Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Ganbarako ahotsak
Usoa Barrutiabengoa Olazabal / Nerea Elias Muxika
Garoa González Fernandino / Araitz Rodríguez Gutiérrez, 2004

 

GERRA ETA GERRA OSTEA

 

      1936ko irailaren 13an amaitu zen gerra Hernanin. Falangistak sartu ziren Urnietatik barrena eta erreketeak, berriz, Onddi menditik behera, eta herria hartu zuten. Irailaren 12an sartu zen lehen aldiz Armada Nazionala herrian, eta, hurrengo egunean erori ziren azken erresistentzia guneak, Santa Barbarako gotorleku eta lubakiak. Errepublikak, herrialde honetan babes handia izan zuen arren, hondoa jo zuen. Herria altxatuen menpean gelditu zen. Beraz, gerrak oso gutxi iraun zuen Hernanin, borrokaldiak laster amaitu ziren. Gerra ostea 1939. urtea baino lehenago hasi zela esan daiteke, hortaz.

      Herrian bertan gerra amaitu zelarik, ordea, herritarrentzat luzaroan iraun zuen, asko izan baitziren borrokara kanpora joan behar izan zutenak (gerrak zirauen tokietara hain zuzen). Hernaniarrek nazionalen nahiz errepublikarren aldean borrokatu zuten; elkarrizketatuek esaten duten bezala, tokatzen zitzaienaren arabera. Hala kontatu du Mertxek: hiru anaiarekin eta ahizpa batekin bizi zen, ama eta amonaz gainera, eta hiru anaiek gerrara joan behar izan zuten. Baina hirurek ez zuten alde berean borrokatu:

 

Soldaduen desfilea Hernaniko kaleetan zehar (1936).
Kutxa Fototeka: 0424-4

 

      [...] gure etxetikan hiru mutil kanpoan ziren, hiru anaiak. Bi jun ziren Francorekin... harrapatu zutelako... bai zera, bestela por aquí! Hirugarrena preso hartu zuten. Bi anai jun zian Francorekin, bestea beste aldera. Mertxe.

 

      Hernaniko herrian gerrak ez zuen asko iraun, arestian esan dugun bezala. Dena den, gerra bukatu arte ez ziren martxan jarri (eraginkortasunez) gerra osteko garaiaren ezaugarri izan ziren estatu frankistaren antolamendu erak (legeak, dekretuak...). Lege eta antolamendu horien artean, bereziki aipatzekoa izan zen arrazionamendua, lehen atal honetako bigarren aztergaia. Hala ere, legeak lege gisa gerra amaitu arte indarrean jarri ez zituzten arren, gero lege bilakatuko ziren hainbat jarduera egiten hasi ziren nazionalak pixkanaka beren esku gelditzen ari ziren herrietan.

      Historiografiak, oro har, bi garai bereizitzat ditu gerra eta gerra ostea, baina gure ikerketan bi aldi horien analisia bateragarria dela ikusi dugu; besteak beste, gerraren iraupen laburra medio. Hain zuzen ere, egokia deritzogu Hernanin 1936/1951-2 tarte kronologikoa osorik hartzeari, Hernaniko herriaren dinamikaren ezaugarriak berdintsuak izan zirelako tarte horretan guztian, nahiz eta ondotxo jakin beste zenbait gauza sakonki aldatu zirela.

      Tarte kronologiko horren lehen zatian, hau da 36ko gerrari dagokion zatian, herriaren egunerokotasunean eragin bizia zuen askotariko talde bat hartuko dugu aintzat: emakume baserritarrak. Bigarren zatian, berriz, estraperloaren jardueran murgilduko gara, eta herriko jarduera horretan emakumeek izan zuten egitekoa azpimarratuko dugu.

      Osotasun gisa hartu dugun denbora tarte honetan, jarraitasun bat nabari da emakumeen egoeran, baita testuingurura egokitzeko emakumeek erabilitako estrategietan ere (merkatu eta estraperloarenak, guri dagokigunez). Bi jarduera horiek helburu berbera zuten, hornikuntzarena. Baina badute alderik ere, honako hau nagusiki: bata legezkoa zela, eta bestea, berriz, legez kanpokoa. Legezko jardueraren bidez hornigai nahiko aurkitzen ez zutenean, biziraupena ziurtatu ahal izateko legez kanpoko bideetara jo zuten, etxeko lan taldea[3] hornitzearren.

