Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

ORNITORRINKUS

 

Ornitorrinkus: Maialen Lujanbio, Judith Montero eta
Xabier Erkiziak 2009an Venezian eginiko emanaldia.

Argazkia: Asier Gogortza. Iturria: http://www.flickr.com

     

      Bestelako giro eta beste jende batengana iristeko modua egin nahi nuen eta bertsoarekin ere bestelako gauzak egiten saiatu. Ornitorrinkus ez da bertso zirkuituan ibiltzeko gauza bat, behar bada hor ere bai baina oso leku jakinetan.

      Bertsoaren logika beste bat da; halako lekutatik deitzen dizute, gaiak jarri egiten dizkizute, zu erantzuten ari zara eta erantzunetan dago zure mundu bat. Baina hau izan da galdera ere neronek egitea.

      Artearen munduarekin, musikaren eta soinuaren munduarekin kontaktuan jartzea niretzat esparru berria izan da. Sorpresa hartu dut hor bertsoak zer leku izan dezakeen ikusita. Bertsoa lehengai hartuta zenbat bide eta zirrikitu egon daitezkeen. Bertsoak suerte hori dauka, oraindikbide pila dauzkala ibiltzeko eta probatzeko. Hau horietako bat da.

      Askoz gauza esperimentalagoa, libreagoa izan da. Bertso ibilbidean rol batetik atera eta beste tonu batzuk bilatzen aritu nintzen, eta hau izan zen hurrengo pausoa; beste eremu batzuetara, beste tonu batzuetara pasatzea.

      Emanaldiak egin genituen eta CD liburuxka bat atera ere bai.

[Maialen Lujanbio]

 

      Bertsoa eta musika garaikidea elkarrizketan

            Obra: Ornitorrinkus

            Saxofoia: Judith Montero

            Hitzak eta bertsoak: Maialen Lujanbio

            Musika elektronikoa: Xabier Erkizia

            Argiztapen eta eszena zuzendaritza: Miguel Galindo

            Atrezzorako eskultura: Juan Gorriti

            Jantziak: Ixiar Zugasti

            Lekua eta eguna: Hernaniko (Gipuzkoa) Leoka labaderoa,
            ekainaren 9an, 22:30ean. Euria bada, ekainaren 10ean, ordu berean.

 

      “Ornythorhyncus paradoxus: Baldin eta sailka ezina, orduan sailka ezin bezala sailkatua”. Ereduetatik kanpoko izaerak eta izan ezinak lantzen ditu emanaldi esperimental honek. Eguneroko bizitza “normalean”, “garrantzitsuan”, prentsan, ikusezinak diren gaiak ere bai. Esperimentazio bakoitza izango da bakarra, eta bigarren emanaldi hau Leoka labaderoan egingo dute. Justu herri zentrotik kanpoko uretan, plazaren garrantzia eman ez zaion emakumeen bilgunean, jende arruntaren kontuak jotzen ziren harrietan.

      Musika garaikideak (saxofoi sopranoa, altua, tenorra eta baritonoa) eta bertsoak (formarik zabalenean, hitzetik beretik abiatuta) bat eginik hizkuntza propioa osatu dute. Musika garaikidean eta bertsotan, bietan arakatu eta urratu du Ornitorrinkusek bidea, eta bi generoen arteko elkarrizketa sortu. Ez dira, beste emanaldi askotan bezala, bata nagusi eta bestea laguntzaile, ez bi petatxoren batura, ez elkar jaten duten zipriztinak. Ornitorrinkusak espezieen topikoak nola, musika garaikideak eta bertsoak ere euren topikoak hautsi dituzte: Musika garaikidearen ustezko ulertezinkeria eta bertsoaren ustezko tradizionalkeria.

      Iazko abenduan, Hernaniko Bertso-Lata astearen barruan egin zen lehen esperimentazioa. Ornitorrinko bat zen publikoa bera, sekula areto berean batu ez ziren ezaugarriz osatua: musika garaikideko artistak, bertso mundukoak eta zerbait desberdina entzun nahi zuen kaleko jendea. Barruak mugituta irten ziren aretotik: artistikoki hunkituta asko, eta gehienak, oso barruko kontuak adierazita ikus-entzun zituztelako. Musikak eta hitzak iradokitako sentsazioen esperientzia hartan, dena ulertzeko pretentsioari momentu hura bizitzeak gain hartu zion. Bizitzan eta zure barruan ezer mugitzeak edo planteatze hutsak beldurtzen bazaitu, ez zaitu erakarriko emanaldiak. Emanaldi ausartari publiko ausarta zor zaio.

[Estitxu Eizagirre Kerejeta,
Argia, 2007ko ekainaren 3a]

 

 

INAXITO

 

Galtza gorriei to! Inaxito!

Emanaldiko eszena bat.

Gorka Tolosa eta Xabier Sukia aktore.

Iturria: karkara.com

 

      Proiektu hura sortu nuen, bertsolaritzarekin neukan nolabaiteko hutsunea betetzeko. Aukera ematen zidan askoz gusturago sentitzen nintzen diziplina batekin, antzerkiarekin, bertsora iristekoa, nahiz eta ez hain bat-batekoa izan.

      Bestetik egundoko hutsunea ikusten nuen umeentzako bertso eskaintzan. Orduan apenas egiten zen umeei begirako saiorik. Gogoratzen nuen ume nintzela bertso saiotara joan eta egundoko aspertua hartzen nuela.

      Zaila zen leku erdaldunetara bertsoa iristea eta modu honetan lortu genuen bertsolaritza toki desberdinetan zabaltzea. Gaur da eguna hori esateko harro nagoena. Tokatu zaigu Santurtzi edo Tafallara joan eta hurrengo urtean umeek aurreko urteko azken kopletako estribilloa kantatzea. Ume horiek kopla bat ikasi dute eta badakite zer den. Bertsolaritza gerturatzeko modu txiki bat da.

      Lehenengoa “Inaxitoren ametsak” izan zen, bigarrena “Bat, bi, hiru Inaxito” eta hirugarrena “Galtzagorriei to, Inaxito”. Hiru hauek Trikuharri taldearekin egin ditugu: Xabier Sukia, Ibai Esoain eta hirurok osatzen dugu taldea. Hiru emanaldietako gidoiak gureak dira, eta bakoitzean pertsona batek lagundu digu: lehenengoan Joxe Luis Urdangarinek, bigarrengoan Maialen Lujanbiok eta hirugarrengoan Alaitz Olaizola antzerki idazleak.

      Lehenengo antzerkian ez genuen hain definitua, baina hurrengoetan saiatu gara antzerki bakoitzarekin umeei balore bat transmititzen: bigarren antzerkian sormena lantzen genuen jolas baten bidez eta hirugarrenean euskal mitologia eta heriotza modu positibotik: Inaxito da aitona bati hiltzen laguntzen diona, eta heriotza da aitona horrek gehien desio duena.

      Guztira 200 emanalditik gora egin ditugu sei urtean. Urte batzuk izan ziren umeen merkatua puri purian jarri zena, eta antzerki munduko jende asko umeentzako antzerkiak egitera pasa zen. Gurea “bertso” izen horregatik asko saldu zen, baina nik uste antzerkiari beste ekarpen bat egin diogula, freskotasunean. Gidoi baten gainean lan egiten dugu baina askatasunez, ez hain lotuta. Kontuan hartzen dugu testuingurua, plaza ireki eta itxitan aritzen gara eta tope inprobisatzen dugu.

      Bide bat ireki dugu, bertsoa eta antzerkia uztartuz.

[Gorka Tolosa]