Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Jauregi auzoa | Anton-Enea | Arkaizpe

 

Anton-Enea

 

      Izengoitiak alde batera utzita ere, aski ugariak dira euskal etxe edo baserrietan pertsona izenak, emakumezkoen (Erroxali-Enea esaterako) nahiz gizonezkoen izenak, eta beraz, Anton-Enea azken multzo honetan sartuko litzateke, etxekoek ez dakiten arren noizkoa edo nondikakoa den.

      Errekaldetik gora doan bideak Jauregitik Lasartera doanarekin bat egiten duen bidegurutzean eskuinera, bide ertzean bertan dago Anton-Enea, haizeak alde guztietatik ederki harrapatzen duen tokian. Errekaldeko Cincuentenario auzoa ikus daiteke bete-betean, urrutirago Igeldo eta Donostiako partea.

      Arestian bi bizitzako etxe bakarra izanik ere, egun bi eraikin biki iduri elkarri itsatsita. Bakoitzak lau isuriko teilatua du, heren bat guztiz berria eta hegoaldeko laurdena lehenean dagoela. Guztia ongi zuritua eta alde berrian zein zaharrean ez da lorerik falta leihoetan. Baserri gutxitan bezala, loreak ikus daitezke etxebizitza zaharreko ganbarako leiho txikietan. Honek badu etxe-ordekorik atzealdean nahiz aldamenean, belarra, traktorea eta gainerako tresneria lehorrean jasotzeko.

      Sarrera nagusia bide aldetik; halare, eraikin zaharrak hegoaldetik du ukuilurako sarrera eta handixek ibiltzen direla askotan dio etxekoandreak. Bestelakoan, behean sukaldea eta atzeko partean ukuilua, erdian logelak eta teilatupean ganbara. Atzean lizar handi bi etxea mendebaldetik babesteko edo.

 

ORMAETXEA Familia

      Fernando Ormaetxea, Andoaingo semea etorri omen zen hona, Maria Olarra bertako alabarekin ezkondutakoan, eta zazpi seme-alaba izan: Paulo, Domingo, Maria, Eustaki, Joanita, Ramoni eta Anttoni, horietarik hiru dagoeneko hilak. Paulo gelditu zen azkenerako baserrian nire solaskide Romana Izeta, Aiako Zozobarro baserriko alabarekin ezkonduta. Hiru mutil eta bi neska izan dituzte: Jesus Mari, Fernando, Koro, Joxe Inazio eta Itziar. Gaur egun bakarra bizi da etxean gurasoekin, kanpoan lan eginez.

      Paulo fabrikan aritu zela lanean erretiratu arte esan digu. Halere, ukuiluan beti izan dituzte dozena erdi bat buru eta etxerako adina baratze. Orain, ordea, senarrak erretiroa hartu eta denbora gehiago izan arren, indarrak urritu zaizkie eta duela hilabete batzuk behi bat eta zekor bat utzi eta gainerakoak atera egin dituzte. Halere, denbora pasatzeko baino gehiago direla dio oraino dauzkan oilo, untxi eta, etxea zaintzeko edo, kate motzean lotuta dauzkan zakurrak.

 

ATXAGA Familia

      Nikolas Atxaga Ikutza, Usurbilgo Aginaga auzokoa etorri zen Anton-Enea baserrira bertako Dolores Irazustabarrena Indart alabarekin ezkondutakoan. Bi mutil, Benardo eta Martin, eta bi neska Dolox eta Luisa izan zituzten. Seme bat eta alaba bat kanpora ezkondu eta beste semea eta alaba gelditu ziren gurasoekin. Semea Zaldibiko Urtxu Txiki baserriko Maria Mendizabalekin ezkondu eta bertan bizitzen jarri zen, eta hiru alaba eta bi seme izan: Niko, Ana, Txaro, Idoia, eta Iñigo.

      Duela hogeita bat urte (1980) jaso zuten etxe berria oraingoaren aurrez aurre, eta hantxe zendu zen orain hamalau urte Benardo eta duela bost arreba Dolox.

      Etxearen egituraren berri eman dugunean esan bezala, gaur egun, etxea erabat berritu eta Atxaga-Mendizabal senar-emazteen hiru alabak bizi dira, bakoitza bere familiarekin, aipatu baserrian.

      Nikolas Añorgako Rezola porlan fabrikan aritu zen lanean erretiroa hartu arte. Benardo semeak hartu zuen baserriaren ardura. Sei bat behi eta beste hainbeste zekor izaten zituzten baserrian, baita idiak ere lurrak landu, simaurrak atera, eta ukuilukoentzat janaria nahiz azpigaia ekartzeko.

      Esnea etxez etxe partitzeari utzitakoan Gurelesa kooperatibari ateratzen zioten, gero Iparlat pasatzen zen esnea jasotzera. Baratzea etxerako bezainbeste egin ei dute, eta oilo batzuk ere beti izan dituztela jakinarazi dit intxaur zuri-zuriak mugitzen harrapatu dudan berriemaile zaldibiarrak.

      Senarra hildakoan, ordea, baserriari ezin eutsi eta ukuilua dena hustu zuten duela hamar bat urte.

 

Jauregi auzoa | Anton-Enea | Arkaizpe