      Aztergai ditugun bi estrategia horietan, emakumeek zuten etxeko lan taldea hornitzeko ardura. Ardura hori bere egiteko arrazoi nagusietakoa genero harremanetan emakumeari atxikitzen zaion papera da. Baserriko produktuak merkaturatzeak eta estraperloan aritzeak lotura zuzena dauka “hornitzaile” paperarekin. Bi ekintza horien bidez lortzen zuten etxeko guztientzako janaria. Gainera, eta aurrerago ikusiko dugunez, emakumeen hornitzaile paper hori ez zuten norberaren etxera begira soilik egiten. Etxeko ateak gainditzen zituen, Hernani osoa hornitzeraino. Baina hori guztia aurrerago aztertuko dugu lasaiago.

      Urte haietan, sektore ekonomikoei zegokionez, askotariko herria zen Hernani. Baserriko ekonomiak ez ezik, garrantzi handia zuten zerbitzuen sektorea osatzen zuten denda eta saltokiek ere. Baita 60ko hamarkadako industrializazioaren aitzindari izan ziren hainbat enpresa eta lantegik[4] ere.

      Gure ikerlanean sektore guztiak aztertzearren, lehenengo tarte kronologiko eta tematiko honetan, nekazaritza arloa aztertuko dugu, bigarrenarekin lotuta dagoena, ikusi ahal izango dugun moduan. Gerra eta baserria zutabe modura hartuta, badaude biak batzen dituzten hainbat gertaera.

 

 

Herria eta baserria

 

      Hernaniko baserrietan, bizi-iraupena ziurtatu ahal izateko, eguneroko lanak egiten jarraitu beharra zegoen. Baina gerrako salbuespen egoerak nabarmen mugatu zuen baserritar ugariren bizitza. Argi antzematen dira muga horiek Eustaki[5] eta Martaren[6] bizitzetan. Biek baserrian igaro zuten haurtzaroa gerra garaian. Eustakiren amak gerra garaian ere hornitzaile papera betetzen jarraitu behar izan zuen ezinbestean:

 

      Gerra denboran ere bera jute zan beti beti esnea partitzea Donostia, eta hor gertatzen zizagun ba klaro ama berandu etorri eguardin [gerra zela eta], ta nahiko komerik, ze eskolare, eskolare, nik uste gerra denboan ez nitzala eskolan hasi ze aitta biltzen 38an [...] Ni gerran, ez, ez giñan eskolan ibili, ez giñan eskolan ibili, ze ni nitzan zaharrena. Eustaki.

 

      Martak egoki azaltzen du gerra garaiko harrapaketa askok jaki eta edariak eskuratzea zutela helburu. Berari halaxe tokatu zitzaion, eta ondo gogoratzen da soldaduak jaki bila gerturatu zireneko goiz hartaz. Etxean, bakoitza bere egitekoetan ari zen, eta soldaduak gerturatzeak denen arreta erakarri zuen; Martaren kasuan, ez zen bortizkeriarik izan.

 

      Hala ba, goiz batian esnia astuakin ta, hala jartzen giñun astua ta bihorrakin, oain astua, anaia jun tzan esnia eamatera goizian eta, gerra zibillan ordun, in tzun zea, letxeroik etorri ez esnin billa. Gero bere esniakin etxea berriz ta, oain ez da ikusten baiño oain hemen dena itxiya do arbolakin, ordun bistan tzan gaiñian bidia, ikusi emen tzitun hor beheko koskatikan nola zetorren [...] Eta gizon pillo bat nola zetorren ta, astua eraiten [...] hor beheko zearaiño elkarrekin etorrita. “Osaba, osaba”, atta patata ateatzea juna, “osaba, osaba, sekulako gizon pilla emen da gurutziakin da”. Gure osaba etzen baña guri etziguten ezer in e, gui etziguten ezer in. Etorri zan, geo han sartu zian jendiari esnia eosi eta dena haik hartu zuten esne guziya. Guk giñun esne guziya zea balde, ontzi handi batea bota, egosi, oain ekonomika da, baiño ordun lurrian itten zan sua izaten zan, han eosi eta dena hartu zuten esne hoi. Soldadu o boluntayu o haik zian. Geo juntzian esnia hua hartuta. Marta.

 

Emakume eta gizonez osaturiko miliziar taldea
armak eskuetan dituztelarik (1936).
Kutxa Fototeka: 15-3(212-9).

