Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Marijoandegi | Marraka-Enea (Saretxo) | Pitikar

 

Marraka-Enea

(Saretxo)

 

      Eskrituretan “Marraca-Enea edo Sarecho” izenez azaltzen da. Saratxo izan liteke (txara txikia) edota Saretxo (saroe) artegi esanahiarekin. Dena den, Marraka-Enea nondik heldu den ez dakite, baina antzinakoa dela bai.

      Etxeak orain gailurraren azpian eta bi leiho nagusiren erdian Marraka-Enea izena dauka oholean euskal hizkiz egina eta lauburuz apaindua. Eta Saretxo balkoipean, etxeari oro har Marraka-Enea ezarriz eta jatetxearentzat (edo hobe askaldegia=merendero) Saretxo izena gorde dutelarik, bi izenak beti ohi izan den bezala jokoan sartuz.

      Santa Barbara atzean, iparraldean, mendiaren hegala amaitzen den puntuan orografiak lepo bat egiten du non bitan banatzen den Urnietako Oztaran eta Arkaizpe aldetik heldu den bidea Jauregin barna Donostiarakoa eta Ategorrieta deitu puntua zeharkatuz Laubidetatik Hernanira doana. Ategorrieta aipatu du nire solaskide Joan Marik eta bazuen agidanez “baserritarrak herrira nahiz elizara etortzen zirenean Arrigoain baino lehenago zegoen Ategorrieta delako puntu horretan oinetako aldaketa egiten baigendun horma zahar baten zuloetan oinetako zaharrak gordez”.

      Berau bezalaxe bi isuritako etxea zen lehenagoko etxe zaharra. Behean, atetik sartuta eskuinera zuen sukaldea eta barrurago ukuilua eta beste ate bat, simaurra etab. ateratzeko. Lehen solairuan bizilekua eta goian ganbara, baina oso apala hau, etxea bera apala edo bajusta zen bezalaxe.

      Oraingo berriak mendebaldeko isuria aski luze eta zabala du eta eranskin handi bat dauka saihetsean eta honek berebat beste txikiago bat, ia oraintsu arte zurgindegi izan dena.

      Marraka-Enea etxeak, jatetxe edo askaldegi bilakatu denez geroztik, aldaketa handiak ikusi ditu, barne eta kanpo erabat berriturik ageri zaigu eta. Mandioa gordetzen du etxeak atze aldetik eta eranskin handi bat bere terrazarekin azpian jatetxearen jangela nagusia duelarik.

      Etxe aurrean, aparkaleku zabala albo batera, haurren jostalekua tramankulu politez hornituta azpiko bidearen bestaldetik, eta handik gorago, ia Santa Barbara mendiaren hegalean, ukuilua.

      Nire solaskide Joan Mari etxeko nagusiak (48 urte) gurasoak baizik ez zituen ezagutu. Aita, Joxe Kruz Genua Genua, bertako semea, eta ama Dolores Etxaiz Pellejero, Astigarragako Artola baserriko alaba. Ezkondu zirenean, ama alarguna hiru haurrekin (Euxebio, Pako eta Pepita), bildu zen Marraka-Enea etxera eta Joxe Kruz senarrarekin beste lau izan zituen: Anttoni, Maritxu, Joxe Mari eta Joan Mari.

      “Aita zena gerran ibilia zan eta metraila (hirutarik bat) berekin zeraman, urteen burura besoaren beste aldetik atera zitzaion arte”. Aski gogoan du oraino Joan Marik, bera etxeko gazteena izan arren.

      Joan Mari, etxerako, ezkonduta, emateaz Izaskun Sistiaga Karrantza, jaiotzez Pasai Donibanekoa eta seme-alabak dituzte: Ainitze eta Igor.

      Normalean sei behi eta idi parea izaten zituzten, eta behorra ganaduen jatekoa garraiatzeko eta astoa goizero herritik joan-etorria egiteko.

      Joan Mari oraino oso haurra zela ama joan zitzaien eta arreba Pepik bete behar izan zuen ama zenaren zuloa. Honek jarraitu zuen egunero esnea eta barazkiekin herrirako eginkizuna. Joan Marik dioenez, “aitonarengandik zetorkion familiari baratzegintzarako zaletasuna. Egia esan, lurrak ere baratze izateko eta laborantzarako benetan lur onak omen ziran”.

      Aitak bere bizitza osoki baserri lanean eman zuen bezala, Joan Mari soldadutzatik etorrita laster Orbegozo fundiziora joan zen lanera, hantxe jardun zuelarik enpresa 92an itxi zen arte.

      Orduan zerbait egin behar eta, emazteak jatetxe bateko esperientzia zuenez, jatetxe koxkor bat antolatzea otu zitzaien, gero handiagoa eta ederragoa bilakatu den jatetxea.

      Egun, Joan Mari eta Izaskun senar-emazteak eta Ainitze eta Igor seme-alabak bizi dira Marraka-Enean, jatetxea eta abeltzaintzaren bitartez bizimodua antolatua dutelarik.

 

Marijoandegi | Marraka-Enea (Saretxo) | Pitikar