Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Ganbarako ahotsak
Usoa Barrutiabengoa Olazabal / Nerea Elias Muxika
Garoa González Fernandino / Araitz Rodríguez Gutiérrez, 2004

 

MERKATU BELTZAREN
NORMALIZAZIOA

 

      1939ko maiatzaren 14an, Industria eta Merkataritza Ministerioak eskasia egoerari aurre egiteko arrazionamendu agindua argitaratu zuen. Garai hartan, norberaren biziraupena zen oinarrizko helburua. Hernanin, beste hainbat lekutan bezala, azpiegiturak guztiz suntsituta zeuden, eta horregatik erabaki zuen gobernuak arrazionamendu legedia sortzea. Arrazionamendua jendearen egoera kaskarrari erantzuteko ezarritako agindua izan bazen ere, ikusiko dugun moduan, ez zen nahikoa izan jendearen beharrak asetzeko.

      Izan ere, arrazionamenduan banatzen zituzten kantitateak nahiko eskasak ziren, eta hernaniarrek beste leku batzuetan bilatu behar izaten zituzten elikatzeko behar zituzten produktuak; horrela, merkatu beltza gero eta garrantzi gehiago hartzen joan zen. Arrazionamenduari lotuta garatzen joan zen merkatu beltza. Merkatu beltza betidanik izan da, ez zen gerra ostean sortu, baina une hartan, beste garai batzuetan ez bezala, sekulako indarra hartu zuen.

      Merkatu beltzaz hitz egiten dugunean, bereizketa bat egin behar dugu; alde batetik merkatu beltz handia, eta, bestetik, merkatu beltz txikia. Bi horien arteko aldeak distantzia eta produktuen kantitatea dira. Merkatu beltz handia kontrabando izenaz ere ezagutzen da, produktuak mugaren beste aldetik ekartzea baitira. Normalean, kantitate handiak izaten ziren, eta produktuak Hegoaldean aduana zergarik ordaindu gabe saltzeko ekartzen ziren; debekatuta zeuden edo oso urriak ziren produktuak izaten ziren. Merkatu beltz handiaren beste ezaugarri bat azpiegiturak dira. Hau da, kontrabandoan aritu ahal izateko kamioia edo beste ibilgailu handiren bat behar zen. Azpiegiturarik gabe oso zaila zen, adibidez, Nafarroaraino joan eta ehun kilo azukre ekartzea.

      Asun, lehenago ikusi dugun bezala, Kale Nagusian bizi zen, eta familiak taberna bat zuen, gerra ostean martxan jarri zuena. Anaiek, gerratik itzuli ondoren, tabernan laguntzen zuten. Emakumeen egitekoa sukaldea eta zerbitzatzea zen; gizonek estraperloa egiten zuten. Oro har, estraperloa taberna hornitzera bideraturik zegoen, eta nagusiki ardoa ekartzen zuten, baina bidaia haiek etxerako zein tabernarako beste produktu batzuk ekartzeko ere erabiltzen zituzten:

 

      Hombre, eske gosia zan, ikaragarrizko gosia. Hemen mutillak etorri zianian ba, basi zian, ardo billa, baiño juten zian Rioja kamioiakin, hamar bokoi ekartzen gendun astero, o hillero. Eta handik, haik ogiya ta ekartzen ziguten, ta mandire tartian jarri, ta gue etxian izaten zan ogiya, ta oliyuare handik ekarri, eta bestela keba, estraperlua dana e! Asun.

 

      Estraperlo txikia, berriz, geografia eremu hurbilagoetan egiten zen, normalean Hernani inguruetan, nahiz eta batzuetan Nafarroaraino joaten ziren produktuen bila. Hala ere, jaso ditugun testigantzen artean badaukagu aipatu berri dugunaren salbuespen bat. Emakume batek Espainia eta Frantziako estatuen arteko muga zeharkatzen zuen estraperloa egiteko. Isabelek era horretako estraperloa egin zuen gerra osteko azken urteetan, hau da, Iparraldera joaten zen eta handik hainbat produktu ekartzen zituen. Senarra Iparraldean lanean ari zenez, honi noizean behin egiten zizkion bisitak erabiltzen zituen mugaz beste aldetik gauzak ekartzeko, eta senarrak ere, hona etorri behar zuenean, ahal zuena ekartzen zuen. “Sos batzuk” ateratzeko modua zen. la denak, denak ez esatearren, jendearen enkarguzko gauzak izan ohi ziren, eta hemen ez zeuden edo oso garesti saltzen ziren produktuak ekartzen zituzten: kafe ontziak, mahai-tresnak, baxera, artilea, puruak...

