Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Etxeberri

 

      Usu egin izan dugu euskaldunok etxearen ezaugarriren bat hartu eta berarentzat izen bat edo beste asmatzea. Izendegi luzea da bide honetatik gurean, hala nola Etxebeste, Etxegoien, Etxebeltz, Etxezuri, Etxemendi, Etxezarreta... Eta esan gabe doa zerrenda honetan sartzen dela Etxeberri hau ere. Jakingarria, ohar Xabier Deunaren izenak ere sustrai bera duela, Etxaberri, Txaberri, Xabier bilakatu delarik.

      Jauregitik Santa Barbarako bidearen ertz-ertzean, etxerako sarrera ia bidetik bertatik duela daukagu Etxeberri baserria, alde batetik etxe-ordekoa atxikita duela. Sarrerak ekialdera ematen du, baita ukuiluko biek ere, bata ganaduen majerak daudenekoa eta bestea simaurrak atera eta azpitakoak sartzekoa. Aurrean bertan uraren aska estu baina polita, eta pozadera, lurpean, etxea urez hornitzeko, egun herriko ura badute ere.

      Bidearen beste aldean eta etxetik hogei metrora gerra aurretik egindako harrizko bi horma eta zurezko bi zutabe dituen aterpea, lanerako tresnaren bat edo beste eta simaurra lehorrean gordetzeko.

      Pedro Mari Aia aitonak egin zuen etxea auzoko Maria Anizeta Zubillaga, Kanpozabal baserriko alabarekin ezkondutakoan. Fakunda Aia, alaba, Urnietako Adarraga baserriko Sebastian Garagorrirekin ezkondu eta bertan jarri zen bizitzen, eta 6 seme-alaba izan, lau neska eta bi mutil: Maria, Agustina (Agustindar lekaimea, Hernaniko komentuan duela gutxi hila), Joana Joxepa (Beneditar lekaimea, Oñatiko komentuan), Fernanda, Joxe eta Ramon, duela 13 urte hila).

      Aita ere gazterik hil zela esan digu Fernanda gure solaskideak, 33 urterekin ezkondu eta 54 zituela hil omen zen. Orain, Maria (82 urte), Joxe eta Fernanda, guztiak ere adinekoak bizi dira baserrian.

      Behiak eta zekorrak izan dituzte beti. ukuiluan eta esnea beren bizibide nagusia. Bospasei buru esan digu, “majera zulo horiek daudelako gure ukuiluan”. Esnea Hernanira eta Donostiara eramaten zuten saltzera. Sagar zakuak ikusi ditugu bilduta eta izugarrizko dolarea ez bazen ere, orain arte etxean egin dutela sagardoa esan digu. Halere, anaia hildakoan atzerapen handia izan zuten etxean alde guztietatik begiratuta. Izan ere, huraxe omen zen gidatzeko baimena atera eta ibilgailua ekarri zuena eta hori alderdi handia zen autobusetik aski urruti gelditzen den baserri baterako. Orain, okinarekin-edo herrira joan eta gero taxian egiten duela buelta esan digu Fernandak.

      Bide ertzean etxea eta lurrak izateak ere bere alderdi on eta txarrak ditu, handik Santa Barbara aldera edo Hernanitik Lasarte aldera pasatzen zen jendearen irri eta trufak jasan behar izan baitituzte.

      Lera ikusi dugu etxe ondoan baina leran baino asto-karroan hobeto errenditzen dela eta orain gutxi erabiltzen dutela esan digu. Eguneko behi jana orgatxoan ekartzen du Joxek, guztia etxe inguruan baitu, eta goldaketa, sega lana edo belar-bola egitea auzokoari eskatzen diotela. Belar metarik ez, baina garo metak ikusi ditugu, Marieluts Txiki baserriaren goiko aldetik garbitzearen alde ekarri eta egindakoak.