 

      Harrapaketak, bakartuta gelditzeko arriskua... izan ziren herriko baserrietako bizitzaren ezaugarriak. Dena den, baserritarren hitzetan, Santa Barbarako gotorlekutik gertu zeuden baserrietan izan ezik, Hernaniko baserrietan ez zuten jasan gerrak herrian izandakoa adinako eraginik. Alde batetik, ez zirelako leku estrategikoak, eta, bestetik, borrokako frontetik urrun zeudelako:

 

      Baño kaletikan ikara gehio, beldur gehio kalian. Klaro tiroteua. Ez da izaten esto baserri bat dagon lekun, gutxi harrapatzen baititu [...] Eske oso oso diferentea da, geo gerra batekin beti bonbardeua, eroritzen da, botatzen dute edo saiatzen dira deusestatzen jendea dagon tokia, ordun baserria geatzen da beti baztar batian, beti ixiltasun batian, beti. Eustaki.

 

      Baserrietan izan zuen eragina gerrak, baina herrikoek jasan zutenaren oso bestelakoa. Herrian “bonbardeuak” eta “tiroteuak” ugariak izan ziren. Herriak jasan zituen bonbardaketak faxistek Donostia eskuratu nahi zutela-eta gertatu ziren. Hau da, Donostia hartzeko bidean, Donostia errepublikarren eskuetan baitzegoen, Hernani eta beste zenbait herri hartu behar izan zituzten lehenengo, eta herri horiek hartzeko baliabideetako bat bonbardaketa izan zen (Irun eta Lezon, adibidez). Hala ere, abuztuaren 5etik hasiak ziren jada Donostia bonbardatzen eta denbora kontua besterik ez zen erasoa inguruko herrietara zabaltzea. Hernanin irailean egin zituzten bonbardaketak, hain zuzen herria hartu zuten hilabetean.

 

      “El 9 de Setiembre los pájaros bélicos, como les llamaba el diario Frente Popular, mataron en Hernani a Juan Fernández, Tomas Mendizabal Kortadi y Bautista Amiana Sasiain”[7]

 

Bonbardaketen ondorioz eraikin suntsituak Irunen (1930 hamarkada).
Kutxa Fototeka: 406306-558

 

      Petra, Zinkoenean jaio zen arren, oso gazte zela Santa Barbarara joan zen bizitzera, eta han bizi izan zituen bonbek eragindako tentsioak. Hamalau urte zituenean ikusi zituen gerturatzen lehen hegazkin haiek, eta horrela kontatu dizkigu berak une hartan bizitakoak:

 

      Hemen abioia ibiltzen zan, goizian goiz abioia, braum, braum, braum, bonba botatzen ta hemen bonba bota ta sekulako zuluak ein... ta turra dena haizian... upel horren atzian gordetzen giñan. Hemengo atia dena txikitu, egaztiri lepua moztu, karo, metrallak, bonban zea, burnik. Atiare txikitu zunian egazti denak aidian, jata neire zeatu zian metrallak. Petra.

 

      Nahiz eta helburu nagusia, teorian, Santa Barbarako gotorleku eta lubakiak izan, zibilen aurkako erasoak egin zituzten, eta, ikusi dugunez, hildakoak ere izan ziren. Herritarrek sirena moduko batzuk zituzten, hegazkinen erasoa zetorrenean jotzen zituztenak, denak babesera joan zitezen. Oro har, etxe sendoenetako sotoetara edo helburu horretarako berariaz prestaturiko babes guneetara jotzen zuten, segurtasun bila.

 

      Bai, hemen bai, Hernanin jotzen zuten sirena ta hara juten ginan korrika. Ta dana utzi ta hara juten ginan ta gure amona etzan juten, hemen gelditzen zan, etxian... etzan juten zaharra zalako, etxea etzun utzi nahiko ta. Mertxe.

 

      Ez dakigu, etxea galduko zuen beldur, etxeari zion loturagatik edo adinean sartua izaki joan-etorri haiek egiteko moduan ez zegoelako ote zen, baina Mertxek horrela kontatu digu amonak sirena hotsa entzuten zuenean zer egiten zuen. Beraiek, berriz, korrika joaten ziren, eta, oro har, Plaza Berrin, gaur egun Banco Guipuzcoano dagoen etxean, gordetzen ziren. Andrekalen bizi zirenez, hura zuten hurbileneko babes gunea, baina bazen besterik ere.

      Fatimak eta bere lagun batek beste modu batera bizitzen zuten sirena hotsa. Denak babesera joaten zirenean, Karkaban zegoen etxe baten arkupeetan esertzen ziren beraiek, eta puntua egiten hasten ziren. Berak Karkabako soto bat zuen gogoan. Soto hura zen kale hartako auzokide gehienen babeslekua hegazkinak hurbiltzen zirenean.

