—bertsolariak—
ITZIAR EIZAGIRRE KEREJETA
1979an Hernanin jaioa
Larraulen bizi da
HASIERAK
Familiak pisua izan zuen, batez ere amonak.
Langile ikastolan suertez Ixiar Otamendi izan genuen irakasle: bertsolarien pasadizoak kontatzen zizkigun, eta zaletasuna transmititzen zuen. Berak bideratu gintuen Juanjo Uriaren bertso eskolara.
Eta batez ere bertso eskolan zegoen helduen talde horrek zaletu gintuen umetatik. Umetatik erreferente genituen Juanjoren gelan helduenak zirenak, bertsotan egiten zutenak eta sekulako pasioarekin bizi zutenak. Denaren eragina izan zen.
ATAKA
Biteriko bertso eskolan Iñaki Zelaia izan genuen irakasle lehenik eta Joxe Luis Urdangarin ondoren.
Bat-batekorako pausoa eman beharra etorri zenean atzera egin genuen. Eta gainera hurrengo urtean beste taldekide gehienek bertso eskola utzi zuten. Estitxu ahizpa, Karmele Apezetxea eta ni gelditu ginen. Guretzat handiak ziren Iker Osa, Jon Iraola eta horiekin elkartu gintuzten. Bolada estua pasa genuen, ez genuen utzi nahi baina ez genuen bat-batean egin nahi...
Jada piszinara salto egin behar duzunean inseguridade pila sentitzen dira. Edade horretan dena konplejuak direnean, jendaurrean kantatzea eskatzen zaizu... momentu hori tragoa da, nik behintzat ez nuen gozatzen, izorraketa latza zen zer eta helduagoak ziren mutilen aurrean kantatu araztea. Tentsioan bizi nuen. Baina ez nuen utzi nahi, bertsoa gustatzen zitzaidan. Atakan aurrera edo atzera egin behar izatera iritsi nintzen. Guk aurrera egin genuen, seguruena giroagatik, bertsoa asko gustatzen zitzaigulako...
Egia da, bestalde, piszina aurrean jartzen zaituztelako probatu egiten duzula. Agian nire kasa utzita ez zitzaidan behin ere aterako. Eta probatzea ona da, behintzat saiatu egin zara, eta gero erabakitzen duzu aurrerago joan edo ez.
SARIKETAK
Axari saria |
1999 |
Finalista |
Axari saria |
2000 |
Finalista |
Aztiri saria |
2001 |
Txapeldun |
Hernaniko Txapelketa |
1996 |
Finalista |
Lizardi saria |
1998 |
Finalista eta |
Lizardi saria |
1999 |
Parte-hartzaile |
Lizardi saria |
2000 |
Parte-hartzaile |
Osinalde saria |
1998 |
Parte-hartzaile |
Osinalde saria |
1999 |
Parte-hartzaile |
Osinalde saria |
2000 |
Parte-hartzaile |
Osinalde saria |
2001 |
Finalista |
Lehenbiziko saskiberri saria |
|
Txapeldun |
TXAPELKETAK
Gipuzkoako Herri Arteko |
1999 |
Parte-hartzaile |
Gipuzkoako Txapelketa |
2003 |
final-laurdenak |
PLAZAN
1999ko Gipuzkoako Herriartekoaren ondoren saio bat edo beste egin nuen. Andoainen festetan, Jokin Sorozabal, Aitor Mendiluze, Maialen Lujanbiorekin...
Afari giroko saioetan eta tabernetan bai, gozatzen nuen. Baina jaialditan oso gaizki pasatzen nuen. “Ea zenbat bertso falta diren bukatzeko, ea bukatzen den, ea bukatzen den” egoten nintzen saio osoan.
Saio baterako deitzen bazidaten, pentsatzen nuen “zertarako esan diot saioari baietz?”. Agobiatuta, arrastaka pasatzen nuen aste osoa eta hara ere beldurtuta joaten nintzen.
Erabaki nuen bertso eskolara joaten jarraitzea, horko jarduna gustatzen zitzaidalako, baina jendaurrean ez nuela kantatu nahi ezta herrian ere. Eta kito.