 

      Y así, luego empecé a ir a Francia a traer cosas... traíamos cosas para vender... de todo que nos pedían... Lo traíamos ya encargado, de encargo. Traíamos pues, hoy me vas a traer, y a Escobar le traje una vajilla entera de varias veces. Y cubiertos. Entonces esas cosas no había aquí. Isabel.

 

      Auzoko taberna batera gauza ugari ekartzeaz gainera, partikularrei ere saltzen zien. Bidaia haietan beldur asko pasatutakoa da Isabel, muga igaro behar zuen bakoitzean Guardia Zibilaren kontrola pasatu behar izaten baitzuen. Egiteko horrek, legez kanpokoa izaki, arriskua bere-berea zuen, eta, noski, baita beldurra ere. Oro har, Guardia Zibilak ez omen zuen oztoporik jartzen; are gehiago, berak dioenez, ia denak ezagunak ziren eta ondotxo zekiten elkarren berri. Hala ere, arriskua beti hortxe zegoen: produktua galtzea, atxiloketa, miaketa... Behin halaxe galdetu omen zion guardia zibil horietako batek: ¿usted qué es, que se dedica a esto? Garbi ikusten da, beraz, jarduera oso zabaldua zela. Harrapatzen zutenari, normalean, produktua itzularazten zioten, baina gutxitan zigortu. Ordea, baziren deskuiduak ere, garesti ordaintzen ziren deskuiduak; horrela gogoratu du horietariko bat:

 

      Otra vez me deje una caja con puros, metí una caja de puros y encima una docena de huevos. Y yo con mi caja con los huevos, se veían los huevos, así con una cuerdita. Y se me olvidó en una repisa esperando al tren, y adiós a mis ganancias. El día siguiente me levanté y me marché a Irun, me la habían guardado en la estación. Pensarían: alguna pobre mujer lo ha dejado. Y luego el día siguiente: ¡Oye! Por casualidad, no habréis guardado... “Sí, pero hemos comido una docena de huevos”, digo, pues bueno, no importa. A mi lo que me interesaba era lo que había abajo. No importa, como si los queréis comer todos. Ya te digo, pasamos también esa época. Isabel.

 

      Kasu hartan zorte handia izan zuen, eta arrautza gutxiagorekin itzuli bazen ere, garbi dioen bezala, garrantzitsuena beste zerbait zen, pertsona haiek sekula jakingo ez zutena, puruak. Baina, esan bezala, eredu orokorraren salbuespena zen hura; beraz, jarrai dezagun egoera arruntagoak aztertzen.

      Estraperlo txikiari dagokionez, produktu kantitate txikiagoa garraiatzen zen. Normalean, estraperlo txikian pertsonaren beraren gorputza zen garraiobidea; beraz, kantitate nahiko txikiak mugitzen ziren. Halaxe kontatu digu Iñakik, bere amonak ahal zuen moduan ezkutatzen zituela babarrunak, sagarra, arrautzak, gazta... Nafarroara, aitaren herrira, joaten zirenean. Trenez eta oinez egiten zuten bidaia, eta zaila zen kantitate handiak ekartzea; hala ere, pertsona bakarrak guzti hura ekartzeak badu meritua:

 

      Nire aita zan jaioa Nafarruan, Arantzan, hemen, Lesaka inguruko herri koxkor batian. Eta nire amonak izana zon Margarita, eta zittun harrek bigotiak, bigotiak zittun, baiño bigotiak. Ta behin batian, este, gona luziak ibiltzen tzittun, txorkatilarteko gonak, ta somatzen nun, gonan barren batetikan aintzen tzala itten tubo batzuk bezela, eantsitzen trapu batzuk, eitteko tubo batzuk bezela goitik-beraiño, goitik-beraño. Ta jun giñan, jun giñan trenian Irunaño, eta han hartzen genun beste tren txiki bat, tren del Bidasoa famoso hoi, ta jeisten giñan Iantzin, ta Iantzitikan gue aittan berriortako baserria eongo zian 6 o 7 kilometro oiñez. Ta han gue amona horri eitten tzioten tubo hoik babarrunez bete, babarrun beltzez bete. Ta geo sesto baten jartzen zioten, ba, sagar batzuk ta arraultza batzuk. Eta goatzen naiz, behin batean, bular haundik, titi haundik zittun gue amonak eta, jarrizkioten bi gazta. Bi gazta, txikixek zien, bi gazta. Sujetadorek etzien izango, eztakit ze izango zien. Jarri zittun bi gazta, ta nik, “baiño amona ikusi ingoizute, esangoizute baamazkizula bi gazta”, ta “Isilik eonai motel, ze usteek, karabinerok amona baten titita errepau behar diela?”. Ta hola ekartzen genun ta aste bateako janarie genun. Iñaki.

