Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Akan

 

      Denbora batean “Akan kuartela” deitzen omen zioten, diote Agustin San Sebastian (71 urte) eta Maria Ugalde (67 urte) senar-emazteek. Banago Akerregi jokoaren antzera Aker-Akararan (haran) ez ote den ere. Dagoen dagoenean utziko dugu.

      Ipar-mendebaldera begira dago etxea, nahiz eta goizetik eguzki goxoa izaten den atzeko terrazan. Lehen, hiru aldetara zuen, agidanez, teilatuak isuria, bi alboetara bana eta txapelaren antzera, babesgarri edo, aurre aldean bestea. Obra egin eta etxea berritu zenean isuri bitan ipini zen etxea, eta gerora, terraza alde banatan ipini zitzaion.

      Aita, Agustin San Sebastian Ibarburu, Martuteneko kartzelaren atzean dagoen Bernategi baserriko semea, eta ama, etxeko alaba, Maria Zubillaga Arrieta. Kalera ezkondu ziren baina aita gerrakoan soldadutzara, eta ama lau seme-alabekin Akan jaiotetxera izeba-osabaren babes bila.

      Hona zeintzuk ziren lau hauek: Kontxita, Joxe Mari, Fakita eta Agustin, eta handik zortzi urtera, berriz, aita gerratik etorri ondoan, Benito senideetan txikiena.

      “Gerrakoan aita nahikoa larri ibilia zela esaten zuten” diote. Inguruan bonba lehertu eta lurpean eskuko behatzak baino ageri ez zuela gelditu. Eskerrak ondoko lagunek arrapalada bizian jaregin zioten. Hartatik edo... nahiko gazterik hil zitzaien aita (43 urte).

      Azkenean, Benito eta Pakita anai-arrebak gelditu ziren, bi bizitzako etxea antolatuz, batean Pakita eta bestean Benito bere familiarekin kokatuz.

      Bizimoduaren oinarri sei-zazpi esne-behi izaten zituzten eta zekorren bat edo beste, haragitarako hauek. Esnea eta haragia, horra. Bestetik, esnea, arrautzak, patata eta ahal zena harturik San Martin plazara egunero. Tranbia Ergobian.

      “Ahal zena harturik, bai”, dio Mariak bere ama zenak esan ohi zuen bezala: “berdura pixka bat egunero eraman behar da, besterik ez bada ere, ogi bat, horrekin, ekartzeko”.

      Erreka etxe ondoan, arazorik ez garbitasuna egiteko edo ganaduentzat. Lurrak aski aldapatsuak, baina belardi onak. Agustinek aita hil zenean, 9 urteko mutikoa, ez zuen eskolarako aukera handirik izan.

      Belar ondua oparo izaten zuten, etxekoaz gain Munto baserriko belardiak ere beren esku izaten zituzten eta. Azpietakoarekin buruhauste handiagoak. Urdaburu azpian eta Epele Errekan hau.