bestetik, Hitzarmen horren 8.2. artikuluak honakoa ezartzen du: “kalte-ordaina murriztu edo bertan behera utz daitezke biktimak edo eskatzaileak delinkuentzia antolatuan parte hartzen badu edo indarkeriazko delituak egiten dituen erakunde bateko kidea bada” (17/2012 Legea). Aldaketa horretan oinarrituta, ukatu egin zaizkie kalte-ordainak talde armatuetako kideak izan zitezkeen terrorismoaren biktimen familiartekoei.

[36] Fernandez eta Hristova, 2019.

[37] 107/2012 Dekretua.

[38] Martin, 2017.

[39] 5/2019 Legea.

[40] Eusko Jaurlaritzak Bake eta Bizikidetza Idazkaritzaren bidez eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren bidez hartutako terminologia.

[41] 16/2019 Foru Legea.

[42] 46/1977 urriaren 15eko Amnistiari buruzko Legea,.

[43] Baby, 2018, 34-37. or. Wihelmi, 2016, 327-332. or. Maravall eta Santamaria, 1988, 112-164. or.

[44] Domínguez (Zuz.), 2017.