      Baserrietan, gerraren eragina, harrapaketetan (bi bandoek hornitzeko erabiltzen zuten harrapaketa) eta merkaturatze funtzioak betetzeko zailtasunean (garraiobideak etetea) nabaritu zen gehienbat, baita segurtasun faltan ere. Ezin ahaztu daiteke hainbat baserri gerraren jazarpenetatik ihesi zihoazenak ezkutatzeko leku “egokiak” bihurtu zirela. Petraren baserrian bikote bat ezkutatu zen. Azkenean alde egitea ere lortu zuten. Baserriak leku egokiak ziren ihesaldiak prestatzeko, leku handiak eta urrunak baitziren:

 

      [...] Floridan. Eta klaro, geo, hango zeak jun zian, reketiak, gizonan bila, nausiyan bila jun tzian, baiña hoik bakarrik pasa, zea, alde in tzuten, ta noa jungo, ta honea etorri zian, attagana, ta attak hartu ta horrea ematen zittun, karo, honea etxea etorrik. Honea ta etorri zian, etxea, bila poliziak, baño zian aberatsak, kolokatuak. Eunez, attak saskiya, otarra, otarra handik izaten zian, han sartu bazkariya eta hor lanea balijoke bezala hartu, ta harea, baina, jana ematea. Ta geo, gauian, etortzen zian honea, lota... Geo, nik ez dakit eo batenbatek zita pasa o ze in tzuten, etorri zian guardik, hemen gue attakin ibili zian, etxia ikusi ere in tzuten, beyan e ibili zian, baño, karo, eunez gorde iten zian. Goizian eunsenti batekin arton tartea, ta, karo, arto tartea ezin jun ba bilatzea, iluntzen zunian, gabian, etortzen zian, eta ebiya o izaten bazan, been xirak zea bazituzten. Bestela, hortxe egun guztiya arto tartian. Petra.

 

      Nola ahaztu garai eta egoera aldrebes hartan etxean ikusi eta bizitzea tokatu zitzaiona. Nola ahaztu artasoroan egunez ezkutatu eta gauetan baserrira hurbiltzen ziren haiek, eta, nola ez, aitak eskaintzen zien arretaz.

 

 

Gerraren eraginak

 

      Gudak nekazarien eguneroko bizitzan beharrezko ziren azpiegiturak ere kolokan jarri zituen; horren adibide dugu garraio zerbitzuen etena: “Loiolako kuartela erori artean Hernanin ez zen egunkari ez garraiorik izan, gainera taberna eta denda ugari itxita egon ziren...”[8].

      Garraioak berehala jarri zituzten berriro abian. Bernabe Armendariz Battuk, garai hartako Hernaniko alkateak, bando bat plazaratu zuen, tropak herrian sartu eta bi egunera (1936ko irailaren 15ean). Donostiarako autobus zerbitzua berriro martxan zela jakinaraztearekin batera, “betiko legez” feria ostegunean izango zela adierazi zuen bando horretan.

      Gerrarekin zerikusi zuzena duen beste gertakari batek guztiz baldintzatu zuen emakume nekazarien bizitza: gizonak desagertzeak. Gerrara joan beharra, gerra garaian sortutako gaixotasunak, erbesteratzeak, kontzentrazio esparruak, espetxeratzeak... Horien guztien ondorioz, gizon gutxi gelditu ziren herrian. Eta ikusiko dugun moduan, horrek asko baldintzatu zuen emakumeen eguneroko bizitza handik aurrera.

      Gizonen falta hori askok uste lezaketena baino garrantzitsuagoa izan zen. Gizonen hutsunea ez zen sumatu demografian bakarrik (jaiotza kopurua murriztea, ezkontzak murriztea...). Ageri-ageriko eragina izan zuen eguneroko bizitzan eta lan arloan ere. Hau da, une hartatik aurrera emakumeek hartu zituzten beren gain ordu arte gizonarenak izan ziren hainbat betebehar eta zeregin; emakumeen esku gelditu ziren gizonaren ardurak.

      Emakume askok eta askok bakarrik atera behar izan zuten baserria aurrera (sarritan morroi eta neskameen laguntza izaten bazuten ere). Egoera berri bati egokitzea tokatu zitzaien. Hilaria[9], alargun gelditu zen, lau ume txiki zituela. Laguntza modura morroia eta neskamea zituen, baina erantzukizun osoa bere esku zuen:

 

      Egitzazue kargu Hernanin baserriak mantendu direla emakumeei esker, eta Hernanin baserria zaindu duen pertsona emakumea da, porque gizonak gerrara atera behar du, eta ez bada ateratzen, alde beharra dauka, porque, klaro, sindikatua zegoelako, ba, zegoelako, eta sindikatu gabe bazegoen, nazionalista zelako, eta alde beharra zeukaten. Beraz, berria zeinen esku gelditzen da, emakumeen tartean. Beraz, emakumeak egin du etxea mantendu, familia hazi ta hezi, eta gainera lana egin. Eustaki.

