Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Mandazubi

 

      Garai batean Europara zihoan errepide (errege-bide) nagusiaren eta gaur egun Hernanitik Urnietara doan errepidearen eskuinean daukagu Mandazubi baserria. Txoko eta babesleku goxo batean, bi herrion mugan, etxondoan pasatzen den erreka gertatzen baita muga. juridikoki Hernaniko Udalerriaren baitan egon da beti “elizaz Urnietako parrokiari zegokion” arren (Ik. Teresa Amuategi “Urnietako Etxe eta Baserriak”, 277 or.) Esanahi garbia du, mandoa eta zubia, eta bi hitzok konposatzean mandazubi ematen dute.

      Bi isuritako etxe egokia da izatez, eta xehetasun bitxiak dituena: esaterako, eraiki edo berritu zeneko data edo izena fatxadan (Mandazubi, año 1840) lehen karlistada amaitu ondoko urtea hain zuzen; besteen eite bereko leihoa baina pintura soila dena hegoaldetik; ekialdera orientatua etxea, ondoan erreka polit bat duelarik.

      Rosario (55 urte) bertako alaba dut solaskide. Etxearen eskuinera etxe-ordekoa dauka eranskin modura etxeak “Ipulategi” deitzen ziotena, upelategi ez ote zen nago, eta “hor egoten ziran dio, gure etxeko idiak eta zekorrak”, gainerakoan, soto eta ukuilua beheko oinean, bizilekua lehen solairuan eta ganbara honen gainean.

      Amona, Joakina Pagola Sagardia, ezagutu zuela dio nire solaskideak eta beronen ahizpa Joxepa ere bai; ezkongea zen hau. Joxe Martin Izagirre Bengoetxea zen aitona. Eta hona hauen seme-alabak: Joxe, Maria, Martin (soldadu zela hila) eta Joxepa (lekaimea, Oñako —Burgos— psikiatrikoan erizain dena).

      Senideetarik, Joxe gelditzen da etxerako. Anttoni Otegi Irisarri, Egaña-Enea baserriko alabarekin ezkondu zen eta lau seme-alaba izan zituzten: Rosario, Joxe Migel, Joxe Martin eta Maribel. Joxe Martinek darama, gaur, etxearen ardura.

      Baratze handirik izaten zenik ez du gogoan. Esnea zen Mandazubin ekoizpen nagusia. Zortzi bat behi ezagutu zituen ukuiluan, eta idi-parea eta zekorrak. Ganadu jatena sortzeak, beraz, bazuen lanik aski haientzat: belarra (ondua negurako) eta alfafa, pagotxa, erremolatxa, arbia... Oraino oroitzen da nola negu partean arbia nahiz erremolatxa beheko suan pertza handi batean egosi eta ganaduari gozalea ematen zioten.

      Lur onak ziren, oro har, artoa, babarruna eta patata lantzeko. Sagasti ederra zen garai hartan zubi edo errepidez bestaldeko zabaldian.

      Bestetik, ez zuten inolako arazorik ganaduei edaten emateko, askatzea baino ez, etxetik metro asko gabe baitzuten erreka. Hortxe berean zeukaten, etxetik hurbil hau ere, aska berezi bat lixiba egin eta arropa garbitzeko, eta are gorago, eta errekatik aparte, familiak estimu handitan zuen iturri goxoa, edateko ura hartzeko, edariak freskatzeko... Ez du inoiz ezagutu erreka hau agortuta.

      Ur garbia eta freskoa du izatez. Oroitzen da nola, tarteka, han aingirak harrapatu eta jaten zituzten ere. Erreka honen txoko batean eduki ohi zituen Paulo Lasak, Hernani eta inguruko herrietan sona handiko uztargile trebeak, bere lehengaiak, enbor multzo bat uretan beratzen.

      Esanik da Joxe Martin anaiaren ardurapean dagoela Mandazubi baserria orain. Ganadu multzoa dauka, baina ez lehengo ukuiluan, aparteko aterpe zabal batean baizik, eta egungo erosotasunez horniturik.

      Kezkarik aski badute zein egoera izango duen aurrerantzean, Mandazubi baserriak. Denbora asko baino lehen Hernaniko hego-saihesbidea deitu errepidea Urnieta-Andoain aldera nondik eta nola abian jarriko den pentsatzen jarrita.