Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

JUAN MARKO “ALTXO”

 

1930ean jaioa Etxola-berriko Minetan

1998an hila

 

 

ALTXOTARRAK

 

      Jose Maria Marko (Lizartza) eta Anbrosia Otxotorena (Hernani, lerola), hiru umerekin joan ziren minetara, 1918an, Goizuetatik; ume txikiena, jaioberria zuten. Azkeneko sei umeak han jaio ziren, minetako etxean (Benta Mudaz zuen izena).

      Marko, abizenez, baina auzoan, Altxo dute izengoitia. Aitari jarritako izengoitia omen da, eta gero, familiari gelditu. (Luisek kontatzen duenez) «Aitari Altxo’ izena jarri zioten, eta gu Altxokin gelditu ginen. Altzoko Haundia ba omen zen, eta gurea berriz txikia zenez, burlaz jarri omen zioten Altxo. Eta Altxokin gelditu».

      «Juanitok, nire aurreko anaiak, bertsotan asko egiten zuen. Boza ere ederra zuen hark! Baina plazatan ibiltzea ez zitzaion gustatzen. Tabernan gehiago; juergista xamarra zen. Bertso onak bazituela badakit». Bai izan ere. Oso-osorik ez dugu lortu, baina bertso zati bat bai, Juanito Altxok bere jaiotetxeari jarria. Florian Oiarbidek kantatu digu, Dionisiren semeak, Luisen ilobak:

 

Ni bizi nintzan Hernanik duan

etxerik urrutinian

handik ez zegon ateratzerik

kotxian edo trenian

....

....

oinetakuak hausteko beldur

hanka hutsik gehienian.

 

[Eñaut Agirre, Hernaniko Urtekaria 2011]

 

      Altxo hori nire amaren anaia zen. 20-21 urterekin ibili zen txapelketetan.

      Xoxokan kantatzeko deitu zioten Altxori, Legarraldeko Mielekin, txapelketaren ondorean.

      Nik ezagutu nuenean ez zen aritzen, oso gazterik utzi zion hark.

[Florian Oiarbide]

 

 

BASARRIRI PUNTU ERANTZUNA

 

      Basarri puntu jartzen zen Irunen txapelketan, eta ez orain bezala paperean idatzita. Bat-batean jartzen zituen puntuak. Gure osabari jarri zion bat:

 

Lehenbiziko premiyua

espero al dezu?

 

Ez, bertsolari txarra

etorria nazu

hobeak badirala

zeorrek badakizu

baina pozik hartuko det

ematen banazu.

 

[Florian Oiarbide]

 

      Juan Marko oso bertsolari polita zen, eta Basarrik esaten zion “atera egin behar duk!” baina bestea lotsatia zen eta ez zuen nahi izaten. Baina lagunartean bertso dotore askoak botatzen zituen.

[Inaxio Mari Zubeldia]

 

      Juan Marko Altxo bat-batean baino gehiago idatziz aritzen zen.

[Julian Albistur]

 

 

TXIRRITARI JARRIAK

 

        1

Berrogeita hamar urte

zu mundutik joanik

orduan mutikoa,

sei ez nituan nik.

Auzokoa maisurik

haundina izanik

ezagutu gabe hil

ez det beste penik.

 

        2

Zu gure artetikan

juan ezkeroztik

asko mututu ziran

bertso ta abestik

ekaitzaren menpean

ilunpetan guztik

etzegon izaterik

euskaldun artistik.

 

        3

Ondoren hura etzan

izandu trankila

hemengo militarra

ta horko zibila

zu hiltzeko ibili

omen ziran bila

igual hilko zinuten

ez bazinan hila.

 

        4

Herrian jarri ziran

agintzen arrotzak

besterik ez zuten nahi

danak mingain motzak

euskaldunari bide

estu ta zorrotzak

eta agudo kendu

bizkarreko hotzak.

 

        5

Orduan bertsolarik

gai txarrena zuten

ikusi egin behar

zein zeuden entzuten

orain hasiak dira

egiak esaten

garai batean etzan

hau libre izaten.

 

        6

Gizon argitan dago

gaur bertsolaritza

zuk hemen utzitako

diamante printza

ate haunditik sartu

nahiean dabiltza

eskuratuko dute

ate horren giltza.

 

[Txirrita, 50. urteurrena liburua]

 

 

AITORKETA BAT

 

        1

Berpizkunde egunez

urteroko era

asmo sendo batekin

joanak gera

Ama bixitatuaz

Aloña gainera

anima gaixoaren

kargak arintzera

jaun baten aurrera

euskalduna bera

hark neri galdera:

“ezkongai al zera?”

hortaz hitz egin degu

gogor antzera.

 

        2

Mutilzahar nagolako

hasi zan hizketan

galdezka zer egina

naizen gaztetan.

Garbi aitortu nizkan

ez nago kezketan

oker haundirik gabe

neronen ustetan

libre nintzanetan

hainbat jolasetan

lanera askotan

jai arratsaldetan

etzan gaurko girorik

garai haietan.

 

        3

....

lagun eta anai

gaudenak ezkongai

neskatxak ere nahi

askotan dantzatuaz

izerditan blai.

 

        4

Danok ez degu hemen

suerte berdina

etortzen dana hartu

hori jakina

batzuek saiatuagatik ahalegina

igual izan liteke

topatu ezina

badet nere mina

izateko dina

neska bat birjina

moja aldegina

nunbait etzan neretzat

jaunak egina.

 

        5

Gainera, bai al dago

danok ezkontzerik?

gaiean egon behar

tontoak berik

horregatikan hemen

gera pekatarik

ez dago ba munduan

jende eskasirik

beltzak eta zurik

erdiak goserik

bestean pausorik

ezin ikusirik

elkar jan beharrean

bizi-bizirik.

 

        6

Askotan egoten naiz

gauza bat pentsatzen

baina ez da erreza

ondo kontatzen

gizonok ari gera

mundu hau ondatzen

ez degulako behar

bezela jokatzen

baserriak aitzen

zer jana urritzen

kaleak hazitzen

jendea ugaritzen

zaila da luzaroan

hola segitzen.

 

 

        7

Askok pentsatu gabe

egiten du parra

topatzen duanian

ezkongai zaharra

baina ez da nahikoa

uztartu bakarra

gero seme-alabak

datoz barra-barra

lanera senarra

etxean negarra

gau bizitza txarra

eta laister gerra

anaiak alkar hiltzen

hasi beharra.

 

        8

Dibortziorik ezin

dala debekatu

mutilzahar gelditzea

berriz pekatu

horra gure dotrina

erabat aldatu

ikasitzen ez ginan

alperrik nekatu

orain modan hartu

alkar engainatu

egia ukatu

gezurrez jokatu

gehiegi esan gabe

nahi det bukatu.