Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Marijoandegi

(desagertua)

 

      Pertsona izena oinarrian kasu honetan ere eta emakumezkoarena. Ez du inolako sekreturik. Maria-Joana-tegi, Maria Joanaren etxea, horra.

      Galarretatik Errekaldera doan errepidearen aldamenean, Zabalegi parean, Butano gordailua izandako eta egun zerrategia dagoen lekuan kokatzen zen Marijoandegi baserria. Bi isuritan eraiki etxe zabala, atzean etxe-ordekoa, 36.eko gerra denboran alde bat erori eta atzealdea libre zuela. Aldamenean, atxikita, D. Joaquin Zayas nagusiaren etxebizitza bere lorategiarekin.

      Elias Garmendia eta Bernarda Intxauspe ziren Marijoandegiko senar-emazteak, eta hauekin batera bizi zen emaztearen ahizpa. Bi seme izan zituzten: Ulpiano eta Joxe. Azken hau jaiotzerakoan edo, ama erabat elbarri gelditu zen “nire senarrak ez omen zuan inoiz bere ama zutik ikusi” esan dit nire solaskideak. Burua bakarrik ondo, eta hala bizi izan omen 45 urte, dena bestek egiten ziola. Esan gabe doa, ama horren sufrimendua.

      Joxe etxerako, Zabalegin neskame zegoen Euxebi Zabala Artano, Amezketako Marta-Enea baserriko alabarekin ezkondu zen, eta bi seme eta alaba izan: Martin Joxe, Ulpiano eta Mari Kontxi. Sasoiko zela hil zen Joxe, baserritik aterata 6 urtera, “han jasandako martingalen ondorioz” dio alargunak. Hauekin batera, ia etxeko egindako morroia, Antonio, artean gaztetxo zela etorri eta 33 urte egin zituen Marijoandegin, baserritik atera ziren arte.

      Ondo gogoan ditu Euxebi nire solaskideak arratsaldeko bostetan puntu-puntuan egunero, hutsik egin gabe, nagusia bisita egitera etortzen zeneko garaiak. Baita honen arreba eta bere lagun Fabiola ere, (Belgikako erregina izango zena), askaltzera etortzen zirenekoa, janaria Donostiako Casa Nicolasa etxetik ekarrita. “Goxoak izaten zian gero hango mokaduak!”

      Baserriko gorabeherak idatzi behar baditut, liburu osoa motz geldituko zaidala esan dit solaskideak. Oso oroitzapen tristeak ditu Marijoandegin bizi izandakoak. Denbora gutxian ez lur eta ez etxe gelditu zirela diosku. Errepidearen beste aldetik, Zabalegiko azpialdean zituzten lurrak erosteko aukera eskaini omen nagusiak senarrari, eta baiezkoa esandakoan, dagoeneko salduak zituela erantzun, nori eta Añorgako apaizari, alajaina! Handik gutxira Aurrezki Kutxak hartu zituen lur horiek guztiak. Etxea eta bere inguruko lurrak, berriz, butano gordailuak eraikitzeko saldu zituen nagusiak. Ondo gogoan du auzotar guztiak Butanoa jartzearen aurka izan eta nola ibili ziren sinadurak biltzen; halarik ere, orduan Hernaniko alkate zen Tiburtzio Agirrek baimena eman (berak jakin zergatik) eta jarri zituzten butano gordailuak. Baina ez zen hor bukatu gure solaskideak eta bere familiak jasan beharreko guztia; izan ere, errepide ondo-ondoan zegoenez, ez zitzaiela inolako kalte-ordainik tokatzen esan zien nagusiak. Hango eta hemengo ate guztiak jo ondoren sosik jaso gabe atera behar. Etxetik ateratzeko emandako denbora ere aski ez beste etxea eraikitzeko eta Limuriko baserri zaharrean eduki zituzten ganaduak.

      Han ziren bitartean, Joxe eta bere anaia Ulpiano baserrian aritzen ziren lanean, baita Antonio morroia ere. Sei-zortzi behi, zekor, oilo, zakur, eta baratzea ere egiten zuten. Joxe joaten zen egunero zaldi-karroarekin Añorgan barna Donostiara esnea saltzera eta bidez hango eta hemengo mandatuk egitera.

      Aipatu gorabeherak gertatutakoan, Anton-Eneko ondoan egin zuten etxe berria (1967) baina senarrak ez zuen luzaro gozatzerik izan. Oraindik ere ez dira amaitu familia honen zorigaitzak; izan ere, Hernaniko Ipar Saihesbide berriak etxea parez pare harrapatzen die. “Lotsarik baldin badute behintzat azpitik egin beharko dute, nahiko terreno badagota” dio Euxebi Zabalak. “Pentsatutakoa baino beheraxeagotik egin eta kitto”. Modu horretan, ordea, errepideak Txurruka markesen lur mutur bat jango luke, eta hori traba izango delakoan daude.