—gaiak—
JOXE LEGARRETA BERTSO-PAPER LEHIAKETA
JOXE LEGARRETA “PEPITO”
Asturiasen jaio zen, Luarca herrian, 1931. (...) Hernanira etorri ziren bizitzera: Kardaberaz kalean bizi izan ziren urte batzuetan, gero Igerola baserrian eta Pagoagan, eta azkenik Fagollagan.
(...) Pepito bera bertsozalea zen, euskal kulturaren adierazpen bat zelako batez ere.
(...) ikurriña legeztatu zutenean, inon baino lehenago jarri zen Hernanin ikurriña, baina ez zen kasualidadez izan. Pepitok berak andreari oihal txuri, gorri eta berdeak ekarri eta ikurriña ezkutuan egiteko eskatu zion eta han eduki zuen gero gordeta egun hori iritsi zen arte.
(...) Joxe Legarreta Hernaniko zinegotzia izan zen 1971tik 1979 bitarte lehenengo eta ondoren, 1984tik heriotzak mundu honetatik eraman zuen bitarte, 1987ko Urtarrilak 23.
Bere ibilbide politikoa auzoarekin, mendiarekin eta naturarekin oso lotua egon zen. Aparrain, Santa Barbara eta Akola atseden-lekuen sorrera bultzatu zuen eta 1974an berreskuratu zuen Zuhaitz egunaren tradizioa.
[Joxe Legarreta, “Pepito”ren omenez liburuxka, 2003ko ekainean]
(...) Bada azpimarratu behar den zerbait, Joxe gustora sentitu arazten zuen zerbait, bere izakera goxo eta humilarekin bat zetorren zerbait: NATURA EDO IZADIA.
(...) Horregatik eta Joxe, zure gustokoa izango zelakoan, bihotzez, antolatu dugu I. Bertso Paper Lehiaketa hau zure izenean, bi urtetin behin ospatuko delarik. Hau bultzatzearen helburuak, euskara suspertzea batetik, eta hainbat lan egin zenuenagatik (Zuhaitz eguna...) aukeratu dugu NATURA gaia, bestetik, gure artean beti bizirik iraun dezazuen, euskara, Natura eta Joxe Legarreta “Pepito”.
[Hernaniko Udala, Joxe Legarreta I. Sariko liburuxkaren sarrera]
SARIDUNAK
Antolatzailea: Hernaniko udala, euskara zerbitzua
1.— 1987:
Lehen saria: Joseba Santxo.
Bigarren saria: Xanti Zabala.
2.— 1989:
Lehen saria: Rikardo Gonzalez de Durana.
Bigarren saria: Jesus Mari Etxezarreta.
Hirugarren saria: Xanti Zabala.
Epaimahaia: Joxe Mari Arrieta eta Mikel Mendizabal.
3.— 1991:
Lehen saria: Xanti Zabala.
Bigarren saria: Juanjo Respaldiza.
Hirugarren saria: Xanti Zabala.
4.— 1993:
Lehen saria: Pello Esnal.
Bigarren saria: Xanti Zabala.
Hirugarren saria: Joxe Luis Urdangarin.
5.— 1995:
A mailan: Ekaitz Goikoetxea.
B mailan: Nahikari Gabilondo.
C mailan: lehena Juanjo Respaldiza eta bigarrena Asier Oiarbide.
6.— 1997:
A mailan: Amets Arzallus.
B mailan: Ekaitz Goikoetxea.
C mailan: lehena Unai Agirre eta bigarrena Julian Albistur.
7.— 1999:
A mailan: Irati Goikoetxea.
B mailan: Ekaitz Goikoetxea.
C mailan: lehena Unai Agirre eta bigarrena Pello Esnal.
Epaimahaia: Joxe Mari Arrieta, Aitor Mendiluze eta Mikel Mendizabal.
8.— 2001:
A mailan: Joxe Munduate.
B mailan: Alaitz Sarasola.
C mailan: lehena Jon Martin eta bigarrena Nikolas Zendoia.
9.— 2003ko ekaina: lehiaketaren ordez bertso musikatu-emanaldiak egin ziren (bat Ereñozun eta bestea Hernanin). Herriko bertsolariek herriko gaien inguruan idatzitako bertso-paperez osatuak.
“NATURA SUNTSITUZ”
1
Natura izanikan
luxuzko ondare
lur bizia laister da
desertuko hare
porlana da paraje
berriko landare
trenbide ta kaminu
danak parez-pare
Euskadi bihurtu da
armiarma sare.
2
Sasi negoziaketa
baten atseginez
Leizaran bete dugu
ke eta zikinez
zuhaitzak ordezkatuz
asfalto gordinez
lehengo txori kantuen
ordezko eginez
eguna esnatzen da
kotxeen txirrinez.