UTZI
Bertso eskolan irakasle nintzen, helduen taldean ere biltzen nintzen... eta haurdun gelditu nintzenean, erabaki nuen “dena utziko dut”. Nire buruari kristoren peligroa ikusten nion. Gure bizitza “orduko ehun kilometroan eta kurban derrapeak eginez” izan zen. Saltsa guztietan sartu, denari bai esan, oraintxe bertso eskola, oraintxe udalekuak, oraintxe topaketak... erabaki nuen “Utzi dena, ze bestela erotu egingo zara zu, aldamenekoa eta umea. Hartu lasai, disfrutatu oraingo momentua umearekin...”. Eta dena uztea zen dena, asteartetako taldea ere bai. Ez naiz gauzak erdizka egin zale, ezin dut egon baina ez egon; edo nago eta gauzetan laguntzen dut eta banaiz parte, edo ez egotekotan nahiago dut distantzia hartu. Hor erabat deskonektatu nuen.
BERTSOZALE ELKARTEKO LANGILE
Euskal Herriko Bertsozale Elkartean militantziaz 18 urterekin hasi nintzen Transmisio batzordean, Koldo Tapia zegoen garaian. Elkarteak antolatutako lehen bertso udalekutan begirale izan ginen ahizpa eta biok. Eta 2004 urteaz geroztik bertako langile naiz, Transmisio Batzordeko eragilea.
2001eko Euskal Herriko Txapelketarako
Gipuzkoako Sailkapena (martxoaren 16a, Andoain)
Hasierako agurra:
Denentzat tokirik ez da
final handiko saiuan,
bost hauek lagunak dittut
zertan hasi sesiuan?
Epaileentzat oferta bat dut
beherapenen sekziuan:
bi bixki pasa gaitzakezue
bakarraren preziuan.
Puntua:
Eguzkiak alaitzen
al zaitu goizero?
Itziar Eizagirre:
Sarritan izaten naiz
parrandan bezero,
etxea ez dut topatzen
aizu egunero.
Ta kalean jotzen nau
sarri bero-bero.
2001-04-07 Gabiria Sariketa
Iñaki Apalategi eta Itziar Eizagirre. Interneten bidez ezagutu zarete, elkarren lagun egin ere bai, baina hau da elkar ikusten dezuen lehenengo aldia. Ze inpresio izan dezue edo?
I. Apalategi:
Modem batekin pozik
gure mutikoa,
tarifa planarekin
txatak’e nahikoa...
Polita omen zinen,
jokatu lepoa.
Kalean ikusita
hau da disgustoa!
Barkatu, zu al zera
argazkitakoa?
I. Eizagirre:
Ni ere horren plana
ez nago gizona!
Zu ere ez zaitugu
horren play-boy ona.
Internetak bazuen
bere alde sakona,
lehen begiratuan
ixkutun dagona,
erakutsi zaidazu
zure punto com-a.
I. Apalategi:
Ordenadore ona
bageneukan bana
ta biok elkartzeko
egin gendun plana:
bostetan antzokian;
nolako afana!
Zuk baloratzen zendun
gehiegi izana,
zergatik zenioen
“itxura ez da dana”.
1. Eizagirre:
Edertasuna ez da
nere balorea,
baino zuk dadukazu
hain-hain-hain gordea!
Atzetik beituta’re
ez da dotorea;
zure planta bai dala
benetan grabea,
realidade birtuala
baitegu zurea!
I. Apalategi:
Baina orain sinisten
nik badauzkat lanak!
Ez zera hain polita
pantailetatik at.
Aurpegira beidatzen
ere lana daukat
ta esango dedana
hartu zazu aintzat:
idazten txarra zera,
onar zazu behintzat!
I. Eizagirre:
Romantiko jartzea
nahiz dagon modako,
nik ez det ez balio,
aitortu beharko.
Baino zu ere ez zera
ibilia bapo.
Sarbidea ixten dizut
nere buzoirako,
gaurtikan ez didazu
birusik pasako!