—gaiak—
SAGARDOTEGIAK
Gerra aurrean, 1920 inguruan, Hernanik kaskoan 45 kale-baserri eta 45 sagardotegi zituen. Karkaban bertan 5 sagardotegi zeuden: Pepe Adarragarenak bi, beste bat Asteasutarrena (Asteasutik etorritako familia, Errekondotarrak), eta Gorrotxategitarrenak beste bi. Asteasutarrek denda zeukaten, zapatak eta alpargatak saltzen zituzten eta denda bazterrean zeukaten sagardotegia.
[Inaxio Mari Zubeldia]
Sagardotegitan ohitura handia zegoen bertsotan egiteko. Guk ohitura gutxi genuen sagardotegitarako. Hernanin sagardotegi asko zen: Akarregikoa. Kalean, Bar Deportiboren frentean, Kiskillutarrena. Adarragatarrek ere bazuten. Upel koxkorrak izaten ziren, eta etxeetatik etortzen ziren bila, batek botila bat bete, besteak beste botila bat... hustu arte! Ereñozun Goikoetxea, famatua. Ibarluzen Txintxuatarrak, oraingo Txintxua hotelekoaren anaiak. Añarregin bestea. Iparburun ere bai. Elorrabin ere bai. Altzutan beti.
[Antonio Zubiarrain]
Iturria: El Día.
Txirrita Ernani’ko sagardotegi batean zala, sartu da gizon luze bat, aberatsen etxeetara neskak eramaten aritzen zana. Orduan Txirritak:
Ara Joxe Ramon,
gizon prudentia,
eskolarik gabeko
estudiantia;
zartuagatik dago
oso dezentia,
Urumea’ko nesken
komerziantia.
[Lino Kalonje, Txirrita liburua]
Len, garai batean, pitarra izaten zan baserrietako edaria. Pitarra izaten da sagarra tolarean jo eta ura bota izan zaion patsa. Pisoiarekin zapaltzen dan sagarrari deitzen zaio patsa. Sagardo mustioa egin bear danean, etzaio urik botatzen. Baiña bai pitarra egin bear danean. Eta, ura bota bear danean, ez du neurri jakiñik izaten. Sagar-urte ona danean, ura gutxiago botatzen zaio. Eta, sagar-urte ona ez danean, geiago. Ez naiz oroitzen zein baserritan; baiña, sagar-urte txarra zan batean, zazpi zaku sagarrarekin emezortzi kargako kupela bete omen zuten. Morroiak egun osoa pasa omen zuan errekatik ur karraio. Txirritak, berriz, oitura auxe zuan, baserri baten ingurutik pasatzen zanean:
ATZO SANTIYAGO ZAN
Urte batean, Patxi Bakallo Billabona’ra eraman zuten bertsotara, Santiagotan, erriko festetan alegia. Joan zan, bañan bai kantuan irabazitako diru guziak bertan gastatu ere. Biaramonean, artean Billabona’n zala, sagardotegira joan da sagardoa saltzen ari zan amonari, onako bertso au kantatu zion:
Atzo Santiyago zan
gaur biyaramona,
laneko gogo gutxi,
erateko ona;
erariya pagatzen det
basoko txanpona,
salduko badet ere
andriaren gona,
beste baso bat bete
biezu, amona.
[Antonio Zavala, Hiru bertsolari]
— Txarro bat pitar emango al didazute faborez?
Baserri danetan ematen zioten txarro bat, eta bi ere bai. Baiña egun artan bat naikoa zuala esan omen zioten, eta abiarakoan:
— Pitar onek bazeuzkak bi gauza, onak: bata, ontatik edaten duana ez dek mozkortuko; eta, bestea, badezutela pixka bateko edaria. Aio, jaunak! Eskerrik asko! Urrenarte!
Baiña ez omen zan urte artan geiago baserri artara joan.
