Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Ilarratsueta | Ilarratsueta Berri (Poltserua-Enea) | Izoztegi

 

Ilarratsueta Berri

(Poltserua-Enea)

 

      Jatorrizko izena Ilarratsueta Berri baldin badu ere, “Poltsero-Enea” esanda ezagunagoa da. Arrazoia, ganaduzaleen ermandadea izaki garai batean auzoan eta hemengo baserritarrari egokitu diruzain edo poltsero izatea. Hortik datorkio, nonbait, izena.

      Santa Barbara mendiaren atzean, malkar batean, Hernanitik Galarretara doan bidearen behealdean, orain jatetxe den Marraka-Enera begira, eta Ilarratsueta, Barriola eta Arkaizpe ere inguruan dituela. Lasarteko hilerri berria, berriz, alboko mendi hegalean.

      Harrigarria bada ere, fatxada nagusia eta sarrera, iparraldera begira ditu bi isuriko etxe lauki honek. Urte asko ez direla teilatua eta solairuak ormigoiz zaharberritu dituzte. Behean ukuilua, goian etxebizitza eta ganbara ditu, eta mendiaren eroria eta etxearen hormaren artean teilatua bota eta estalpea lortu dute. Aurrean beste etxe-ordeko bat, behean lanabesak eta goiko sabaia lasto-fardoz ederki hornituta.

      Lau senide omen ziren Mirandatarrak, hiru mutil eta neska bat; horietarik bi gerran hilak. Bestea, Inaxio Miranda Vitoria, semea, Marraka-Eneko Pantxika Genua Genuarekin ezkondu eta bertan jarri zen bizitzen. Seme bat eta hiru alaba izan zituzten: Roke, Maritxu, Pepita eta Agustina. Inaxio, aita, 66 urte zituela hil zen.

      Hiru alabak kanpora ezkondu eta Roke, seme zaharrena eta bakarra, Arantxa Isasa Urreztarazu, Ergobiko Bilandegi baserriko alabarekin ezkondu eta gelditu zen baserrian. Honek ere, gurasoen antzera, lau haur izan ditu, hiru neska eta mutila: Paki, Karmele, Aitor eta Arantzazu. Hauetarik bi etxetik berrehun bat metrora, Santa Barbara mendiari aurpegia erakutsiz oraindik orain eraiki duten etxe berrian jarri dira bizitzen.

      Idazten duen hau baserriz baserri ibili bada ere, ez du inor ikusi Roke bezala jantzita, eta zinez harrituta gelditu da: alkandora zurixka, galtza urdinak, arbasoek erabili ohi zuten bezalako gerriko beltza (ez egungo larruzkoa), abarkak lokarriak behetik gora ondo gurutzatuz lotuta, eta gorputz segaila.

      Gogorra dela esan digu sagar biltzen ari den Rokek baserriko biziera, eta bertan lan eginez gero ez dugula gimnasiora izerdia botatzera joan beharrik izango. Baserria, arestian aipatu bezala, malkar batean egina eta inguruko zelai guztiak ere malkartsuak ditu. Arantxa, emazteak, horixe esan digu: “Zer ikusi nun honea etorritakoan? malkarra, alde guztitan malkarra”. Hala bada, lanerako neketsua izaki, larrera botatzen ditu behiak “nahi dutena jan dezaten”. Beti izan dituzte sei-zortzi behi, idiak eta behorra; esnea bizibide nagusia, eta baratze pixka bat, ama Pantxikak egunero Donostiara saltzera eramaten zuena. Mendi hegalean eta mendia inguruan baina urik ez eta, udan iturburua erraz agortzen zenez, Marijoandegiko iturrira joaten ziren barrika gurdian hartu eta idiekin ur bila. “Hua zan ibilia, hua!”.

      Garai onean sartu zutela traktorea eta belarra ebakitzeko makina esan digu. Orain behi gehiago jarri ditu, baita zekor batzuk ere, eta zer moduzko prezioa egiten duen okelak galdetutakoan, ez duela inolako arazorik hauek saltzeko esan digu, “belarra, noski, eta artoa eta garagarra jaten dute gure zekorrek nahi duanak ikusi. Ezagutzen gaituztenek badakite, eta zain egoten dira noiz zekorra izango”. Bestalde, gaur egun ez doaz Epela Errekara garo bila, “zer izaten zen hua!, goizean hiru t'erditan jaiki eta hara joan behar azpiak egiteko garoa izango bazan! Orain lastoa erabiltzen degu, nahi dutena jan eta nahi ez dutena azpiak egiteko”.

 

Ilarratsueta | Ilarratsueta Berri (Poltserua-Enea) | Izoztegi