 

      Udal Artxiboan aurkitutako hainbat dokumentuk errealitate horren berri ematen dute. Txosten ugari egin ziren emakume horien egoera zela-eta.

 

      “Según el padrón de habitantes hecho con referencia a 31 de Diciembre último, don Félix Aranburu Garmendia, que falleció en el frente, era cabeza y único[10] sostén de su familia, compuesta hoy de su viuda y de sus cuatro criaturas. Hernani, 28 de Junio de 1938. II año Triunfal. El Alcalde.” [Hernaniko Udal Artxiboa, A-18-2/14],

 

Hernaniko familien inguruko informea (1938).
Hernaniko Udal Artxibategia: A-18-2/14.

 

      Eredu hori ez zen salbuespena izan, errealitate arrunta baizik, errealitate arrunt eta gordina. Hernaniko biztanle kopurua nabarmen aldatu zen, gutxi gorabehera hernaniarren laurden batek alde egin behar izan baitzuen gerra lehertzearekin batera, lehentxeago aipaturiko arrazoiak medio. Emakumeak bere seme-alabekin eta jende helduarekin batera erbestera joan ziren, baina gehienbat gizonak faltako ziren ziur asko. Eta ez hasieran soilik, aurrerago ere bai; izan ere, erbestera joan zirenak, gehienak itzuli egin ziren hilabete batzuen buruan, Hernanin gerra amaitu zelarik batez ere, baina gizonen kasua, aldiz, oso bestelakoa izan zen.

 

Gerra bukea Kontxako Badian (1920 hamarkada).
Kutxa Fototeka: 2484-1.

 

      Fatimak bere kontakizunetan ondotxo erakusten digu hainbat emakume eta haurrek, eurek barne, bizi izandakoa. Irailaren 15ean herria hustu zen. Donostiara joan beharra izan zuten, tranbiaz oro har, eta gero, han itsasontzi bat hartu, Frantziara joateko. Beraiei dagokienez, ia senitarteko guztiak joan ziren, aita salbu; aitak gerrara joan behar izan zuen. Emakumeak, haurrak, adinekoak eta zaurituak zihoazen itsasontzi hartan, Frantziara bidean. Baina Fatimak eta bere ingurukoek ez zuten bidaia arrunta izan ontzi hartan. Sekula ahaztuko ez zuten zerbait gertatu zitzaien bidaia hartan, 5-6 ordukoa izan behar zuen eta 3 egun iraun zuen bidaia hartan:

 

      Tranpa handia egin ziguten. Barkoko kapitainak tranpa eina zakan nazionalen beste barku batekin, gu entregatzeko... zuten asmoa norte guztia bonbardeatzeko gu aurrean jarrita, como parachoques, ta herritikan bidaltzen zituzten kañoiak barkua txikitzeko, jendea hiltzera... azkenean, kapitain hori hartu zuten, eta hitz egin arazi zioten, eta egia atera. Hil ein zuten, “merecía haberle metido a la caldera de vapor que se quemara, pero como tenemos más conciencia que ellos lo hemos matao”, hil ta geo bota zuten kalderan. Fatima.

 

      Garaiz konturatu zirela eskerrak. Azkenean, Bordelera iristea lortu zuten. Behin Frantzian zirela, joan-etorri batzuen ostean (Alpeetaraino iritsi ziren) eta senide batzuek Hendaiatik lagundu izanari esker, Hendaian bertan kokatu ziren. Senide haien laguntza ezinbestekoa izan zela dio Fatimak, bai Frantziako estatuan igaro zuten denbora hartan eta baita herrira itzultzeko orduan ere. Hilabete batzuen buruan Hernanira itzuli baitziren.

      Gizonek zailtasun gehiago izan zituzten itzultzeko, hasieran gerrara joan beharragatik, eta, ondoren, herria nazionalen esku zela, haien jazarpenaren beldur ihesi joan zirelako. Egoera horrek emakumeen eginkizunak aldatu eta baldintzatu zituen, esan dugun bezala. Asunek kanpoan pasatu zuen Hernanin gerrak iraun zuen denbora, bere ahizparekin. Ahizpak, alaba gaixorik zuela-eta, Logroñora joan behar izan zuen, medikuak gomendaturik, eta Asun berarekin joan zen. Itzulitakoan hutsetik hasi behar izan zuten. Kale Nagusian zuten etxea, eta gerra aurretik taberna bat ere izan zuten. Ahizpa Donostiara joan zen, eta Asunek hartu zuen etxearen eta tabernaren ardura. Anaia guztiak gerrara joanak ziren, eta zerbait egin beharra zuen aurrera atera ahal izateko.

