Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Bakero | Eguzkitza | Mandazubi

 

Eguzkitza

 

      Egutera bete-betean, eguzkiak ongi jotzen duen lekuan dagoela adierazten duen izena dauka Eguzkitza baserriak.

      Agerretik aurreraxeago, Santa Barbara mendiaren babesean kokaturik dago Urnietako mugan eta Haritzola nahiz Gurutzetara doan bidearen azpialdean.

      Azkeneko gerratean (1936) Hernaniko Eguzkitza baserria eta Urnietako Haritzola eta Bidegurutzeta baserriak, hirurak ere oso urrun ez bata bestearengandik, erreta utzi zituzten.

      Bertako iloba den Karmen Etxeberriak familiak jasan zuen zorigaitzaren berri eman dit. Bazkaltzen ari zirela etorri omen ziren “gaixtoak”, esanez, etxea erretzera zihoazela eta irteteko berehalakoan. Ordurako etxeari atzetik su emanik zuten eta ozta-ozta ganaduak atera zituzten, Ziolio-Enea baserrira eramanez.

      Frontea pasatu bezain laster estalpe bat eraiki eta etxeratu ahal izan zituzten ganaduak. Maizter zirenez, urte multzo bat eman zuten Laubidetan bizitzen, harik eta etxearen jabe egin eta berreraiki zuten arte.

      Lehengo egitura bera mantendu zioten etxeari. Baserri ederra da, eta “lehen ederragoa” dio Karmenek. “Intxaurrondo tantai itzaltsua zun eta honen gerizpean afaltzen gendun udako bero egunetan”. Erre aurretik dolarea ere bazuen etxeak.

      Aitona eta amona ezagutu zituen. Aitona kaletarra, Andre kaleko Llarga-Eneko semea, Pedro Joxe Urreaga Aranburu eta Ageda Sasiain Larburu, Urnietako Lauterdi baserriko alaba amona. Eguzkitza baserria hutsik eta ezkonduta bertan jarri ziren bizitzen. Seme-alaba hauek izan zituzten: Pantxika, Txomin, Fermina, Pepita, Damasa, Luisa, Eujenio, Loreto eta Justo, eta Gabriel (buruko gaitzak hartuta 17 urte zituela hila).

      Etxe berria eraiki eta amona hil zenetik, Txomin, Loreto eta Justo gelditu ziren etxean, eta azkenik Loreto eta Justo anai-arrebak. Urteetan aurrera eta ezinagatik zaharren egoitzara bildu ziren biak. Justo hil eta Loreto bizi da Sandiusterrin.

      Amona emakume langile eta eraman handikoa zela diote. Aitona ere, gorputz azkarreko gizona, eta lagunartekoa ere bai. “Etxetik ateraz gero etxerako presarik etzuna” omen amonaren esanetan. Oraino sasoikoa zela baratzean eroriko txar bat egin, azalore baten zuztarra jo eta begi bat galdu zuena.

      Amona egunero Donostiara astoarekin tratua hartuta. Astoa Easo kaleko astategian uzten eta handik banatzen hartzaileei esnea eta barazkiak. Gero, tranbian joaten ziren, amona lehenik eta Loreto gero, astoa “ganadu plazan”, gaur Plaza Berri, argoilaz beteriko barra batean astoa lotuta utzirik. Behin batean, ijitoak astoa ostu ere egin zioten Loretori, bera Donostian zen bitartean. Hura estura halakoa! Azkenean, Ereñotzun harrapatu zituzten, agidanez, ijitoak eta Eguzkitzako astoa.

      Bestetik, esneaz ongi baliatzen nonbait, eta zazpi-zortzi behi izatetik 20 behi izatera heldu omen ziren anai-arrebak sasoiko ziren garaian.

 

Bakero | Eguzkitza | Mandazubi