[Sebastian Salaberria, Sagardotegiak, Auspoa 247]
KANDELERO EGUNA, ARTZAI TXIKIARENA
Kandelero eguna
otsailaren bian
orduko afaria
degu haragian
lau lagunek pasatzeko
xelebrekerian
holaxe gustatzen zait
sagardotegian.
[Florian Oiarbide]
SAIBURUTAR NIKOLAS LUJANBIOK JARRIAK
Gaztetako kontuak
dauzkat nik gogotan,
pentsatzen egoten naiz
alperrik prankotan;
len gauza merke, bazan
Gipuzkoa ortan:
pitxarra sagardua
amar xentimotan.
Ameriketan alargundu ondoren, onera azkeneko aldiz etorri baño lenxeago, onako bertso au bialdu zuan:
Elkar ikusi gabe
bizitzia motz-ta,
ogei urte, etzaizkit
oso gutxi kosta;
preparatu zaitezte
laister bagatoz-ta,
elkar abrazatuaz
emateko bosta,
diran ontzi guztiyak
bete sagardoz-ta.
[Antonio Zavala, Iru anai bertsolari, Auspoa 73]
SAGARDOA PAULO TXIKIAREN UZTATIK
1
Lenengo arbolak izan bear du
paradisuan sortua,
Adan da Ebak andik jatea
zeukaten debekatua,
gure Jainkoak euskaldunentzat
zeukalako aldatua,
gero sagardo biurtu zedin
ematen zuen frutua.
2
Azi artatik sortu ziraden
lur ontako sagastiak,
guraso zarrak ondiatuta
lenago zeuden sasiak
Bi arbol-klase jarri zituzten,
dira geza ta gaziak,
aien zumoa edan zezaten
euskaldun seme guziak.
3
Donostia’tik etortzen ziran
tranbe zar danak betean,
Astigarraga ta Ernani’ra
jendea garai batean.
Danak euskeraz kantatzen zuten
upel aundien tartean,
orain dagoen aiña kanpotar
ez baitzegoen artean.
4
Euskalerria paradisotzat
bezela zegon munduan,
baserri danak sagardotegi
izaten ziran orduan.
Obe genduke gaur e bageunde
garai artako moduan,
aurrerapenak gure lurrera
ara zer ekarri duan.
5
Sagardotegi maitagarriak,
joan ziñaten bukatzen,
kimikaz egindako ardoa
asi baitziran ekartzen.
Etxean degun gauzik onena
arrezkeroztik baztartzen,
euskaldunari gauza askotan
orixe zaigu gertatzen.
6
Sagardotegi maitagarriak,
beti zaituztet goguan,
zuen barruan neguan antxe
egoten nintzan zeruan.
Zar eta gazte danak bildurik
upeltxoaren onduan,
bertsolariak ederki daki
zenbat gozatzen genduan.
7
Alez beteta dauden arbolak
zer poza ematen duten,
sagar-urte bat izugarria
nola gertatu dan aurten.
Len zokoetan zeuden upelak
apenas lanik daukaten
lengo urtetan egoten ziran
bezela utsik egoten.
8
Garai batean baserrietan
ziran sagasti edarrak,
geientsuenak igartu dira,
tapatu zituen larrak.
Ondorengoak izandu gera
olako seme zabarrak,
au ikusita guraso aiek
eingo zituzten negarrak.
9
Len garbi zeuden mendi guziak
asi ziraden beztutzen,
sagarra kendu eta piñua
asi zanean sartutzen.
Garai batean debalde zana
gaur urrea pagatutzen,
ia iltzera ekarri degu,
baiñan asi da piztutzen.
10
Aspaldi xamar asiak ziran
gu galdu naian etsaiak,
kale aldera bialdu-azten
mendian zeuden artzaiak.
Txarrenak orain droga zabaltzen
emen dabiltzan izaiak,
zenbat beneno tragatu degu
Gipuzkoa ta Bizkaia’k?