 

      Ta geo etorri nintzan honea, ta iñorrez hemen, nee ama ez dakit noa juna anaiakin da auskalo, ta etorri giñan, da hasi in bihar tzala, ba, ta gue osabak ireki zun taberna, ta kozinera harta gendun, ta gero neskamiare bagendun... baño sin dinero, sin cosas. Asun.

 

      Baserriko osabaren laguntza ezinbestekoa izan zen, berak hamazazpi urte “besterik” ez baitzituen. Baina ikusiko dugun moduan, ez zuen osabaren laguntza soilik jaso:

 

      Feriya zan, eta karnizeruak ekarri ziguten haragiya, a pagar cuando sea, eta ez takit ze tabernero zan han, barrika koxkor bat ardo ekarri zigun, geo panaderikuak ogiyare eman tziguten, ta hola hasi giñan, una feria, una feria estupenda izandu gendun, ta xorrak patu nittun. Asun.

 

      Garbi dago Asunek ez duela sekula feria egun hura ahaztuko; nola ahaztu egun hartan jaso zuen laguntza hura, hain gabezia handiak zeuden garai batean. Taberna martxan jarri zuten pixkanaka, eta handik denbora gutxirako taberna ezaguna zen. Asunek ez zuen beste aukerarik izan: herrira itzuli zenean aurkitu zuen egoerak bultzatu zuen erabaki bat hartzera, eta zorte ona izan zuen, ezinbesteko laguntza eman baitzion herriak eta, nola ez, familiak.

      Herriko giroa ere erabat aldarazi zuen gerrak hilabete gutxian. Ordura arte herri giro “politta” izan zen Hernanin, baina gerra hasi eta nazionalen eskuetan gelditu zelarik, herriko giro guztia desagertu egin omen zen. Herria triste geratu omen zen. Jendeak kalera irteteko beldurra zuen, jazarpenen beldur ziren; beldurra nagusitu zen herriaz. Pixkanaka, ordea, beste behin ere egoerari egokitu behar izan zitzaizkion eta berriro ere dena abian jarri; itxi ziren denda eta tabernak martxan jarri behar izan zituzten, kaleko bizitza egunetik egunera suspertu...

 

Hernaniko jende multzoa San Juan Bautista
elizaren eskilaretan. 1930 hamarkada.
Imanol Larretxea.

 

      Inork ez du ahaztu gerrak herriko giroan izan zituen ondorioak, eta, horregatik, ugariak dira giroaren gainean egin dizkiguten aipamenak. Denek dute gogoan garai hartako Hernani. Honela aurkitu zuen Asunek itzuli zenean: Trixtia. Iñorrez, ni etorri nintzanian osabana jun nintzan, ta iñorrez, gora igo nintzan, mi cuñada vivía, y tampoco. Nadie, nadie, iñorrez.” Eta hori, familiari soilik begiratuta. Iñaki herriaz oro har mintzo da:

 

      Ta geo geatu zan Hernani oso pobria, oso pobria. Bildur handia, bata bestiai bildur handia, ta geo gertatu zien Hernanin hildako asko ere bai, hilak asko ere bai. Ordun, gerra denboan eondu zan gorroto, gorroto pittin bat bata bestiakín, ta hola [...] 41ean, 42an, 42, 40an gosia ikaragarria, etzeon ezer jateko. Etzeon ezer jateko ze etzeon ez olioik, ez ogirik, ez haragirik, ez... kriston gosia pasa zan gerran ondorenian. Iñaki.