 

      Estraperlo txikiaren eta handiaren artean, beste bereizketa bat bazen: sexuarena. Kontrabandoan batik bat gizonak aritzen ziren, eta estraperlo txikian emakumeak ziren nagusi. Banaketa horrek ongi adierazten du bizirauteko jardueren sexuaren araberako banaketarekin. Bestalde, azpiegituraren beharraz gainera, kontrabandoa emakumezkoentzat egoki jotzen ez zen ordutegi batean egiten zen: gauez.

      Gerra osteko egoera zela medio, estraperlo txikiak estraperlo handiari aurrea hartu zion; izan ere, estraperlo txikiaren bitartez lortzen ziren eguneroko bizitzan aurrera egiten laguntzen zuten produktuak (ogia, olioa, irina, patatak, garbantzuak...). Esan dugun legez, gose handia zegoen, eta arrazionamendua nahikoa ez zenez, merkatu beltzaren bidez eskaintza paralelo bat izan ohi zuten. Hala ere, merkatu beltzean produktuak oso garesti saltzen ziren, tasak prezioaren hiru halakoraino garestitzen zituzten askotan.

      Merkatu beltza, bestalde, kontsumo guneetara ez ezik, ekoizpen guneetara ere[19] zabaldu zen. Hernani gune mistoa zen. Nekazaritza gune handia zenez, ekoizteko gaitasuna zuen. Bestalde biztanle asko kaletarrak zirenez, kontsumo gunea ere bazen. Horren arabera, garbi ikusten da kontsumitzaile gisa definitutako biztanleek izan zituztela bizirauteko arazo gehiago, hain zuzen ere, biztanleria ekoizleak eguneroko beharrei aurre egiteko adina ateratzen zuelako. Elkarrizketa askotan adierazi digute baserriko jendeak ez zuela hainbesteko beharrik pasatu, esan bezala beraien beharrak asetzeko produktu nahiko ekoizten zituztelako. Eustakik, baserrikoa bera, halaxe dio:

 

      Baserrian hobeto jaten gendulako... arrautza freskua ez zitzaigun falta, babarrunak, egunero baina babarrunak, ez zitzaizkigun falta, txerrikia... Ordun guri ez zitzaigun ezer falta, baserrian lan egin behar zan ta faltako gendun oliua, azukrea, baserrian ez gendun gauza hoik. Eustaki.

 

      Baina Eustakik falta zituen gauza horiek herritarrek falta zituzten berberak ziren. Baserrian esnea eta baratzeko produktuak zituzten; behin etxerako behar zutena gordeta, gelditzen zena salmentara bideratuz gero, diru apur bat atera zezaketen, falta zituzten produktu horiek erosi ahal izateko.

      Ekoizleen taldean, kalean bizi zirenak baina baratzea zutenak ere sartzen ziren. Hernanin, oso arrunta zen kalean bizitzea eta etxeko lan taldea hornitzeko baratze bat edo bi izatea. Askok onartzen dute horri esker ez zutela goserik pasatu. Hala ere, horrek ez du esan nahi merkatu beltz txikian edo estraperloan parte hartzen ez zutenik; esan bezala, merkatu beltza ekoizpen gune eta kontsumo guneetaraino heldu baitzen, inolako salbuespenik gabe. Horregatik, ez da harritzekoa, Hernani ekoizpen gunea izanik, hernaniar askok Donostiara jotzea bai euren produktuak saltzera eta baita estraperloa egitera ere. Donostiak, batik bat kontsumo gunea izanik, horniduren beharra zuen, eta Hernaniko emakume asko joaten ziren hara salmentara. Hiriburua izanik, eta gune turistiko garrantzitsua, Hernanin gertatzen ez zen diru mugimendu bat zegoen, oso baliotsua hernaniarrentzat.

 

 

 

 

[19] Ekoizpen gunea lehengaiak produzitzeko gaitasuna duen eremua da. Kontsumo gunea, berriz, ekoitzitako lehengai horiez baliatzen dena. Hernaniri dagokionez, gune mistoa dela esan dezakegu, bietarako gaitasuna duelako.