Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Estubegi | Estubegi Berri | Galarreta

 

Estubegi Berri

 

      Aldameneko Estubegi baserriko seme Agustinek egin zuen etxea eta jaiotetxearen izena jarri zion, Berri erantsita. Galarretatik berrehun metrora, Hernani eta Donostiako muga-mugan, errepide ertzean ezkerrera. Guztiz eguteran, Oriamendiren babesean, alde batean Zabalegi nekazari eskolako lurrak eta bestetik desagerturiko Limuri baserriko soroak dituela.

      Eraikin laukia, ekialdera begira, atzean etxeordeko isolatua duela. Agustin Iradik ezkontzeko aurrean 1936an egindakoa da Estubegi Berri. Beheko oina sukaldeak eta pentsu, patata, ongarri etab.en biltegiak hartzen du gehiena baina ez guztia, hor sartzen baitzuten, halaber, pentsu banaketan erabiltzen zuten kamioia ere. Goiko oinean logelak, komuna, etab. Atzean etxe-ordeko isolatua, bi oinekoa, lastoa, belarra eta tresneria gordetzeko. Ura izateko, berriz, etxeko teilatukoa jaso eta pozaderan jasotzen du oraindik ere, nahiz eta herriko ura etxera jarria duen.

      Agustin Iradi Loinaz, aldameneko Estubegi baserriko semea, Pilar Pagola andoaindarrarekin ezkondu eta jarri zen bertan bizitzen; bi seme-alaba izan zituzten: Antonio eta Maria Pilar. Egun, Antonio semea bakarrik bizi da bertan, gurasoak eta Maria Pilar, arreba bakarra, hil ostean. Aipatzekoa, Agustin aita, Hernaniko Udaletxeko zinegotzi izan zela 1954. urte inguruan.

      Ezkondu aurretik ere, ganaduarentzako pentsuak, belardietarako ongarriak, eta hazitako patata saltzen zuten Agustin eta Tomas anaiek. Ogibide horri eutsi zion bere bizitza osoan Agustinek, nahiz eta etxean behi bat edo beste, zaldi bat eta oilo batzuk ere urte askotan izan zituen. Ama, Pilar, joaten zen Donostiako San Martingo merkatura etxeko esne eta barazkiak saltzera.

      Biltegiaren ardura Agustinek bazuen ere, laster hasi zen Antonio, semea, zakuak alde batetik bestera mugitzen eta aitari kamioia kargatzen. Guztiz ezaguna auzoan Agustin Estubegikoak zuen kamioi berdea, manibelari eraginez motorra martxan jarri eta pentsu partiketan erabiltzen zuena. Baita telefonoa ere, hango eta hemengo enkarguak jaso eta auzokoek larrialdietan mediku eta albaitariari deitzeko hainbat bider erabilitakoa.

      Aitak duela hirurogeita urte gehiago abian jarritako pentsu biltegia da egun Antonioren bizibidea.

Estubegi | Estubegi Berri | Galarreta