 

      Gerrak iraun zuen bitartean, herrian soldaduak bizi ziren, nahiz eta, esan bezala, Hernanin gerra bukatuta egon. Hainbat jatorritako soldaduak ziren; italiarrak, alemanak, galiziarrak... aipatu dituzte, besteak beste. Herritarrek era askotako tratua eta harremana zuten soldadu haiekin. Oro har, beldurra izan arren, denborak nolabait ere haien presentziara ohitu zituen, eta batzuk haiengana hurbildu ez arren, izan ziren haiekin harreman ona izan zuten herritarrak ere. Mertxe, adibidez, galiziar soldadu batekin maitemindu zen. Mertxe, garai hartan, Andrekalen bizi zen, bere ama, amona eta ahizparekin batera, hiru anaiak gerrara joanak baitziren. Ohi bezala, soldaduak hutsik gelditutako etxeetan bizi izaten ziren hemen zeuden denboran, eta galiziar soldadu hura Mertxeren etxe ondoan jarri zen bizitzen. Mertxek eta amak soldaduen arropak garbitu ohi zituzten gerra denboran, dirua atera ahal izateko. Eta horrela, pixkanaka-pixkanaka, galiziar harekin tratua izaten hasi zen, eta azkenean oso harreman estua sortu zen beren artean. Berak halaxe gogoratzen du: oso mutil majua, oso goxua. Azkenean soldaduak alde egin behar izan zuen ordea; geo jun tzan ta ni hemen gelditu nintzan klaro! Castellanok oso gaizki ikusiak ziren hemen... jolin, si no con el gallego me caso yo! Dirudienez, Mertxek hasieratik garbi zuen harreman haren etorkizuna zein izango zen, hau da, etorkizunik ez zuela.

      Mertxek kontatutakoaren arabera, berari gertatutakoa ez zen salbuespena; neska asko ibiltzen omen ziren soldaduekin paseatzen, eta bat baino gehiago geratu omen zen haurdun. Gero, noski, soldaduak joan egiten ziren, eta neskek bakarrik eduki behar izaten zuten haurra, eta garai hartan horrek esan nahi zuen guztiari aurre egin. Horri buruz, batez ere italiarren ospea aipatzen digu eta garai hartan ezaguna eta oso zabaldua zen esaldi batekin amaitu du bere mintzaldia:

 

Los italianos se marcharán y de recuerdo un bebé te dejarán. Mertxe.

 

      Baina dena ez zen hain polita izan. Denborak era horretako harremanak ekarri bazituen ere, hasieran, lehen hilabeteetan, jazarpena oso gogorra izan zen. Etxeetako harrapaketek, etxeak bereganatzeek, jazarpenek, bortxaketek, “txibatazoek”... herria hankaz gora utzi zuten. Bizilagunekiko mesfidantza izugarria zen, eta hori izan zen lehen aipaturiko herri giroaren galeraren arrazoia, besteak beste.

      Eustakik kontatu digu bere auzoan bazela beso-bakar bat, nazionalei herritarren berri ematen ziena, nor zen gorria, zer etxetan sartu... Zer gizon klase zen ikusteko, gainera, bere kontakizunean esaten digu emaztea eta lau alaba zituela eta gizona utzi eta alde egin zutela etxetik, es que era la vergüenza del pueblo. Eustaki Santa Barbarako baserri batean bizi zen, eta beso-bakarra, bidean zegoen beste etxe batean, eta Eustakik eta bere lagunek gorriak eta bi pasatzen zituzten, batez ere ilunpetan etxera itzultzen zirenean eta haren aurretik pasatu behar izaten zutenean. Sarri, zelatan egoten omen zen, ezkutuan. Horrelako pertsonak herri guztietan zeuden garai hartan eta, oro har, ondotxo jakiten zuten denek nor ziren eta zer egiten zuten. Ondorioz, herri osoaren mespretxua zuten, Eustakiren hitzek garbi adierazten duten moduan.

      Hernanin, jazarpen horren beste adierazle bat fusilatzeena da. Hernaniko eta inguruko herrietako hainbat lagun fusilatu zituzten faxistek, batez ere Donostiako Ondarretako kartzelatik ekartzen zituzten presoak. Berrehunetik gora fusilatu zituzten, eta gero hilerrian hobi komun batean lurperatu. Hernanikoak bertakoak 20 lagun izan zirela uste da.

      Emakumeek zehazki jasan zituzten ondorioetan, euren aurkako hainbat eraso dira aipagarri. Emakumeei ilea moztea eta, ondoren, herri osoaren aurrean erakustea zen eraso latzenetako bat. Baita errizino olioa edan beharra, dosi handietan; beren ideologiaren aurkako ikurrak eraman beharra; eta beren jarrera politikoaren aurkako oihu eta aldarrikapenak egin beharra ere. Hernaniko emakumeak ez ziren salbuespena izan, eta horrelako erasoak jasan zituzten. Emakumeen duintasuna gutxiestera bideratutako zigorrak ziren. Emakumea umiliatzea zen helburua, herri osoaren aurrean bazen, hobe. Gizonak atxilotu edo fusilatzen zituzten bezala, emakumeak herri osoaren aurrean lotsarazten zituzten, eta bizi osorako orbaina uzten zieten. Zigorrak ere, sexuaren araberakoak ziren.