3
Orain zuzenduko naiz
Itoizko putzura
Nafarroako herri
txikien kutsura
urtegi handi batez
nahi dute ingura
garai berrietako
jaungoiko da ura
norentzat izango den
ez dakigun hura.
4
AHT-a ere
hau aurrerapena
Europan garaturik
datorkigun trena
komeni ez zaienez
gerta litekeena
gizarteak frenurik
ipintzearena
azkar bezain ixilik
pasako dutena.
5
Y-grekoaren forman
kanpotik eraso
nahiz ta guztiz kontrako
eritziak jaso
Hernanin ere sortu
du hainbat arazo
adio Akarregi
eta Landarbaso
zerbait zutik utziko
digute akaso.
6
Urumeara buelta
txiki bat eginez
hobe da ez joatea
txit usaimen finez
itsasoa ere da
kolore berdinez
industriaren kontrol
ezak eraginez
bazterrak bete dira
gure hondakinez.
7
Ekidin litezkeenez
hamarretik zortzi
aginteko hamaika
pertsona arrotzi
ezin litekeela
nahi diot egotzi
hondakin toxikorik
edonon ehortzi
mundua bilakatuz
gure zakarrontzi.
8
OTAN-ek ere igo
gintun kategoriz
asko aprobetxatuz
horrelako zoriz
Nafarroako gune
marroi eta horiz
Yankiei nola lotu
ginen soka lodiz
Bardeak bete ziren
metalezko txoriz.
9
Yupi kirolak nola
modan jarri diran
itsasertzeko azken
proiektuen jiran
kirol portuak daude
non nahi ikusmiran
bela eta ur motor
piraguen segidan
turistak ehizatzeko
zepoak bailiran.
10
Eta guzti honekin
haunditzen ari da
zenbait haundi maundiren
patriken dizdira
sinesten ez baduzu
jarri zaitez tira
Suitzan irekiriko
kontuei begira
garapen aitzakian
aberastu dira.
11
Geure aldetik ere
jarrera arina
bakoitzak kotxe bana
ahal dutenek bina
zaborra egunero
bi poltsa, jakina
erdiaz gendukake
pasatzeko dina
kontzientziatuago
egongo bagina.
[Unai Agirre, 1997ko sorta sariduna]
EREÑOZU - SARRERAKOAK
1
Denak izan zaitezte
ongi etorriak
hurbildu zeratenak
guk erakarriak
ahotsez ta musikaz
gure aldarriak
zuentzat dakarzkigu
auzoko berriak
le(he)ngo ohitura zaharrean
bertsotan jarriak.
2
Naparraldeko mugan
abiatuz behera
Urumea sartzen da
Gipuzkoa aldera
Pagoagan hasita
Lastola parera
bostehunen bat egoskor
gutxi gorabehera
bizi geran lekua
bailara hauxe da.
3
Nahiz bizileku izan
sarri tokirik ez
hemen etxeak egin
ohi baitira nekez
frontoi promesa ere
ezkutatu da kez
baina gaudenez buru
eta mingain askez
saioa bete degu
auzorako eskez.
4
Le(he)ngoak ere izan
ditugu goguan
Latxen fabrika za(ha)rra
erreka onduan
Fagollagan eskola
orduko moduan
auzoak zenbat bertso
bota ta entzun duan
lan ta festa egiten
zekiten orduan.
5
Auzoan bikote bat
badegu begiko
hoiek ahaztea ere
ez da komeniko
izenez ta izanez
tamaina haundiko
auzoari lotuta
dauzkagu betiko
San Antonio patroi
ta Txirrita jainko.
[Aritz Zerain, 2003an Joxe Legarretaren omenez
Ereñozun egindako bertso-emanaldirako jarriak]
HERNANI - SARRERAKOAK
1
Herri bat bada bere
zilborraren erdin
kanpoan famatua,
etxean ez berdin;
erdia euskalduna,
erdia etorkin;
haundi baina txikia;
goxo baina gordin...
portal denek bi ate
dauzkate Hernanin.
2
Neguko zoramena,
udarako pake;
sagardoaren kabi,
zuritoen parke,
Nafarroatik gertu,
Donostia maite;
mendiko haize berde,
papelerako ke...;
hemen portal guztiek
dauzkate bi ate.
3
Larunbata festa gau,
jaia festa oste;
kanpotarren pagotxa,
herritarren nahaste;
herri-bizi motela,
herri-gogor ospe;
igual bitxi izaki...
igual asko uste...
Hemen portal guztiek
bi ate dituzte.
4
Naturzalea baina
zementuz jarria.
Bizimodu arrosa,
borroka gorria.
Maiz maitatua ta maiz
gorrotagarria.
Heldu eta gaztea;
zaharra ta berria...
portal denek bi ate
dauzkaten herria.
[Maialen Lujanbio, 2003an Joxe Legarretaren omenez
Hernanin egindako bertso-emanaldirako jarriak]