[Paulo Zubiarrain, Ia kantatuz bezela, Auspoa 190]
SAGARDOARI 1979AN JARRIAK
1
Mila urte ta bederatzireun
larogeita hemezortzi
agostuaren hamaseian
horra nik garbi idatzi
bertso batzuek jarri artian
ez naute pakian utzi
sagardoaren entierrua
nahi genuke erakutsi.
2
Sagardoaren entierrua
eta ondo merezia
jateko ere ona da eta
nahiz geza eta gazia
beraz sagardo bihurtu eta
paregabeko grazia
zu bai zerala fruitu guzien
artetikan bereizia.
3
Mundu guztiak estimatzen du
sagartxo zoragarria
zure zumua baita onena
kendutzeko egarria
tolarietan zanpatu eta
gero upeletan jarria
horregatik da hain sonatua
Astigarrako herria.
4
Tolare dana sagarrez bete
eta erdian ardatza
goitikan behera zanpatu eta
hantxen geratzen duk patza
bere zumua sagardoa da
guztiz edari garratza
kontuz ibili erantsi gabe
gero mozkorren bat latza.
5
Arboletikan zintzilik dago
sagartxo musugorria
zure bitartez egiten degu
hemen sagardo berria
tolaretikan upelak bete
gero sagardotegia
hori baitzuten garai bateko
bertsolarien kabia.
6
Arrantzale ta nekazariak
berdin da fabrikantia
Euskal Herrian beti izan da
oso edari maitia
bere omenez pentsatu degu
entierrua eitia
aurrera ere gure egarrik
asetzen saia zaitia.
7
Mendi malkarrak hondeatuta
lur berrik sagastik jartzen
garai bateko aitona zaharrak
asko ziraden saiatzen
orain pinuak eta sasiak
danak ai ditu estaltzen
upel ederrak alperrik dituk
ez bada berririk jartzen.
[Antonio Zubiarrain]
SAGARDOTEGIAK
1
Sagardoa da sagarra eta
ideia on baten frutu
edanda ez da ezer gertatzen
nahiz Adan janda damutu
mutuai bista itzultzen dio
eta hiztuna itsutu
mila txokotan eginagatik
kupeletik kukurruku
leku gutxitan atera zaio
Hernanin adina zuku.
2
San Sebastian abiapuntu
Aste Santua helburu
kriston jendetza erakartzen du
ehundaka mila inguru
botilak ditu purgatorio
kupeltegia tenplu du
ateo gehien biltzen dituen
erlijioa seguru
Hernanin eta inguruetan
sagardoarena dugu.
3
Lehen tragoa usaitu eta
aztertzen da kolorea
bigarrenean esan daiteke
ona duen zaporea
hirugarrena beti da ona
ta laugarrena hobea
jaki pixka bat lagun hartuta
halako plan dotorea
munduan nonbait izan daiteke
nik non ez dakit ordea.
4
Hala’re ardi galduak erraz
tokatu ohi dira antza
hark irrintzia honek antsia
ta beste horrek arrantza
ezinbesteko erritmoa da
kupelarteko balantza
otorduetan harrokeria
ta ordaintzean zalantza...
maindirerikan zurienetan
somatzen da gehien mantxa.
5
Horren kontura bizi garela
asko esatea bada
horrekin ongi bizi garela
esanda pakea hara.
Asteburuko jende oldeek
sortzen duten lurrikara
gure tabernek baretzen dute
egin ez dezaten traba
Ongi etorri mundu guztia
sagardoaren mekara!
6
Ohitura zaharrak mundu berrira
dakartzatenentzat gurdi
afalondoko bertsolarien
inspiratzaile bihurri
arrotzarentzat gehiegizkoa
maite dutenentzat urri
igaro behar izanagatik
mila krisi ta izurri...
izandu degu, da ta izango
mama gozoen iturri.
[Joxe Luis Urdangarin,
2003an Joxe Legarretaren omenez
Ereñozun egindako
bertso-emanaldirako jarriak]