 

Atxilotuak. eskuak jasota (1936).
Kutxa Fototeka: 154-9 (325-1)

 

      Mertxe, beste asko bezala, ondo oroitzen da herrian hiru neskari egin zietenaz; emakumeak harrapatu ta ilea moztuta kale buelta eramaten zuten, ilea a cero moztu, ta kale buelta. Mertxeren oroimenean bezala, beste hainbat herritarren gogoan ere geratu zen kasu hura.

 

Hernaniko emakumeen inguruko informea (1937).
Hernaniko Udal Artxibategia: E-5-II-28.

 

Hernaniko emakumeen inguruko informea (1937).
Hernaniko Udal Artxibategia: E-5-II-28

 

      Gerra osteko garaiaren beste ezaugarri nagusi bat gosea izan zen. Iñakik garbi esan digun bezala, gosea ikaragarria zen eta nekez aurkitzen zuten jatekoa. Gainera, baziren zenbait produktu oso urriak zirenak: olioa, haragia, azukrea... eta hainbatetan aipatu diguten beste bat, ogi zuria. Dirudienez, ogi zuria obsesio bilakatu zen, denek aipatzen baitute ogi beltza eta ogi zuria zer ziren eta bigarrena zein preziatua zen. Hori guztia ondoko orrietan aztertuko dugu sakonago.

      Arrazionamenduaren garaia etorri zen, baina, ikusiko dugun moduan, ez zuten lortu gosea kentzea. Urte gogorrenak gerra amaitu eta ondorengoak izan baziren ere, arrazionamendua eta, beraz, gure azterraldia, 1952. uitera arte luzatu zen; urte hori hartzen da, hain zuzen ere, arrazionamenduaren amaieratzat.

      Gerra ostean, ohiko bizitzara ahalik eta lasterren itzultzea izan zen herritarren helburu nagusia. Ikusi bezala, dena hankaz gora zegoen eta bizi erritmo normalizatua lortzea oso helburu zaila zen. Esan bezala, gerra osteak agerian utzi zuen gerran gertatutako guztia. Normaltasunera itzultzeko ahaleginetan, hernaniarrak konturatu ziren gauzak zeharo aldatuta zeudela. Gerra ostea grisa, tristea izan zen; gerra garaiko giroak gerra ostearen lehenengo urteetan ere iraun zuen. Egoera horretan, esan bezala, janari eskasia nabarmendu zen, eta gerra ostea gordinagoa egin zuen eskasia horrek. Hernanin, herri guztietan bezala, gizonek gerrara joan behar izan zuten, eta, ikusi dugun moduan, gizon gutxi geratu ziren herrian. Behin gerra amaiturik, emakumeek bakarrik zuzendutako etxeak asko ikusten ziren; oso gertaera orokorra zen hori, ez salbuespena.

 

 

 

 

[3] Etxeko taldea eta etxeko lan taldea kontzeptuak oinarrizkoak dira ikerketa honetan. Etxeko taldea nozioa erabiliko dugu etxe berean bizi diren pertsonen taldeari erreferentzia egiteko. Etxeko lan taldea nozioak, berriz, izaera ekonomikoa du; kontzeptu horren bitartez deskribatuko ditugu etxe berean bizi eta taldearentzako diru sarrerak lortzen dituzten kideen multzoa.

[4] Hirugarren garaian aztertuko dugu Hernaniko herriaren industrializazioa eta industrializazioak izan zuen garapena.

[5] Eustaki: Hernaniko baserri batean jaioa da. Aita 36ko gudan hil zen. Amak lau alabekin aurre egin behar izan zion egoerari.

[6] Marta: Bera ere baserrian jaioa da. Txikitan ama hil zitzaion eta etxearen ardura bere gain geratu zen.

[7] EGAÑA, I (1998). Guerra Civil en Euskal Herria, 1936. La Guerra en Guipúzkoa. Vol. IV. Aralar liburuak, Andoain.

[8] APAOLAZA, U (2003). “1936ko gerra Hernanin” 128/136, Hernani 2003 Urtekaria XI.

[9] Hilaria: Eustakiren ama zen.

[10] Garai hartako dokumentazioak ere garai hartako genero sistemari jarraitzen diola kontuan hartu behar dugu. Dokumentuetan ez dira aintzat hartzen emakumeek etxerako lortutako diru sarrerak, aipatu dugunez, bizibidea ateratzen zutenak gizonak zirela jotzen baitzen.